Aurkibidea
TABAKALERAKO
ERREZITALA
(2006-04-04)
LIBURUA
Erbien omenaldia Mateo Soinuri
Amerikaren konkista ezinezkoa gertatzen bada ere kontsolagarri
Langue et civilisation françaises
Aurkibidea
TABAKALERAKO
ERREZITALA
(2006-04-04)
LIBURUA
Erbien omenaldia Mateo Soinuri
Amerikaren konkista ezinezkoa gertatzen bada ere kontsolagarri
Langue et civilisation françaises
AZKEN HONDOKO TABERNAN
azken hondoko tabernan edaten dut
azkenondokoak garela dakienaren soseguaz
suntsituen hezurrak berbatzen diren artean
inperioaren aurka poesia baliatu behar dugula
uste duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut
joanean datorren amorante ukatua naiz
saritzat emandako maitasuna ez da maitasuna
ez nuke ostrukatu nahi ardo amniotiko batean
eta poesia gure borroka bera denik
uste ez duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut
preso makilatuak zuhaitza salatzen duen bezala
erakusten du zauriak geziaren gramatika
baina sakrifizioak ez du Jainkoa frogatzen
martiri batzuk beren fedea baino ederragoak direla
uste duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut
autokritika eskatzen dut ez oinazearen mistika
ahularen kemenak urrikia sor badezake ere
jokamolde duin baten ordain datza erdi bi egina bou zaharra
munduak gu ez maitatzeko eskubidea duela
uste duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut
hezurrari grina erantsi nahi dion inozoa naiz
akelarrea antolatuko nuke Gernika erraustu berrian
euskaldunek hondoratu duten euskalduna naiz
sasiko amoranteen hilerri honek beste alderik ez duela
uste duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut
ez iezadazue galde nola iritsi nintzen hona
haginka utzi ninduten liburuek haragirik gabe
odolaz idatzi behar nuen azken esaldi hura
asmatu baino lehen geure buruaz besterik ezin dugula
uste duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut
nire antzeko inozoak bilatzen ditut
azken ondotik lehentasun berri bat sortuta
uhin egin ahal izateko errealitatera
poesiak bakarrik salba dezake Berlin
Berlinek bakarrik salba nazake ni
1997
Musika: Jexuxmai Lopetegi