Aingurak erreketan
Aingurak erreketan
2001, poesia
88 orrialde
84-95511-44-4
azala: Xabier Gantzarain
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2010, poesia
 

 

ARTXIPELAGOA: KONTINENTEAREN HONDARRAK

 

Ez dakigu zerk apurtu gaituen

baina ez zaigu arrotz korronteetan bagoaz

Portuetan inork ez gaitu elkarrekin maite

eta gurean

hondoa jo dutenek bakarrik hartzen dute lur

atzazal artean ziurtasun apur bat behar dutenek

inorako bidea jarraitzeko

 

Talka egitea bakarrik geratzen zaigu

zoriaren zain egotea

inertzia eta bide berak zapaltzea

Kasualitate gehiegi dira aho bi ukitzen

horregatik ez duzu nahi esplikaziorik soberan

 

Laztanak baino latzago diren

borrokak biluzik

ezpainen edo marearen talka geratzen zaigu

 

Oreka faltsua da ez aurreratzea

eta balantza zalantzen ondorioa

Laprast egiterainoko egia eta

hezetzen gaituen ezinegona

 

Gabeziak eta zero

                eta zeru bat aterpe

 

Ontzia ainguratuta dagoela iruditu zaigu

baina uraren azpian ez dugu lurrik sentitu

 

Mila zati egin gara

mina pieza bakar egiteraino