Mugaldekoak
Mugaldekoak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-64-9
azala: Xabier Gantzarain
Edu Zelaieta
1973, Gasteiz
 
 

 

LASTERKA

 

Lasterka egin nahi dut lasterka

nire urtebetetzean egunak

eta urteak gibelean utzi

haize hotzak aurpegian kolpa nazala

bizirik nagoela oroitarazteko

 

Lasterka egin nahi dut lasterka

birikak oxigenoz ongi bete

ongi hustu eta berriz ere bete

sakelak ez diezadala bertze behin

bihotz gorria jendaurrean ebatsi

 

Ausarta izanen naiz ausarta

amodioaren enbatak berdindu

lotzen gaituen kontraerrana txikitu arte

orduan librea izanen naiz

nahi dudan erroitzean amiltzeko

 

Ororen gainetik

lasterka egin nahi dut lasterka

kartzelan sar nazatela

nire negar-malkoei arrazoia emanez

Erdi Aroko urkamenditik

inork ere ez nazala salba otoi!

 

Lasterka egin nahi dut lasterka

aitzinetik bildutako indarrak akitu arte

egunen batean geldituz gero

nekeak jota zentzudunen artean

patxadaz bizitzeko