Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
 

 

APARTE-APARTEAN

 

Sei urterekin egin zuten lehen itsasoratzea aitak eta osabak,

eta patroitza Bustio baporean ikasi.

Gogorrak ziren garai hartako patroiak,

 

ekaitz egunetan ukabilak estutu eta zerura begira

«bizarrik badaukazu etorri hona!»

Jainkoari amenazo egiten zieten horietakoak.

 

Mutil koskorrak zirenean, igandeko mezetara

txandaka joan behar izaten zuten lau anaia nagusiek,

traje bakarra baitzen etxean. Bata elizatik etorri,

 

trajea erantzi, besteari eman

eta horrela joaten ziren mezetara,

nor bere orduan, nor bere zapatez.

 

Umetan, aita itsasotik iristen zen egunean,

portuko morro luzeenean egoten ginen zain

mendebaldera begira. Hasieran

 

ezer ikusten ez bazen ere, laster

antzematen zuen gutariko batek hodeiertzean

puntu beltz bat, pixkanaka itsasontzi bilakatzen zena.
Ordu beteren buruan heltzen zen ontzia morrora,

eta bira egiten zuen gure aurrean portura sartzeko.

Aitak agur egiten zigun eskuaz.

 

Ontzia igaro orduko, arineketan joaten ginen

atrakatu behar zuten tokira.

Aita ohean azkenetan zegoela ere

 

gorazarre egiten zion bizitzari,

eguna bizi behar dela esaten zigun,

beti arduratuta ibiliz gero ihes dagiela bizitzak.

 

Eta agintzen zuen: Beti iparralderago

joan behar duzue, ez da sarea bota behar

arraina ziur dagoela dakizuen tokian,

 

aparte-apartean bilatu behar da,

daukazuenarekin konformatu gabe.

«Heriotzak ez du irabaziko»

 

idatzi zuen Dylan Thomasek,

baina nonoiz irabazten du,

eta halaxe amatatu zen aitaren bizitza ere,

 

mendebaldera eginez

hodeiertzean galtzen zen itsasontzia bezala,

uberan oroitzapenak marraztuz.