VOLGA
Apirila. Urtu da Volga ibaiko izotza.
Hasi dira nabigatzen baporeak
hilabete lehenago gurdiak igaro ziren leku beretik.
Anton Txekhov Sajalin-era abiatu da. Irla kartzelara.
Ezetz esan dio amak, ezetz esan dio anaiak.
Argi dauka ordea berak:
Izena jarri nahi dio infernuari.
Abendua. Txekhov iritsi da Moskura.
Ama eta anaia joan zaizkio bila.
Fardelak dakartza paperez beteta.
Baina bere begiak nekatuegi daude,
lauso urdin batez estaliak,
egunen joanari ezin eutsi dion
izotz kapa leun batez beiratuak.