Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Barne errimak poeten sindikatuan
Iragan zurbilaren balada barregarria
Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Barne errimak poeten sindikatuan
Iragan zurbilaren balada barregarria
HAUTAKRITIKA BATERAKO
ZIRRIBORROA
izan ninteke larru latzeko lanbroa
izan ninteke labe hotzeko eguzkia
izan ninteke tristuran sartutako meatzaria
izan ninteke ahoa salduko ez duen prostituta
izan ninteke belearen mokorako kondarra
izan ninteke errurik ez daukan aitzakia
izan ninteke nire amak balekiko umezurtza
izan ninteke eskubiderik gabeko zoriontsua
izan ninteke apaingarrizko eztula
izan ninteke bietarik uztartzen ez den idia
izan ninteke lo galduko nagia
izan ninteke balezakeen elbarria
izan ninteke hanka bat saldutako bidekoa
izan ninteke bere neurriak hartzen ez dakien zurgina
izan ninteke ateri nahi ez lukeen bustia
izan ninteke goragoko gogorik ez daukan narrastia
izan ninteke behiek zer hausnartzen duten
ez dakien harakina
izan ninteke zertara behartuko duzuen
badakien managaitza
izan ninteke besterik behar ez duen eskekoa
izan ninteke eskeko herritarra
izan nahi ez duen herritarra
izan ninteke erretzen ez duen ikazkina
izan ninteke uso pausoko gerlaria
izan ninteke handiagokoak ahantzitako zartatua
izan ninteke zer esanik ez dagoenean
isiltzen ez dakien marmarra
izan ninteke hilobira kexatu gabe ezin duen ilintia
izan ninteke irratiak itzalitako musikaria
izan ninteke gurasoak alderdikoak ez zituen bizkaitarra
izan ninteke ardoa ematurik
zauria sendatzen ez zaion oinazea
izan ninteke oinperatuak erruki dituen internauta
izan ninteke errukiak min ematen duela
ikasia den burdina
izan ninteke perla baino perla barruko
hondarra izan nahi duen alea
izan ninteke harri honek hartan edo hontan
iraun dezan nahi ez duen olerkaria
izan ninteke aljeriarrari ez dela frantsesa
esaten dion inozoa
izan ninteke sahararrari bera ere sahararra dela
esaten dion sahatsa
izan ninteke irlandarra izan nahi ez lukeen abertzalea
izan ninteke
izan ninteke
izan ninteke hegan urgun dagien ameslaria
izan ninteke urrun bizi den etxekoia
izan ninteke erraz apurtzeko atalaga
izan ninteke iraultzailea izateko txipiegia den burgesa
izan ninteke musutrukeko maitalea
izan ninteke auzolotsa izaten duen auzotarra
izan ninteke pankarta ostean harrotzen ez den sumindua
izan ninteke kontzientzia onek ahanzten duten zera
izan ninteke ordu txikietako baikorra
izan ninteke enbor gainetik jaitsi nahi ez duen garaitua
izan ninteke bere hizkuntza maite duen totela
izan ninteke hotzarena kendu behar zaion igarlea
izan ninteke argia pizturik uzten duen eztabaidazalea
izan ninteke ohea irakurtzeko ere behar duen ezjakina
izan ninteke su oneko albistea
izan ninteke zure onera etorritako okerra
izan ninteke ikasi nahi ez duena dakien makilatua
izan ninteke gazitarako balio ez duen haragia
izan ninteke egun argitan galdutako sonanbulua
izan ninteke egunean eguneko zergaduna
izan ninteke egunero erortzen den mozorroa
izan ninteke beti ez dela egun izanen uste duen ezkorra
izan ninteke ikusi ala ez ikusiko kea
izan ninteke eguzkia noraezeko zapia
izan ninteke ametsetan lo hartzen ez duen liluratua
izan ninteke hankak zuritu gabeko iheslaria
izan ninteke aberastasun bakarra daukan konformista
izan ninteke new yorken izan ez den mundutarra
izan ninteke sakelan atlas bat daraman baserritarra
izan ninteke zaindu hadi esanen ez duen adiskidea
izan ninteke izarrak baino hondarrak
ugariagoak direla uste duen idealista
izan ninteke bihotzak irteerak badituela
uste duen mindua
izan ninteke linterna matxuratuak maite dituen filosofoa
izan ninteke dena suntsitutakoan zer edo zer
azalduko dela uste duen zomorroa
izan ninteke
izan ninteke
izan ninteke ganbarara igo gabeko teilagina
izan ninteke bidezkoa oteko bitartekaria
izan ninteke ote arteko sasia
izan ninteke loreek larrututako laharra
izan ninteke bere neurriko zapata behar duen oinezkoa
izan ninteke tu egiten duen guztia
karkaxa ez duen malderra
izan ninteke urkaberako balio ez duen haizea
izan ninteke burua geroko lepotik daukan salatua
izan ninteke ospel bereko zigortua
izan ninteke aldez aurretiko ezkerrekoa
izan ninteke euriari zein hodeitarik
galdetzen ez dion bertakoa
izan ninteke apatridaren aberriko hauteslea
izan ninteke sardea satsetik atera ezinik ari den teorikoa
izan ninteke paperik behar ez duen hitza
izan ninteke ipuinez bete zuten kalabaza
izan ninteke isiltzen dudan zerbait
izan ninteke epelean hoztutako gizonezkoa
izan ninteke urrea urruneko bilatzailea
izan ninteke odola ultzeratik doakion emailea
izan ninteke erromako zubitik doan itzaina
izan ninteke vietnamita bat
ohean gordea daukan mutilzaharra
izan ninteke lehenik egin eta gero
ezpentsatu egiten duen zuhurra
izan ninteke kolkoa bete asuneko sendalaria
izan ninteke jo beharreko atean
ikaratu egiten den mezularia
izan ninteke laurdenak oso dituen zatikatua
izan ninteke breizen breiztarrak nagusi
kantatzen duen marrantatua
izan ninteke inoren muina
hurrupatu nahi ez duen iritziduna
izan ninteke izotz ondoko eguzkia ahula zaion izerditua
izan ninteke izerdia sekretuz betea dela
entzun duen forjaria
izan ninteke haizeari oldartzen zaion hostoa
izan ninteke bere malenkoniaren gauza badakien sentibera
izan ninteke bere ahotik jan behar duen mutua
izan ninteke halabeharrak huts egindakoa
izan ninteke saihetseko elorria ezin kenduko hedonista
izan ninteke askoren antzeko berezia
izan ninteke
izan ninteke
izan ninteke euliak ostiko emandako usteduna
izan ninteke egiak sinesten ez dituen galdetzailea
izan ninteke beste belarritik jalgitako esana
izan ninteke hitzak galdutako leiala
izan ninteke gatz erdiko kamikazea
izan ninteke bere bizitza aldatu ezinik
gizartea aldatu nahi lukeen hilotza
izan ninteke uhartez uharteko uhina
izan ninteke komunztadura arazo hau
demokraziak ekarri dion gramatikaria
izan ninteke ontzia betea delako edatailea
izan ninteke lantegietako esklaboekin batera
jaikiko den bulegaria
izan ninteke ibaietara nahi ez duen ontzia
izan ninteke bere mugatasunean
zorioneko bizi den anonimoa
izan ninteke basoa itsaso eta itsasoa baso
bihurtuko dela oroitzen den irakurlea
izan ninteke hamaika euskal herrietarik zein den
zinezkoa ez dakien antropologoa
izan ninteke non bizi den esan ezin duen maizterra
izan ninteke ozarrez nahasiko arrazoia
izan ninteke ausiki egiten ez dakien auzikaria
izan ninteke kendutakoan mina daukan harrobia
izan ninteke borroka bat galduta gerra osoa
galtzen hasten dela uste duen sindikalista
izan ninteke gustuko ordokirik ez daukan ibiltaria
izan ninteke harriak bakean uzteko eskubidea daukala
esaten dizuen legeostekoa
izan ninteke motzondoa moztera ez datorren azkarra
izan ninteke makurra makurtuko ez duen motela
izan ninteke dena gezurreko kontalaria
izan ninteke gazterik zahartu ez zuten hezia
izan ninteke isilik dakien eta hizketan dakien lekukoa
izan ninteke aldi galduak ardura ez dion presatua
izan ninteke larrua oso ez daukan heldua
izan ninteke amak musu kopetan emandako haurra
izan ninteke behaztopatzen ez duen harria
izan ninteke lur santurik aitortzen ez duen erromesa
izan ninteke artean onik ezineko dohakabea
izan ninteke etorkizunak bidea ez dakiela
dakien kantoniera
izan ninteke kamera geldoan ikusi nuen
besarkada hartako etxeratua
izan ninteke oiloluma eskuan hartuko ez duen idazlea
izan ninteke
izan ninteke
izan ninteke igitaia garitan probatzen ez duen jornalaria
izan ninteke bidebieta eta ategorrieta artean
ibilitako zalantzatia
izan ninteke arrapostu askoren galdera asmatzeko
gauza ez den entzulea
izan ninteke loreak ardia jan lezakeela
jan lezakeen printzea
izan ninteke oraingoan hautsi eta
hurrengoan jausiko den hauskorra
izan ninteke otoitza baino ortotsa nahiago duen abadea
izan ninteke galduz iristen den mandataria
izan ninteke sortu bako uretan bustitako gabarraria
izan ninteke ukabilak sakeletan gordetzen dituen
mendekatzailea
izan ninteke ezinik badaukan eskuduna
izan ninteke harramazka egiten duen portzelanazko katua
izan ninteke zurian beltzeko petrala
izan ninteke harian ezagun den zauria
izan ninteke azpikontratako garuna
izan ninteke iturengo arrotza
izan ninteke bere gaiztotik aterako ez duzuen onbera
izan ninteke eskaileretan behera
itsasora iritsi den menditarra
izan ninteke taupadak pausoekin
batera doazkion abokatua
izan ninteke orbela trena geldiarazten ikusi duen gidaria
izan ninteke urak eramandako hitzak
aterpetzen dituen errota
izan ninteke dantzan ez dakien zuberotarra
izan ninteke lanari lotua
gauaren sorgina luzatzen duen zulatzailea
izan ninteke zozo batek kantari jartzen duen zozoa
izan ninteke harrizkoa ez den orri bateko izena
izan ninteke auzoko ezkila ere entzuten duen bakartia
izan ninteke berriz damutuko zaidan asaldatua
izan ninteke esaten duena guztiz sinesten ez duen egiatia
izan ninteke leihotik euromisilak
festan ikusten dituen beduinoa
izan ninteke hodeietaraino hazitako
zuhaitzik ikusi ez duen basozaina
izan ninteke jator askoa edo harjoa
izan ninteke bezperako ogia ere jaten duen soldatapekoa
izan ninteke zer emana ematen duen behartsua
izan ninteke onenak emanen ez dituen doilorra
izan ninteke prentsako argazkitan bakarrik
azaldutako askoren laguna
izan ninteke
izan ninteke
izan ninteke ikusi batean ikusten ez den nabarmena
izan ninteke oraingoak oraingo pazientziaduna
izan ninteke ogirik ezean artorik nahi ez duen posibilista
izan ninteke gose grebarik egin gabeko morroilopekoa
izan ninteke txoroen atsegineko maisua
izan ninteke kea garra baino
gorago nahi ez lukeen harroa
izan ninteke aditz guztiak jokatzen ez dituen alfabetatua
izan ninteke hemen ez banengoko hauxe bera
izan ninteke dena baino denagoa den zatia
izan ninteke uhinen araberakoa nahi ez duen hondartza
izan ninteke itsura hobekoa
izan ninteke dekoratua hobetu nahi izan duen xaloa
izan ninteke zakurraren putza esaten duen hiritarra
izan ninteke heste laburreko jatuna
izan ninteke zerutiarrak ez diren
gorputzak maite dituen metafisikoa
izan ninteke bere aburuarekin
zakarrizketan diharduen haizea
izan ninteke gauza ez izateko gauza
izan ninteke babak eltzean sartzen dituen ergela
izan ninteke zaborretan bilatzen duen kimikari lirikoa
izan ninteke politikari irtenbideren bat
bilatzen dion zaborketaria
izan ninteke ez bururik ez buztinik daukan ikustekoa
izan ninteke buru bat eskas duen lepoa
izan ninteke preziorik gabeko ondasunen tratularia
izan ninteke mirua zuritzen duen ekonomialaria
izan ninteke hitzak janzteko ez dagoen kritikaria
izan ninteke ezbeharrean sortutakoa
izan ninteke behakoa beste nonbait daukan zelataria
izan ninteke zer ikusia egiten duen ezaguna
izan ninteke gibela behar duen aurrerazalea
izan ninteke balantza aldera erortzen ez den egoskorra
izan ninteke uzten didazuenerainoko zabala
izan ninteke ahal duen neurriko adostezina
izan ninteke besterik ez dakielako halakoxea
izan ninteke ni hau edo hura naiz
esaten ausartzen ez den poeta
izan ninteke barrugorritan egindako aitortza
ez daukat beste aukerarik
izan nintekeen hauteslea naiz