Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2013, poesia
 

 

AKUILUAK

 

batzuetan belaunak uzkurtzen zaizkit

euritan biltzen haginak

batzuetan zalantzak leporatzen dizkit

isiltasunak

 

akuiluak asmatu sortu pentsatu

irudikatu nahi nituzke orduan

 

akuiluak dira

leporik aurkitzen ez duten masailak

ideia hautsiak

umore tristeak

akuiluak dira

aldarrikapen ezinduak

manifestu otzanak

izen abizen etzanak

 

akuiluak lotsaren bidean

abandonatutako argazkiak

mozkortiaren gezurrak

politikoaren egiak

 

akuiluak espaloiei neurria hartzeko

akuiluak ziurtasunak zartatzeko

akuiluak maitasunik sendoenak zauritu eta

maitale lehertuak zelatatzeko

 

akuiluekin jakin nezake

non biltzen diren isilpeko gatazkak

non jaio diren

garaipenak ordezkatu nahi dituzten

lore akastunak

 

akuiluak behar ditut minutuek oka egin ez dezaten

akuiluak behar ditut sinesmenak gaitzetsi eta

betileen ertzean konfiantza gailendu dadin

 

akuiluak zaborrarekin musikarik ederrena egiteko

irribarre metafisiko batekin

ile galduak behinola existitu zirela oroitzeko

 

akuiluak xumeki eta militanteki

zoriontsu izaten ausartzeko