 
	
Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
 
Hustutako herriak
 
Etorriko zarete hustutako herriak hartzera
Eta kaleen izenari erreparatuta omendu eginen gaituzue
Esango duzue erratu egin garela
Baina herkidego borondatea aitortuko diguzue zeuen ohar-kuadernoetan
Etorriko zarete eta erreten bazterretan botatako giltza sortak batuko dituzue
Hatzmarkak bilatu inoiz guk maite izandako gorputzetan
Eta jabetza agiriak berritu
Jabe berriak izango dituzte aurrerantzean zorriek eta egunsentiak
Poliziak zainduko ditu gure poemak
Aspaldiko ereserkiei aspaldiko mintzairari lotuko dizkiezue zeuen gogoak  arima setiatuak 
Etorriko zarete eta mendigain elurtuak miatuko dituzue
Zorionetik ihesi mugalari izuturik badenentz
Eta esango duzue « aurkituko dugu bake hitzarmenak egoki
        zeinek idatzia," bihotza! " izango da estreina
        jalgigo zaigun maitasun hitza »
 Aitorpen sakon bat eta libertade tolesgarria
Ezpondetan gorde eskutitzek murgildua 
Etorriko zarete eta kanposantuan ezarriko dugu azken gotorlekua
Begibiko fusilek idazmakina totelen pare
Tekleatuko dute zuen bizkar hezurren kontra
Beste edozein sasoitan baino arrotzago mintzatuko gatzaizkizue
Hilarrietako zenbaki bikoitietarik
Eta esango duzue « mende hartu ditugu, amaitu da belaunaldi hori, hilak defenditzearren idazten zuten barren »
Eta zerraldoen talaietarik begiztatuko dugu bailara keetan
Eta ezerbage  min erre bategaz 
Suari emandako geure etxeetarantz jaitsiko gara