
Denborak
ukitzen ez den hori
desegiten du,
memoriaren
galbahetik ezabatzeraino.
Distantziak,
larruaren geruzak
tolesten.
Lur idortuak
hazia
jario zuen.
Eskuetako marrak
geografiaren
berberak.
Bat egitera
iritsi ziren
itzal siamesak
udarako intzirien,
ilunabarretako algaren,
bizikleta-katearen soinuaren,
plazetako marmarraren gisan
lurrundu ziren.
Falta duguna
baino ez dugu
akorduan.