SOLDADU MONGOLIARRAK
Bigarren Mundu Gerra bukatzear. Italia.
Soldadu mongoliarrak
bi aldeetan borrokatu ziren;
sobietarrekin hasi, gero alemaniarrek preso hartu
eta hauen armadan sartzera behartu zituzten.
Orain alemaniarrek atzera egitean
abandonatu egin dituzte mongoliarrak.
Etsiak hartuta, kamioi baten jabe egin dira.
Biharamuneko ihesari adorez ekin baino lehen
erabaki dute apirileko gau epela profitatzea.
Ez da erraza izango sorterrira itzultzea
kontinentean barrena. Ezinezkoa ia.
Jopu dira galtzaileentzat,
traidore irabazleentzat.
Ebatsitako likore botiletatik dzanga eginez
kantuan aritu dira gau osoan.
Goizalban kamioia abantean jarri,
atzealdera igo eta
Po ibaira amilarazi dute.
Han ito dira denak.