Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

PARISEN BIZI NAIZ

 

eta parisen bizi naizelako naiz

beste inora ezeko

hementxe dauzkat

txunditzen nauten gauzarik arruntenak

egunero ikasten dut bertan

biharamunean bizitzeko atzendu beharrekoren bat

eta louvreraino joan behar izan gabe

arruntean eztitzen nau ikusgarritasunak

euria hasten duenean

hemen eraso egiten duenean

teilatuak bustitzen baitira aurrena

leihoan gelditzen naiz

arrain ezkatak diren teilei beha

nire damu guztiak kolkoan

euriak inon ez bezala bustitzen du hemen

eta euririk ez denean berriz

zink idorraren hautsa goiak duela kolore

gelditzen naiz etxean

non edo han euripean

elkorrik edo elkarrik doazenez pentsatzen

 

argiak antzo hitzak lausoan

fou de paris?

si si si!

parisen bizi naiz

marrutxipi izeneko auzoan

 

parisen bizi naizelako

promenatzen naiz sena doan bezain nagi

mirabeau zubi guztietarik

hiriaren galanta miretsiz turistei esaten diedala

badakizue non zaudeten?

badakizue muino hau ez dela montmartre?

badakizue burdina puska hori ez dela eiffelek egina?

badakizue berlinek ez daukala honen parekorik?

baietz egiten didate kopetarekin behi guztiek

japonieraz egin banie bezala

karrika artean galtzen naiz neu ere turista

michelin gidan ageri ez diren kantailak

deskubritzen ditut egunero

zementuzko leizeak hondakin apainduak

amorru nekatuak pareta berrien aurka

nor den ez dakidan baten diosala

zintarri garbiak laprast eraginik amildu naizen agerraldian

zer bete dute agindu zigutenetik?

eta nahikoa galdu naizenean

horra hor ni neu gogoetan berandutua

non ote nagoen oraintxe galdezka nire buruari

zer hiri mota den hau

zer asma nezakeen hemen ez egoteko

 

mundua esku berrehun pausoan

peur de paris?

si si si!

parisen bizi naiz

marrutxipi izeneko auzoan

 

zoragarria da hiri hau

tuilerieseko txolarreak datoz balkoira

loreen lurraren harrotzera

zazpi katurekin bizi dut behean

zetazko ikararen azpian bustirik posatzen duen modeloa

amonalisa eta jose manuel berriz aurrez aurre

ez koadrokoa, elur-mamikoa

malenkoniak hartzen nauelarik

norteko geltoki gaineko zubira joan ninteke

urruntzen diren trenei beha

ahosoinuan maitia non ziraren notak bilatzeko

hemen maiatz bat ukan zuen urteak behin

ikas genezan

gaztetzeak beldurra ematen diola zaharrari

hondartzaren azpian dauzkagula

titirik irmoenak lako harriak zer deritzozue

entzun nik entzuten dudana

eta bekatuak banatzen dizkigun sacré-coeur ankerra

eraitsiko bagenu goi horretarik?

eta kabareta bihurtuko bagenu museo arkeologikoa?

eta su emanen bagenio area erromantikoari?

eta bestelako hiri bat asmatuko bagenu?

parisen bizi naizelako

dauzkat hemen uhinak maizter

marrutxipi deritzan auzoko

hogeita hamabostean, hirugarrena ezker

euria sortzen paris sortzeko

 

non datorren galerna itsasoan

la mer à paris?

si si si!

parisen bizi naiz

izan eta ezin biak partxoan

 

eta parisen bizi ez naizelako

promenatzen naiz sena doan bezain nagusi

mirabeau zubi guztietarik

hiriaren alferra miretsiz bertakoei esaten diedala

badakizue non zaudeten?

badakizue hiri hau ez dugula guk eraiki?

badakizue zer dagoen hango muinoez haraindi?

ez ulertua egiten didate

euskaraz ariko banintz bezala

hiriostean galtzen naiz neu ere besterako biztanle

michelin gidan ageri ez diren kantagaiak

deskubritzen ditut egunero

zakur gorotza baino egoskorrago

itsasten zait paris oinetakoen zolan

urratsez urrats igeltseroak okinak

grebalariak ikasle alegerak luzeko langabetuak

paradisu bila galdutako guztiak batzen zaizkit

etxetik irten orduko euria hasi orduko

hemen euria ari duenean

pitzatuak bustitzen baitira aurrena

fabrika abandonatuan sartzen gara

metalografia aretoko mahaian

atzo utzi garagardo latak biltzera

egin behar genituzkeen guztiak asmatuz

euriak inon ez bezala hunkitzen baitu hemen

eta euririk ez denean berriz

deskutsatu gabeko lurra beheak duela kolore

gelditzen naiz etxean

parisen euripe ibiliko naizen hartaz pentsatzen

 

hiri bat ederraren ertzean

la merde à paris?

si si si!

parisen bizi naiz

bestelako aukerarik ezean