Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
TEMPUS
(Anakrusari zor)
Sekula ez nuen esperimentatu halako isiltasunik.
Lurrean bizilagunik egongo ez balitz bezala.
Samuel Beckett
Orbelak zirimolatan darabiltza haizeak.
baina abarrak ez dira hara eta hona okertzen.
Usoen marmarra bai. Usoen astrapala zoroa.
Haizeak eramandako hostoen bila usoak.
Haurrak jolasean. Haurrak harriak jaurtitzen.
Joan diren egunak iragartzen dituzten egunkari orriak.
Haizeak urrun daramatza udagoieneko orbelak.
Zapatak erantzi eta belarretan utzi zituen.
Txikiak ziren bere oinak.
Nire eskuen tamainakoak.
Zapata hutsak belarretan.
Haizea sartzen zen zapatetan.
Haizeak udagoieneko azken hostoak eraman zituen,
zapata hutsak belar gainean haizea okatzen.
Bere oinei begira igaro zen udagoiena.
Bere oinei begira igaro zen negua.
Bere oinei begira igaro zen udalehena.
Amaitu egiten dira egun guztiak
baina orduko hura ez.
Nire oinei begiratu eta barre egin zuen.
Handiak ziren nire oinak.
Bere zapatak laztandu nituen astiro.
Bere zapaten leuntasuna,
larru hotza, biguntasuna.
Nire oinei begiratu eta barre egin zuen.
Bere zapaten barruan sartu nituen nire oinak
eta betirako isildu zen.
Amaitu egiten dira egun guztiak
baina orduko hura ez.
Eta nik amaiera bat nahi dut,
amaiera bat behar dut.
Zapata hutsak belar gainean haizea okatzen.
Kantu bat oinutsik.
Lili bat hartu eta hostoz hosto erantzi
eta harek zu ere... Harek zu ere zer?
Lili bat hartu eta hostoz hosto erantzi...
Nor zinen egun hartan? Jakin nahi al duzu?
Nik esango dizut: txikiak ziren zure oinak.
Orbelak zirimolatan darabiltza haizeak.
baina abarrak ez dira hara eta hona okertzen.
Zapatak erantzi eta belarretan utzi zenituen.
Txikiak ziren zure oinak.
Nire eskuen tamainakoak.
Zapata hutsak belarretan.
Haizea sartzen zen zure zapatetan.
Haizeak udagoieneko azken hostoak eraman zituen,
zapata hutsak belar gainean haizea okatzen.
Nire oin handiak sartu nituen
zure zapata txikietan
eta betirako isildu zinen.
Harrezkero isiltasuna baino ezin dut entzun,
eta nik amaiera bat nahi dut,
amaiera bat behar dut,
nahiz eta... nire oin handiekin
zure zapata txikiak apurtu.
Lili bat hartu eta hostoz hosto erantzi
eta harek zu ere amets
eta harek zu ere erantzi
Egun hartaz geratzen dena.
Ni, soilik ni.
Egun haren amaiera.
Ni, bakarrik ni.
Nahiz eta nire oin handiekin
zure zapata txikiak apurtu.
Haizea okatzen dut ito arte.
Haizea okatzen dut noizbait
oin txikiak dituen norbaitek
belarretan utzitako zapatek
okatzen duten haizea izan arte.