BIDAZTIA SORTERRIAZ MINTZO DA
Betiko aberri galduaren
oroimen urruna. Ez dakigu
noiz galdu genuen: atzo ala bihar.
Sophia de Mello
Gure desertuan ez da harearik.
Metalezko hesia zeharkatu eta
autopistan futbolean jolasten duten
mutil koxkorrak badira.
Gure itsasoan ez da urik.
Mila zaldi urdin ziren uhinak.
Mila soldadurekin batera
eraman zituzten behin.
Gure desertuan ez da harearik.
Baina bada harresi erraldoia,
ezin ikusi dugun arren, hurretik,
oso hurretik inguratu gaituena.
Gure itsasoan ez da urik,
ez eta iraganaren uberarik.
Etorkizunak hondartzan dautza
malkoz eta ispilu hautsiez izorra.
Gure desertuan ez da urik.
Gure itsasoan ez da harearik.