Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

IBON SARASOLAK ERRUA

 

suteak sortzen zituzten tarteka jaizkibel mendian

bikaina ikusmira bikaina

laster helduko zen pinu erre kiratsa

baina gau gehienetan ilargiari beha egoten nintzen

zerura edo igelik gabeko portuko putzura

etsiak jota

azkazaljale amorratu

nire gaztetasuna ezin sendaturik

noiz ere ibon sarasolak poesia sortu zuen

ilargia apurtuta

 

horregatik diot ibon sarasolak daukala errua

harrika eman zion ilargiari

eta apurkada hartarik sortu ziren izarrak

 

ekintza noble bat izan zen ekintza gaztea

eskuzabala ukabildua

ondorioak kalkulatu gabekoa

ilargia bat zen eta milioika dauzkagu orain izarrak

ilargia harri barruan geneukan

eta izarrak urrun bizi dira

ekintza poetiko bat izan zen

arazo handi bat konpondu zuen handiago bat sortzeko

 

ukondoak leihoan egoten naiz gauari

afalondoko auzo pipazaleen antzera

pinu erre usainik gabe

aldizka izarrak ageri zaizkigu teilatu artean

baina ez dut hasperen egiten

azkazalei behatzen diet

egon-maina dekadente bat, aitor dut

 

ez naiz gaztea eta ez daukat indar handirik besoan

arazoak anitz dira orain eta urrun dagoz konpontzeko

poesia etsiak jota dagoela entzun eta ezin hasi harrika