Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

BENEDICTINE

 

portu aldetik geltokiko burdinbide saila

liburu bateko lerroak iduri

haratago moila transatlantikoa

baskularen eraikin modernista txipiarekin

bagoiekin traktoreekin lokomotorekin

garabiak higidura dotoreetan bodegak husten

baforeak lurrun zurrutak jaurtika pilotuari deika

 

nahiago hil!

 

likore fabrikak harrobi aldetik

marie brizard publizitatea paretan lau margoz handi

licorera vasca burdinazko hizki gorriekin

benedictine bere usainarekin

suedia eta norvegiako kontsulatua bere arranoekin

kontsularen alabak masta baino tenteago

medikuarenak bizikletan espaloitik

sardintzar kutxak elizako arrosa-leiho

gartziandiareneko fruta artean

 

nahiago hil!

baten batek belarrira

 

bizia zen hiriburuak gainbeheran utzia zuen

ibili samurreko malda hau

gorpuak ere handik gora joaten zituzten hilerrira

gure lagunen baten anaia txipia

gurutze prozesionalarekin

apaiza haren atzetik estola lepoan

misala eta zigarroa esku banatan

musika bandako batzuk metal doinu ilunean

eta ni beherantz trenbide aldeko espaloitik

beste inor ez

benedictineko anis eta limoi usainean xarmaturik

 

nahiago hil!

ez zen hildakoa izan

hildakoa hila bazen

 

lantegiko atarira irten ziren

benedictineko emakumeak

gazteenak ez ziren sinatu gurutzea pasatzean

malda hartan bertan azalduko zen lehenago

florentino anaien kamioneta

ur arrasto bat utziz makadamean

odol arrasto bat

gau oroz eginiko krimenaren froga zekarten

kako zorrotz beldurgarri hura gangster pelikula bat

tabernetara banatzeko

izotz blokeak apurtuz garbitzen zutena

nor izan ote zen zergatik niri belarrira

zer baino nahiago

institutuko lanetan hasten nintzen aldiro

atelier mekaniko zaharraren gaineko gela nagusian

lanpararen ondoan

aitak egina benedictine botila bereziarekin

 

nahiago hil!

baten batek belarrira

nahiago hil!

ez zen hildakoa izan

hildakoa hila bazen

 

bazen zer edo zer

fuelaz eta kresalaz eta alkoholaz haratago

hiriak gainbehera bultzatutako errepide zati honetan

isileko zer edo zer ozeneko zer edo zer