Iratzeen esporak
Iratzeen esporak
2009, poesia
80 orrialde
978-84-92468-15-7
azala: Maite Yurrebaso
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2002, poesia
1998, poesia
 

 

HILKETA IRUDIMENEAN

 

Zure begiek honezkero badaukate

bizitzaren zornea

imanak honezkero badauka iparra

zugan bizi dira beldurra

eta esperantza

zoramena

larrutaldiak dutxan

arratoiak ohean

eta putzuen ikuskizuna ordokietan.

Iritsi zara bertara, ez dago inor:

forma bat uretan

ez dena forma bat uretan

ezpada gorpu zuri bat

ez dagoena bizirik, ez dena usteltzen

ikusezina dena

zu bezala.

 

Maite zaitu, ea kontuan jausten zaren.

Seinale bat behar duzu?

Hemen daukazu:

ardoa bere bularren artetik erortzen.

 

Begiak zabalik larrua jo zeniola

gogoratzen duela diotsu

samurtasunez diotsu

uhal eta alkohol eta mehatxuen

lehen egun hartan bezala

samurtasunez diotsu

bonba-autoaren atzeko eserlekuan bezala

samurtasunez diotsu

lorategian bezala, festaren ostean

belar gainean etzanda, zigarroa ahoan

aire epela, zer gehiago behar duzu?

Zer gehiago?

 

Izter mehe gosetiak eta orbainak

itzul zaitez, esaiozu behingoz:

ez zarela bahiketaren

egunean bezain

zoriontsua izan sekula.

 

Biluzik, manta bat aldean,

lupetza

erlijio apur bat

itsutasuna

masokismoa

argia

labanak

esan egin behar diozu

izan dadila orain, izan dadila orain

zuon hil-musuarekin

masturbatu ahal izango gara besteok

urteetan

urteetan

urteetan.