Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Aurkibidea
POLDERRAK
ALMITZA
Harresiak-2
Zerbaitetan irabaztun izanen gara
Entzuidazu, zaila dago karea bilatzen
Gauza asko daramagu gordean garbitu ezin direnak asko
Salbokonduktoa zuten maitasuna poeta kaskarrek
Lehia garmindu bat bitartekotza errimea
Zain bakoitza bere tokian lau zuloak zabal
Eta ezagutzen zaituena urrun duzu orain
Mintza zakizkio negumineko laharraz galdutako lagunez
Sufrimentu guztiak ez direla hautazkoak
Heldutasun guztiak ez direla behartuak
Koordenada soka berean dagoz Le Muret eta Lugo
Besteren ohar-kuadernoei ostutakoak dira gure enkontruak
Ez da ez gure algebrarik ez gure lainorik haizearen oinetara
Beti elkar despeditzen ari den jendea omen gara
Bere etsia non sarturik ez duen begirada
Zuk zer diozu mendiak tarteko maitatze honetaz
Zer galdua badaukagun seinale jo duzu inoiz
Sentimentuak deshabitatzen dihardugu indarrean ez diren mapak bezala
Itunetako eranskinetatik eta agindu zaharminduetatik aldegiten
Gurkera tajutzen du nire memoriak orube urasetu baten aurrean
Aurki ilunduko du, sartuitzazu geranioak
Orduan ezin ikusiko dugu elkar
Karez zuritu gabeko idazkiak paretak
Eta herrien izena ahoskatzeko moduagatik maiteko zaitut
Harresi bat izan daiteke maitasunari emandako izen bakoitza
Eta alde bi ditu egunak bezala bihotzak bezala bi alde
Berdin da oinpean zubiek behera egiten badute
Etxekoen argazkiei su ematen badiegu hotza kentzeko
Banator, hesolen errenkadatik destatzen diot iluntasunari
Berriz ere zu zaitut ments
Eta ez dakit zer dagoan defenditzea deliberatu genuen bakardade mendre honen atzean
Lugo eta Le Muret soka batean