MUSTILAKO ERREKA
Mila erreka emaritsu daude
infernura eramaten dutenak.
Mila erreka, mila istorio.
Maizter bizi gara
maizterrak garelako,
Iñarburu izeneko baserri abandonatuan.
Beltzak ikusitakoak gara
Mustilako errekan beheiti.
Ez dira samurrak bertako istorioak,
erreka urik gabe gelditu zenekoa adibide.
Errekak, ura izan edo ez,
errekak izaten dira beti.
Mugaldean, bereziki.
Orain, inor ez da Mustilaz oroitzen
ezta bere seme-alabez ere.
Hauek ez baitira mugaldean jaio
urrutiko hiri arrotz batean baizik.
Bertze mintzo bat dute, bertze izate bat,
mustilatarrak izan arren.
Aise ahantzi dituzte
inork kontatu ez dizkien istorioak.
Arrunt aise.