Mugaldekoak
Mugaldekoak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-64-9
azala: Xabier Gantzarain
Edu Zelaieta
1973, Gasteiz
 
 

 

USTE MAITEAK

 

Guk ez dugu elkar maite, laztana.

Guk uste dugu elkar maite dugula.

Orain eta hemen elkarrekin bageunde,

elkarrenganako maitasunean urtuko ginateke

sutsuki. Ez gaude ordea,

ez orain eta ez hemen.

 

Guk hutsuneak maite ditugu, laztana.

Nahiz eta usu uste dugun

ez ditugula hutsuneak maite;

hutsuneak hutsune handiagoa ekartzen duelakoan.

Zer da haizea hutsune handi bat baizik?

Boladaka beroa, boladaka hotza.

 

Zerbait guziak ezerezaz osatzen ditugu,

gure hutsune maiteak bezala.

Guk uste dugu zuloak eta hutsuneak biribilak direla.

Baina, espazio geometrikotik at ere bada bertzelako espazioa.

Edo hala pentsatzen dugu: ez dakigunaren zuloak

dakigunaren bezainbertzeko espazioa betetzen duela.

 

Maitasunak ez du forma jakinik, ezagunik.

Barkatu, erran dezadan egia,

guk uste dugu maitasunak

ez duela forma jakinik.

Uste izateagatik ere, uste izaten dugu

maitasuna, justiziaren antzera, itsua dela.

 

Eta hementxe nago

itsu gaixo baten

makilakadak jotzen.