Mugaldekoak
Mugaldekoak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-64-9
azala: Xabier Gantzarain
Edu Zelaieta
1973, Gasteiz
 
 

 

MUGALDEKO DIALEKTOLOGOAREN AFERA

 

Attari

 

Aitak,

zirkunstantzia historiko-politiko-geografiko batzuen erruz,

erakutsi ez zidan euskara behar bezala ikasteko

euskal filologia egiteko erabakia hartu nuen.

 

Karrera bukatuta, aitak, lehengo zio berdinengatik,

erakutsi ez zidan euskalkian behar bezala solas egiteko

mugaldeko dialektologian doktoratzeko erabakia hartu nuen.

 

Azkenik, edo hobeki erran, hondarrean, erdietsi dut

desio nuena. Izan ere, orain aitarekin topatzen naizelarik

euskaraz egiten dugu, tarteka bada ere.

 

Elkar agurtzean erraten dit oharkabean: «Ondo izan».

Eta orduan nik,

zirkunstantzia historiko-politiko-geografiko batzuen erruz,

oroitarazten diot: «Ondo izan, ez, atta!,

hola ez baita erratten zure herrian,

zure herrian izan ongi erratten da».

 

Eta berak, ume ttiki batek ahantzi behar ez duen mandatua

ahantzi izanen balu bezala, arrazoia ematen dit buru-makur,

ni pozik edo kontent jarriz.