Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

ZORION INPERFEKTU HAU

 

Gaur ez da hondartza eguna guretzat.

Pantailaren aurrean eseri eta

zauriok lerrokatu ditut,

aldameneko gelan

akiturik etzanda zauden bitartean.

Horrelako egunetan beldur naiz

ez ote naizen ni ere

zure gorputzak bizi duen zamaren orube.

Zein neurritan izango zinen beste bat

(ezberdinagoa, zoriontsuagoa)

elkarrekin bizi ez bagina?

Zein neurritan izango nintzen beste bat

(lasaiagoa, egonkorragoa)

elkarri lotu ez bagintzaizkio?

Ez gara inork idatzitako

biografia baten jabe,

baizik eta abailen egarri diren

hankarte guztien adin berekoak,

inork gutxik ulertuko dituen lanak egiteko

lanak hartzen ditugunean

militantziaren zirku gorabeheratsu honetan.

Gaur ez da hondartza eguna guretzat

eta izan zitekeen,

egutegira kateatzeak ematen duen

lasaitasunean harpide izan bagina gu ere

eta ez fereken gose izatetik

ferekak ments izatera

beti azkarregi pasatu diren

gorputz zigortuak.

Bizi dugun munduaren parte gara

hala ez denean ere.

Gaur hondartza eguna izan zitekeen

zu aldameneko gelan akiturik eta

ni zauri ezdeus hauek lerrokatzen

egongo ez bagina, hemendik gutxira

inora ez doan bidaia hasi aurretik.

Zorion arraro eta inperfektu hau

topatu ez bagenu

bizi gabe utzitakoen karelean.