Iratzeen esporak
Iratzeen esporak
2009, poesia
80 orrialde
978-84-92468-15-7
azala: Maite Yurrebaso
Igor Estankona
1977, Artea
 
2020, poesia
2002, poesia
1998, poesia
 

 

PAISAJEA

 

Suge bat bezain hotz, errepidea

suge bat bezain hotz dago

goizaldeko bostetan

gauaren amaierarantz gidatzen duzu

giza arraza lo dago

eta zure autoaren motorrak

orri hilak erorarazten ditu

haritzetatik.

Heriotza salbak, beleek

heriotza salbak jaurtitzen dizkizute

gidatu, gida ezazu adi,

haizea txistuka ari da

kapotaren gainetik.

Orain dela minutu bat bost gradu zeuden

orain markatzen ditu bi,

izotzezko tunelean zehar

ezin atseden hartu.

Zaude itzarrik

ez kendu begirik

asfaltoaren ibilbide distiratsutik,

senti ezazu zelan pozoitzen zaizun arima

distantziaren likido urdinarekin.

Denbora arraroetara bueltatu zara

herriko zaharrak jaio baino

urte batzuk geroago,

baina herria sano atzean dago jadanik

orain gasolioaren eta olioaren

eterrean gidatzen zoaz,

aurpegiak ageri dira itsasoan,

baina ez zaude itsasoan jadanik

orain gasolioaren eta olioaren

eterrean igeri zoaz,

azken bururaino.

Goizaren zarata da

airearen himena apurtzen duenean,

zure autoaren motorra da

soinu-langa apurtzen duenean,

ez da goizaldea ez da gaua

ez da ez bata ez bestea

bidaiaren momentu jakin bat da

non zu izateari uzten diozun betiko.