Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
 

 

IGOGAILUA

 

Arreba eta biok

ospitalera itzuli gara hilabete geroago.

Eraikinean sartu ahala

urduri begiratu dugu hara eta hona,

haurrek plastikozko poltsetan eramaten dituzten

arrain gorriek bezala.

Ezkerrean, ebakuntzaren zain izan ginen gela.

Bertan igaro genuen azken gaua

umea espero zuen familiarekin batera.

Korridorearen bukaeran, igogailua.

Bi hilabetez eta egunean bitan

igotzen ginen bosgarren pisura,

zainketa berezien gelara,

egunero zer aurkituko,

berri onik noiz entzungo.

 

Azken txostenak sinatu ostean

irtetear gaudelarik,

igogailura begiratu eta esan diot arrebari:

«Igoko al gara gora?

Agian oraindik hantxe dago gure zain, ohean».

 

Begirakunea egin dit arrebak.

Urtsuak ditu begiak, txikiak

mendiko marrubien pareko.