Elkartasun basatia
Elkartasun basatia
2013, poesia
112 orrialde
978-84-92468-46-1
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2009, poesia
 

 

KONKORRA

 

                        Artea beti da politikoa

                        baita politikoa ez denean ere.

 

Itsusia den orok ideia propioak ditu

bizitzari buruz, gizarteari buruz,

norbere buruari buruz

eta batez ere besteei buruz.

 

                        Asperdura beti da politikoa

                        baita politikoa ez denean ere.

 

Itsusiaren definizioan datza norberaren itzala:

konkorra, herrena, musumotza.

Luza liteke zerrenda, ezerosoa dena ere itsusi:

lodia, argala, iletsua, burusoila.

Aise zabaltzen da deformitateen xenda:

homosexualitate jakin batzuk,

heterosexualitate bigunak,

hipotekara eramaten ez duten bideak,

esplotazioa, langabezia.

 

                        Lana beti da politikoa

                        baita politikoa ez denean ere.

 

Itsusiaren definizioan datza taldearen itzala:

horregatik eroetxeak, presondegiak,

kultur kritikari politikoak,

subentzio bigunak, tertulia ustelak.

Edertasunaren zentzu bat gal ez dadin,

oreka estetikoa eta ideologikoa

desorekatzen duenari zor zaiolako

laguntza edo erasoa.

 

                        Aisialdia beti da politikoa

                        baita politikoa ez denean ere.

 

Ideia propio oro

izan daitekeelako

konkor bat

jendartearen itzalean.

 

                        Edertasuna beti da politikoa

                        baita politikoa ez denean ere.