Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

BRUSELA EZ DA EXISTITZEN

 

 

        BIGARREN ESKUKOAK

 

Bigarren eskuko objektuak balira bezala

saltzen dituzte oroitzapenak

Waterloo kalean: iragan zatiak,

zeinei memoria ukatzen zaien

egunerokotasuna fikzioa denean.

 

Klandestinitatera derrigortu dut neure burua,

bake aroan ere adi egotearren.

Errealitatea fikziotik at asmatu,

oholtzatik eta orri zuritik harago

bizi den irudimena edo iraultza.

Zigarro bat erre terraza hotz batean

erretzailea izan gabe,

unearen mapak ezbaian jartzearren.

 

Bulkada eramangarri honek

manikien ezinegonari kantatuko lioke,

plastikozko zurruntasunetik askatzeko

urtaro berri bati: bosgarren urtaroari,

plastikozko loreen sasoiari.

 

 

        GHETTO

 

Txotxongiloen kanposantu bat behar du

hiriaren plano honek.

Europaren bihotza dioten lekuan

Matonge auzoa da taupada posible bakarra,

Afrikako zauria den kalea,

dantzarako prest dagoen asteguna.

Ileorde horiak harrotasunaren seinale,

la vie est belle oihukatzen duen emakumea

gerri mugimenduan izoztua.

Jela iluna da hemen, azalekoa,

arriskutsua bezain liraina.

Zuritasunak begiak itotzen ditu

arrazakeriaren kontrako larderia ahoskatuz

alkoholaren ertzetik,

ehun eta hogei kilo odol

listua kolonizatzeko prest.

Baztertuen leinukoa naiz gaur ere,

periferia samurren baitakoa,

ahozko literatura beltzaren ezpalekoa.

Etxean nago

une batez hemen.

 

 

        HETERRORISTA

 

Terrazaren aurretik pasatzean

ezpainetan pausatu du kea, niri so.

Geyper Man honen zurruntasunak ez du jakin

soka tenteen laguntzarik gabe zakiltzen.

Komun estuen free land bat

atxikirik darama ahoan, isilik,

heterorrista naizenetz zalantzan.

Ez dut aberria aipatu behar izan

ez diren lekuetakoa nagoela aitortzeko.