Aingurak erreketan
Aingurak erreketan
2001, poesia
88 orrialde
84-95511-44-4
azala: Xabier Gantzarain
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2010, poesia
 

UHOLDE BERRIEN IRAGARPENA

 

Argirik ez zen inon

eguzkiak berarekin eramana

begiak estali balizkizute bezala

Behingoagatik atertu zuenez

txalupan irten ginen iluna pertzibitzera

 

Itsasoak gaua eta lurra eramango zuela zirudien

Izarretan desitxuratzen ziren hieroglifikoak

 

Babesa eskatzeko urrun geundenean

itzali zenuen motorra

Zeruan hegan egitea zen hura

baina beste hemisferio batean

 

Gabezia bat baino

margotu zitekeen zerbait zen

isiltasuna

 

Zapatak erantzi genituen eta

garagardo epel bat zabaldu

Oreka hezez egingo genuen topa

Barrenetako suak itzaltzeko

aski isurkin bazen inguruan

"Euria!" esan zenuen

"Euria eginagatik ez duk itsasoa gehiago bustiko!"

pentsatu nuen

 

Bi orduz egon ginen horrela

 

Ura zetorren uraren gainera

itsasoa gehiago hazi gabe

 

Etxera itzultzeko ordua zen

Motorra piztu zenuen

Biratu genuenean bustita zeuden zapatak

Etxerainokoa oinez egin genezakeela otu zitzaidan

baina urak atzazalak irentsi orduko

itsatsia nuen hotza

 

Lehen urratutako bidea josi genuen

lehorra begi bistan jadanik