Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
ABSENTZIA
Keinu bakar batean bizi den hilotza.
Ilusio zendua.
Ez dago lekurik metaforarentzat.
Objektu probokatzailea da manikia,
ironikoa, gizakiari egindako iseka larria.
Arimaren absentziari esker
heriotzaren parekoa.
Amaieraren osteko minutuetan
haren antza du gizakiak.
Horregatik dira gupidagabeak,
akaberaren imitazio errealistak.
Gure heriotza propioari so gabiltza haietan:
izaki hutsak, behinolako desio momifikatuak,
erakarpena eta bazterketa sortzen digutenak.
Izakiaren antza txertaturik darama manikiak
ala pertsonak gara haien keinuen zama daukagunak?
Badira manikiak diren pertsonak eta estatuak,
besteen begiradei erantzuteko ezgai,
bizi osorako aurpegieran gatibu, zurbil eta zuhur.
Ezinaren hizkuntza izan nahi luke mututasunak,
auzoa irentsi berriz munduak
elkartasuna okatzearren,
berdintasuna inposatzearren.
Norberaren antza txertaturik darama manikiak
ala gu gara haien keinuen zama daukagunak?