TEKNOLOGIA
Aitonak ez zekien irakurtzen,
ez zekien idazten. Hala ere kontalari
ezaguna zen herrian. Berak pizten zituen,
haurrez inguraturik, sanjuan suak.
Aitaren kaligrafia etzana zen, jantzia.
Doiki ehuntzen zuen papera,
arbela zizelatuko balu bezala.
Mahaian dut soldaduskatik igorritako postala:
«Yo bien, tú bien,
mándame cien».
Gure sasoian mezu elektronikoak
bidaltzen dizkiogu elkarri.
Hiru belaunalditan, egia da,
idazketaren historia luzea igaro dugu.
Dena den, kezkak, beldurrak
beti-betikoak dira, eta izango:
«Yo bien, tú bien...».