ZUBIAK
Bitartean. Bitartean. Hitz handiosak (Kultura, Artea, Herria, Maitasuna...) mesfidati begiratzen hasi ginenean, sinesmen horiek (edo sineskeria, berdin dio) galtzen hasi ginenean, ez gintuen hartu inolako depresio izugarrik. Garrantzizkoena genuen oraindik: bizitza (ez Bizitza, jakina, ezta orain eguneroko bizitza deitzen den mamu hori ere). Bizirik gaude eta bizitzera kondenaturik, Margaret Atwood-ek esan bezala. Emozioak eta sentsazioak geure-geureak dira oraindik. Eta keinuak. Horregatik, bizirik gauden bitartean ez ditugu nahi (ez ditugu behar) hitz handios horiek. Ez dugu Maitasunik eta kontu faltsurik nahi, baina maitasunaren keinurik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea, gure bizitzaren bukaera (egia bakarra) iritsi bitartean heldu eskutik, hori da zintzoki eska dezakegun gauza bakarra. Eta bat-batean bitartean hitz xumea eta ezdeusa hitz potolo horiek guztiak baino mila aldiz esanguratsuago egiten da gure begien aurrean, gauza gehiago esaten die bitartean hitz ustez errazak gure buru-bihotzei diskurtso ustez bukatu eta ustez koherente horiek guztiek baino. Bukaera iritsi bitartean heldu eskutik, idatzi poema berriak, etorri afaltzera, lagundu hondartzara, irakurri egunkaria eta izutu, irakurri beste gauza batzuk (batez ere) eta gozatu, barre eta negar eta dantza egin, bizi, esan.
Esan. Esan. Baina askotan ezin da esan. Ezin da ezer esan. Hitzak hor daude eta gauzak ere bai, hala dirudi behintzat, baina Kirmen Uribek ongi esaten duen bezala:
Uholak eraman du hitzen eta gauzen arteko zubia
W.H. Auden-ek, beste batzuen artean, erakutsi zigun aspaldian gauza bera. Horregatik, agian, oraindik gutxi batzuek aitortzeak ere lotsa ematen duen zeregin hauetan ematen ditugu orduak, poemak idazten ditugu hitzen eta gauzen arteko zubi hondatuak berreraikitzeko. Eta zubi horiek berriro altxatzeko hitzak destoxikatu egin behar ditugu, garbitu, errealitatearen hondamendiak eta zatiketak hizkuntzaren hondamendia eta zatiketa ekarri digulako ezinbestez. Egiten ditugunak saiakerak baino ez dira, baina bizitza bera saiakera baino ez da. Inoiz ez dira hain loturik egon idaztea eta bizitzea. Egiaren eta gezurraren haraindi, hitzaren balio magikoei buruzko teoria aspergarriak irribarrez entzuten ditugularik, gure asmoa xaloagoa da eta, aldi berean, guztiz ausarta:
Gizakia ekarri munduaren neurrira
Baina ez betiko gizaki abstraktu eta aidezko hura, erabat gorrotagarria (agian mesprezagarria esan beharko nuke hobeto). Liburu honetan ez dago Gizakirik, liburu honetan gizon-emakumeak daude, adin guztietakoak, jatorri guztietakoak, leku zehatzetan bizi eta hiltzen direnak, gorputza dutenak. Auskalo arima (beste iruzur bat, baina hainbeste dira) duten, gogoa bai, zalantzarik gabe. Baina badute oroimenik eta beldurrik eta galerarik eta milaka gauza humanorik, eta igandeetan hondartzara doaz. Eta badira hain gizaki ezen jainko direla. Jainko hilkorrak, jakina.
Horregatik, beharbada, jainko ere direlako, ez dago hemen nostalgia negartirik, ez neurriz kanpo behintzat, doi-doi beharrezkoa dena bizitzen duintasunez segitzeko. Nahiz eta sufrimendu guztiak agerian egon aurrera egiteko kemena da nagusi, geroa beldurrik gabe ikustera beharturik gaude, eta beti:
Bide berri bati ekin
Azken buruan, mundua eta bizitza definitzen duen hitz zehatzena aldaketa da, etengabeko aldaketa.
Ez dezala kritikak esan liburu honetan eguneroko bizitza dagoela islaturik, mesedez. Hori da, hain zuzen, egunerokotasunarena diot, kritika batek aurkitu berri duen azken lelokeria. Telefonoak, autobideak, sukaldeak, hipermerkatuak, ospitaleak eta abarrekoak agertzen badira poema liburu batean berehala ekarriko dute hizpidera eguneroko bizitzarena. Zuhaitzek, hodeiek, itsasoek eta abarrekoak ez omen dute eskubiderik kategoria horretara sartzeko. Zerua egunero dugu buru gainean, baina, arestian esan bezala, inguratzen gaituen hitzen esanahien hondamendi honetan zeruak bere errealitatea galdu duela ematen du. Gutariko bakoitzari aita behin bakarrik hilko zaio, ez da hori egunero gertatzen den gauza bat. Ospitalera joatea bisitan eta kimioterapia saioetara ez da egunerokotasuna, hori bai, egunero daude ospitaleak jendez beterik, eta autobideak, eta hipermerkatuak, eta parkeak. Baina ez dira jende, bakoitza jainko bat da, heroi bat, sagarrak erosten edo medikuaren atearen aurrean zain. Egunerokotasuna ez da ezer, zerbait baldin bada bizitzak ezkutatzen eta, aldi berean, erakusten duen beste gauza ezdeus bat, beste mirari ezdeus bat izango litzateke. Zuhaitzen koloreen mudantzari erreparatzea eta etxera iristean telefonoaren erantzungailua piztea, biak dira ekintza poetikoak, biak baitira bizitza ekintzak. Liburu hau bizirik dago, besterik ez.
Rikardo Arregi Diaz de Heredia