Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Mendi-negarra
Zuk esanda dakit banaizena
Ibaiak ur-hesiak ditu bazterretan
Urkiagatar Estepan, Sid Vicious, Susana Arregi ezagutzeko zabalik dagozan leihoak
Bertatik ikus gaitzakete hondar zakuz ezponda berritzen
Mugalari jazartuak gordetzeko ginoan
Iristen da ez deirik ez txostenik ez den unea
Lurra dorre bat bezala eraikitzekoa
Jendeak nora doan badakiena minaren bihotzera landatuak bagina legez
Zuk esanda dakit banaizena
Ez ninteke bizi bihotza euskal etxe bat balitz bezala
Beti bestelako auzoei egotziz adorearen zama, zorionarena
Ez ninteke bizi urondo miatzen poema batean atoitua, almitz azaua da nire libertadea
Uholak itsustu zoztorrak defendituko ditut
Gauaren ubera dragatze isilean
Onartzen dut itoek hiriko irteerak, loa jagon diezaguten
Lur urasetuan biziko garela
Zuk esanda dakit banaizena
Lainoa altxatu du eta haitzarriak sumatzen dira behean
Hitzak hilik datoz pareta atzenduetara berriz balaka ditzaten
Ez daukagu beste armarik bakartasun hezigaitz hau berresteko
Gor jaulkitzen da herra nire besondoetatik
Zure minari eutsi nahi diot orube abandonatuetan
Ezerezean gora igaiteko diren zubiotan
Non da orain larderiazko gorazarrea, denok elkartzekoa zen epaia
Zuk esanda dakit banaizena
Esku lagunkoien aurrean ate giltzatuak gagoz, ohar basituak
Gure itzalak derrota txipiez ari dira estrata urpetuetan
Laino-tutuak geure neurriko olatuen pean lo harrapatu gaitu
Euren izenaren tirainari lotzen natzaio goizero leihotik
«Susana!», «Sid!», «Estepan!»
Eta oraindik banaizen egiaztatzen dut, alboan zaitudan
Gero hainbatgarrenez lur laketu ezin bat agintzen dizut, buruz buruko itzulmina