Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

HARRESI ETZANA

 

Ni naiz Berlin.

Ezagutu ez dudan hiriaren zama

zeharkatu gabeko historiaren aberria

binilozko ildoen zimurrak

eztia eta erleak.

 

Ni naiz Berlin.

Etzanda nagoen harrizko horman

adreiluzko belaunak

bihotz okupatua.

 

Sortu da eguna

arrotz zaizkidan kaleetan

bisaietan

esku hotzetan.

 

Ni naiz Berlin.

Mihien hezurdurak

liburu herrenen oroitzapenak.

 

Historia iragana da beti

baina ez telefono eskegia

fereka uzkurra.

 

Gezurraren luzerako lerrorik gabe

gordeko ditut eztanda konpartituak

kafe hutsean.

Norbera den oro dago munduaren bestaldean

gatoz haragiko ezpata

gatoz amildegi ziur

gatoz garaipen inperfektu

gatoz eta joan

bazoaz.

 

Une hau garaipen bat da

Berlin!

iraganak bata bestearen gainean

pilatzen dituen kanta

ohe baten pareko harresi etzana

 

Porrota diot eta gezurra da

manifestuak ekiditeko etena besterik ez

esan nizun nik taldearen kontzertua

bertan behera uzteko unea

garaia duzu denei erdeinua adierazteko

estrategia gupidagabea.

 

Arkatza Zarata Galera Zirrimarra

 

Egunsentiaren kalparrean

zabaldu zait inoren biluztasuna

atxiki dut keria bat hankarteaz

baina gaur ezustea naiz ezeren gainetik.

 

Etzanda egon eta horma esan.

Berlin!

 

Murrua izan eta espaloia

espaloia izan eta orri zuria

orri zuria izan eta etxe hutsa

etxe hutsa izan eta paretaren izerdia

paretaren izerdia izan eta mailuaren iltzea

mailuaren iltzea izan eta ahatearen aharrausia...

baina Berlin.

 

Hodiak Kableak Hortzak Kea

 

Egun on Berlin, zer da hormarik gabe bizitzea?

diost iratzargailuak eztulka.

Eskua luzatu eta eskua izan erantzun diot.

 

Berlin!

Kondoi jendearen hiria!

Argi elektrikoa!

Maindire nahasia!

Eskua! Besoa! Galtzarbea!

 

Lanera joateko prest

dutxatik irten zara.

Zu

hormaren bestaldean zauden

hori

zure biluztasuna

galera handi bat da

nire biografiarentzat.

Laztandu nahi zaitut baina bazoaz.

Arropa iseka larri baten moduan jantzi duzu.

Eskua luzatu eta eskua izan.

Agur. Gero arte.

 

Umela Kandela Kristala Herdoila Kartoia Aulkia

 

Behatz guztiak ditut oraindik.

Ni naiz Berlin

eta nire oinak ikus ditzaket goian.

Atzazal fin eta mozteko errazak

ugerraren arrastoak erpuruen ertzean.

Adinak zuria diost nonahi

baina nire urratsetan

ez da biloa korapilatzen.

 

Flanela Itzala Egutegia Egurra

Galtzerdien hautsa atzazal artean.

Aurpegi bakarra dut oin hauentzat.

 

Ni naiz Berlin!

Liburu erreak

ate eroriak

aingeru poetak

aforismo erbesteratuak.

 

Goizean Berlin diodan moduan

izango naiz Gaza arratsean.

Baina ezustea ezeren gainetik.

 

Argi elektrikoa Maindire nahasia Eskua Besoa Galtzarbea

 

Berriro eranzteko plangintza sekretua.

Kontrakoa esango dizudan arren

ez dut etsiko:

ezagutu ez dudan hiriaren zama

zeharkatu ez dudan historiaren aberria

binilozko ildoen zimurrak

eztia eta erleak.

 

Eskua luzatu eta eskua izan.

Joanean zatoz. Eta nik une hau

garaipen bat dela erabaki dut:

etzanda nagoen harrizko horman

adreiluzko belaunak

bihotz okupatua.