
Euriak
lurra biguntzen duen
ilunabar hertsietan
traktorearen gurpilek
lerro aunitz
irekitzen dituzte
aspaldian zeharkatu
ez dugun belaiaren
zilkoan.
Inozentzia galdu genuen
etxeen arteko
pasabideetan
zerbait puskatu zen.
Atzendua izanen dugu
elkartzen gineneko
basorako bide laburra,
erromatar zubia
saihesten zuen hura.
Ireki gabe
zeharkatzen genuen atakan
dilinda batean
jarraituko ote dute
betierekotasuna
ziurtatzen ziguten
zumezko zintzilikariek?
Traktoreak bere bidean
utzitako errestoen gisan
ote gaudelakoan nago
galduak,
norabide zehatzik gabeak.