
Galdetu al diozu behe-lainoari
noiz arte gelditzeko asmoa duen?
Noizbait etxeko gela guztiak
ikuskatu al dituen?
Barrideen aje eta nondik norakoen
berri duen?
Galdetu al diozu
baserri aitzineko zuhaitzari
adar-jantziak astindu dituen
haizete erauntsiak
sagar-dantza
abiaraziko duen goizalderaino?
Galdetu al diozu noizbait
iturriko urari zergatik den ur
eta ez esne?
Eta ilargiari
zergatik den erdi?
Eguzkiari zergatik ezin diozun
distira ebatsi?
Galdetu al diozu
zure ahotsarekin mintzo den horri
zergatik zu
zergatik orain
zergatik dena hain zuri,
zergatik den heriotza
bat-batean lausotzen doan
izpi eternala.