
Si el hogar nace en nuestras manos
y el fuego se apaga aquí
no habrá más ni menos hogueras
ni vientos que resistir.
Ruiseñora
I
Non hasten da etxea
eta non bururatu?
Sua zure altzoa da
ala errausten gaituen ahanztura?
Beso arteko kulunka
dantzaldirako baliatuko dugun
akrobazia izanen da?
Irri egitea maitatzea da?
Esku ahurrak babesten gaitu?
Non hasten dira nire lerroak
eta non lurruntzen zure ideiak?
II
Ilargian sinesten al duzu?
Gu guztiongan?
Ortzimugan?
Non gelditu dira
aldarrikatzen zenituen errestoak?
Erre al zituzten berri guztiak
belarra lerrokatu aitzinetik?
Altxarrasteluak
balizko iraultza baterako
nekazarien defentsarako
eskopetak lirateke?
Zertarako ukabilak altxatu
melodiak trukatu zituztenetik?
Xuxurlak ba al du dezibeliorik?
Zerk markatzen gaitu,
zerk askatu?
III
Apatriden bizkarrezurrek
ba al dute hilerrian tokirik?
Ala haritzen adarretatik
zintzilikatuko dituzue?
Tximiniak kerik kanporatzen ez badu
etxeak arnasa galtzen du?
Lurra gure geografiaren mapa da?
Zerk zedarritzen du?
Lerro bat muga bat da?
Zer da herentzia, zer ortzia?
Sua itzaltzen bada,
itzulerako bidea kausituko dugu?