Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
BUFOIEN TROPELA
Bihotzaren ideologia razional bat
publikatuko dut airean.
Maskara jantziko dut biluzteko.
Garenaren eztandarekin zatituko dut ahotsa.
Gu. Garailerik eta garaiturik gabeko garaietan.
Gu. Etekinaren bezperako gauetan.
Ahora eramanez orainak,
ahora ekarriz ordainak,
atzizkietan harrapatuz aditzen kaiolak.
Gu. Uneen memoria soldataren erbestean.
Gu. Mirari erratuak.
Gu. Zaramaren oroitzapenak.
Zabuka ederresten isiltasuna,
bandera mutuak erdituz haizearen kalparrean,
mugimendua adierazten duten berbak lehenetsiz
poesiarik ez duten poemen errailetan.
Gu. Igandeei kenduz eman.
Gu. Oporrak luzatuz goizetan.
Gu. Bagarena bilatuz besteetan.
Bihotzaren politika herrena,
oraina mintzo duen lehengoaia,
zilegitasunaren aldarri itoa,
besarkada baten eldarnioa.
Gu. Izan zirelako gara.
Gu. Ez garelako zatika dira.
Gu. Uneak askatuz lurraldeak bailiran.
Laino arteko mugimendua
esku baten dardarara ekarria,
algara hautsi baten pausalekura,
ibilera baten zurrumurru basatira.
Gu. Koroaren ahots ebakia.
Gu. Bazkal osteko kantuen zirrara.
Gu. Zauri bakoitzaren kemena.