AUTOBUSEAN
Mugarantz naraman autobusean
entzun dut atzeko bikotearen solasa:
Maite zaitut dio mutilak.
Zergatik? neskak.
Ez dakit... polita zarelako, agian.
Horregatik bakarrik maite nauzu?
Ez, beste zerbaitegatik ere izango da.
Zergatik orduan?
Ez dakit. Orain ez zait ezer bururatzen.
Beraz, ez nauzu maite.
Ba ez, ez zaitut maite dio mutilak.
Zergatik? neskak.
Veronan Trentora lanera doazen
puta nigeriar lirainak igo dira;
kantari egin dute ordubeteko bidea.
Adornoren liburua hartu dut berriro:
«Alemanez, boterea eta indarkeria hitz bera dira».
Munichera narama autobusak.