Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Goldorak

 

 

1

 

Autotik jaistera zihoala gertatu zen.

        Errepide nagusitik ezkerretara artasoroen artean barneratzen zen bidexkaren zabalgune batean aparkatua zuten ibilgailua, nabarmentzen ez den horietakoa, eranskailurik gabe, Juanmigelentzat garraio-zereginetan hasi zenetik hark agindu bezala kendu baitzizkion Goldorakek, presoen herriratzearen aldekoa, Baigorriko Nafarroaren Egunekoa eta AEKrena.

        Ibaiari bizkar emanda zeuden, tenorea iristean abiatu eta heldu bidexkatik errepide nagusira ateratzeko prest.

        Ezkerretara begiratuz gero, zuhaitzen masa ilunaren artetik, Ahurtiko zubia ikus zezaketen.

        «Horra berezko muga, eta ez Santiago zubikoa», zioen bere kautan Juanmigelek, eserlekuan bere hanka luzeentzat jarrera erosoaren bila. «Bazakitek, bai, hedexuriek non ezarri bide-kontrola. Davidek dioen bezala: bertan paratuko diagu ikurrina independentziaren egunean! Mugazainik ez, gero! Ez diagu hainbeste urtean borroka egin muga berriak ezartzeko».

        Daviden zain anarkoa, haren matxista-lehenista plantak baino gehiago maite duena Juanmigelek.

        Ilbete gau garbia, margulduta bada ere egun argitan bezala nabarmentzen dira ingurukoak. Zubiaren mutur bietako biribilguneetan ez da Jendarmeriaren ibilgailu zelataririk ageri.

        «Kaleko jantzita egon daitezke, hala ere, igarotzen diren autoen matrikulak hartzen. Kamera bat ere ba omen dago, ez du inork ikusi ordea. Asmakeria izango da. Izango ahal da!».

        — Itzali motorra?

        — Bai, pixka batean itxaron beharko dugu hemen. Goizegi ez iristeko.

        — Zenbat denbora?

        — Esango dizut.

        Gidariak motorra eten eta leihatila ireki duenean Aturriren freskura hezea sartu da auto barrura. Txanbergoa lotu du. Lo asko egin gabe darama aste osoa. Kilometro batzuk metatu ditu ipurmasailetan oraingoan ere. Ondoren, beti bezala, oinen artean daraman motxila ukitu du, senez, ohituraz, hor dagoela ziurtatzeko. Bai, hor dago. Ordenagailu eramangarria eta inprimagailu txikia, uhin-detektagailua, irratitxoa, lozakua, aldatzeko muda bat, irakurtzeko astirik hartzen ez duen Pérez Busteroren Vascones, bizarra egitekoak, hortzak garbitzeko eskuila. Txanbergoaren barruko poltsikoan eskanerra darama entzungailu bakarrarekin eskuineko belarrira konektatua.

        Nora nahi duk joatea? egingo ziokeen errieta goxoa Kattalinek. Gustura ibiltzen zen harekin; eta ez neska zelako, Davidek adarra jotzen bilera guztietan esaten zion bezala. Hura ere erre zen arte. Edo erreta zegoen susmoa izan zuten arte. Ez gara inoiz aski zuhurrak. Horra, Juanmigelen leloa.

        Lasaitua hartu zuen gidari lanetarako Kattalin ordezkatuko zuen norbait prest zegoela esan ziotenean. Gainera, garbi zegoela: Goldorak.

        Egoeraren azterketa lasaia egiteko astia hartuko balu, baina astirik ez du hartzen ia lo egiteko ere, hautemango luke ezinegona sortzen dioten aieru ilun guztien jatorria bertsua dela.

        Gidariarekiko hitzordurako babes-etxetik irteten denean, zergatik botatzen du bada «Banoa nire txakurrarengana!» txantxa-doinu mikatzez?

        Ekik errieta egiten dio beti:

        — Ostia!, ez jolastu kontu horrekin. Txakurra dela uste baduk ez joan, utzi, bilatuko diagu beste garraio-modu bat.

        — Noski, txakurra dela ziur banengo ez ninduken joango. Ez zakinat ordea. Diodana dun, inoiz txakur bat infiltratu nahi balute horrelaxe egingo luketela. Berandu noan. Ez dinat nahi zein norabidetatik agertzen naizen susma dezan. Badaezpada ere.

        Goldorakek ez dio Kattalinek egiten zizkion txantxa edo iruzkinen antzekorik egiten. Ez dio Lapurdiko rock musika-taldeen maketarik ekartzen, ez datorkio hura bezala feministen ikurraren biribilean lehergailua irudikatzen duen elastiko engaiatuaren tankerakoekin. Arretatsua bezain isila eta esanekoa da. Txukun jantzita etortzeko esan zion lehen egunean, berak atorra zuria eta ttattarra janzten baitu TGVz bidaiatu behar duenean, eta soil baina arreta deitzen ez duten arropekin etortzen zaio beti. Itxuraz, kolore marroi eta berde ilunekoak dira Goldorakek gehien preziatzen dituenak. Hitz gutxi eta galdera gutxiagoko mutila. Aspergarri samarra ere bai, aukeran. Izengoitia aldatzeko esan behar dio halako batean, zinez itsusia eta infantila baiteritzo.

        Juanmigelek ere ez du berarekin kalakan aritzeko gogorik izaten autoan. Nahiago du gogoeta egin.

        Kide guztiak dabiltza kezkatuta Goldorakekin; «zure txakurrarekin», esaten diote. Errotarrira lotutako astoak geldituko dituenik ez dago ordea. Beti aitzina. Atzerako urratsik ez, ezta indar hartzeko ere.

        «Hormaren kontra jotzen dugunean ohartzen gara. Eta orduan ere ez dugu altxatzen hanka azeleragailutik. Horrela egin dugu honainoko bidea. Kenduko da halako batean paretik pareta», egiten du gogoeta Juanmigelek, oraindik gizon gaztea den arren, bizitakoak eman dion esperientziaren talaia mingotsetik polizia-operazioen gudaldi osteko paisaia desolatuari begiratzen dionetan. Zaurituez arduratzeko meniarik ere ez du ematen etsaiak. Aurrera egin behar, beraz. Irabazi arte.

        Berez, gauza gutxi esaten dio gidariari. Elkartzen direnean zein norabidetan abiatu behar duten soilik: «L. hirirantz». Edo «P.rantz». «B.rantz». Hitzorduaren ordu eta lekurik ez dio ematen. Bidegurutzeetara iritsi baino lehentxeago jakinarazten dio «ezker», «eskuin» edo «zuzen» joan behar duen. Hitzordura berandu iritsiko direla kalkulatzen badu, sakatzeko azeleragailuari. Noizean behin, «Ondo zoaz horrela, garaiz iritsiko gara», esaten dio lasaigarri.

        Lehen hitzorduan jakinarazi zizkion baldintzen artean esan zion politikaz ez zutela hitz egingo, eta ekintzei buruz ere ez, berak nahi bazuen bere iritzia emateko, hori bai. Beren bizitza pertsonala ere ez zutela hizketa-gai hartuko. Horiek izan ziren Goldoraki jarri zizkion «hitzarmenaren» baldintzak. Kattalinekikoen guztiz desberdinak. Harekin politikaz, ekintzez, presoen egoeraz eta baita ere tarteka bihotz kontuez ere hitz egingo zuen. «Neska zelako!», esango ziokeen Davidek gaizto. Ez zuen uste, nahiz eta bere barnean «agian» zalantzati bat ñirñirka sentitu.

        Gainontzean, begirunezko harremana dute Goldorakek eta biek. Begirunea eta eraginkortasuna dira funtsezkoenak. Eta horretan mutilak ez zion hutsik egin ordura artean: hitzordu guztietara ordu-orduan agertu zitzaion, autoa beti prest, ezantza tankea goraino, olioa, ura eta gurpilen presioa begiratuta. Kanpotik zein barrutik garbi, hautsontziak hustuta.

        Bere isiltasuna arrazoitzeko, zerbitzu sekretukoek, pikoloek, RGkoek, CIAkoek, Mossadekoek, autoari karramarroa itsats diezaioketela eta ez dela komeni gehiegi hitz egitea esan zion.

        «Hasi al gara berriro ere espioi-liburuak idazten?», esango lioke trufaz Davidek.

        David ondo ibiltzea espero du. Bere izaera zakar eta andrezalea gorabehera, bera baino militante zorrotzagorik ez du-eta ezagutzen. Sekula aitortu ez badio ere —eta hobe ez aitortzea ez badu haren purrustada ezagun horietako bat jasan nahi—, haren ikasletzat du bere burura.

        «Ez dago ordezkatu ezin den inor, baina batzuk besteak baino ordezkaezinagoak dira», esaten dio begi bat kliskatuz, beraz ari dela zalantzarik ez dezan izan.

        Horrelako txantxa bat aski da Daviden aldartea garrazteko; segur aski, horrelako aipu txatxuek bizkarrean daraman zama oroitarazten diotelako.

        Ez da arinagoa Juanmigelek daramana, eta bera aldiz beti dabil umore onez. Zoriontsua naizelako, pentsatu du bere baitarako irribarre eginez.

        Goldorakek ez dio sekula deus galdetzen, horregatik harritu da bertan zenbat denboraz egon behar duten itaundu dionean. Juanmigelek ez ditu galderak maite, baina gidari lanetan dabilenaren hori bereziki lekuz kanpokotzat jo du. «Zer ardura zaio berari zenbat denboraz egon behar dugun zain? Nik esaten dudanean abiatuko gara, eta kito!».

        Ia galdera egin izana txarretsi dio, baina ez du mutila umiltzerik nahi. Hobe da orain arteko harremanean orbanik ez sortzea. Oro har ondo ari da-eta lanean.

        Edonola ere, Goldoraken ezohiko jokabide horrek ordura arte izandako aurresentimendu gaiztoek ernatu duten kimu pozoitsuari bazka eman dio.

        Ordua begiratu du, oharkabean, gero bere kaiertxoko «Aieru» ataleko zerrendan gehitu beharko duela pentsatuz. «Gldk-ek zenbat denboraz zain galdetu» idatziko du dataren ondoan. Burkideekin elkartutakoan kontseilua eskatuko die, berriro.

        Oraindik hamar minutu abiatu aurretik, hitzordu lekuraino beste hogei minutuko ibilbidea, bederatziak eta hamarretan ttanko iritsi herriko plazara, gelditu, doi-doi jaisteko, eta ordu laurdenez bidean aurrera egiteko aginduko dio Goldoraki. Autoa desagertu bezain pronto hilerri ingurura hurbilduko da, kez gainezka argiak itzalita gidaria eta beste bi burkide dauden autoan presaka sartzeko: aupa aupa dena ontsa? Goazen. Goldorakekin kristoren moskeoa diat, esango die autoa abiatu ahala. Oraindik horrekin al habil Juanmigel, ostia!, uzteko esan genian, egingo diote errieta. Ba al duzue garraio-zereginetarako norbait sobera?, ihardetsiko die gozakaitz.

        Goldoraki dena behar bezala joan den ikusteko atzera plazatik igaro behar duela oroitaraziko dio autotik atera aurretik, eta ez badu bertan ikusten, dena behar bezala joan den seinale, alde egiteko lasai, hurrengo hitzordua paper zati batean idatzita emanez, «Buruz ikasi eta desegin papera, e?» esango dio behin autoko eskularruen kutxan hitzorduaren papera aurkitu eta errieta egin zion aldi hura oroitarazi nahi dion doinuz. «Ez berriro gertatuko», desenkusatu zitzaion orduan, urduritasunagatik aditz laguntzailea ahantzita, maiz egiten zuen bezala. Maizegi Juanmigelen gusturako. Nahiz eta mutilak euskara ikasteko egiten zuen ahalegina benetan preziatzen zuen, gramatikari ematen zizkion ostikadek ilea lazten zioten.

        Ez du uste inor segika ekarri dutenik ibai bazter horretaraino, baina bizpahiru auto susmagarri erreparatu ditu ibilbidean zehar, bidegurutzeetan estrategikoki kokatuta, beraien autoa noiz pasatu zain bezala, atzetik kilometro gutxi batzuez izan dituztenak.

        Euskal Herrira hurbildu baino lehen Landetako basoan sartzeko agindu dio. Autoa gelditutakoan, motorra eten eta beti bezala begiak itxita egoteko eskatu dio, autotik atera gabe. Susmatzen du uhin-detektagailuarekin autoari itzulia mantso-mantso ematen dion bitartean, begiak itxi arren, betileen artetik zelatan edukitzen duela, jakin-minak leialtasunik ustez eta sendoenak nola birrintzen dituen ongi ikasia baitu dagoeneko. Ez zaio asko axola, eta alde batera nahiago, zertan ari den ikusten badu ere begiluzearen galderak ekiditen baititu horrela.

        Ez da argi gorri salataririk piztu. Nolanahi dela, adituek diote hori ez dela deusen bermea, karramarroa ondo ezkutatuta egon liteke eta seinalea hamar minutuan behin igorri.

        Oraingoan ez dio bidegurutzeetako autoek eragin dioten susmoen berri eman Goldoraki.

        Susmo txarra areagotu dion beste zerbait gertatu baita gaurko bidaian. Une batean, bera erdi lo zihoala, autoa bide bazterrean gelditu du Goldorakek. Bidean zegoen adar batek autoaren azpia jo ote duen irudipena izan duela eta dena ondo dagoen ikusi behar duela aitzakia.

        Autotik atera eta aurrealdera joan da. Ez du ezer egin ordea, ez du autoaren azpialdea begiratu ezta kapota ireki ere. Begira-begira gelditu zaio une batez. Orduan konturatu da Juanmigel, Goldorak ez dela autoan gidari doanean ematen duen bezain txikia. Gihartsua eta bizkar zabalekoa begitandu zaio bat-batean. Deus esan ez dion arren, burukomina eragin dion perfume merke bat ere bota duela konturatu da autoan sartu ahala. Lehen aldiz bibote fin bat utzi du hazten, gainera. Aldatuta dago.

        Pistola balu, pentsatu du Juanmigelek, nahi erara hementxe bertan tiroz jos nintzakeen.

        Bidean lokartu den bitartean Goldorakek ohitura duena baino gehiago sakatu bide dio azeleragailuari. Hitzordurako goizegi zebiltzala konturatu da esnatutakoan eta horregatik, bidean atzera eta aurrera kontrolen batekin topo egiteko zoriarekin jolasean ibili ordez, denbora egiteko txoko lasai bat aurkitzea hobetsi du; aproposa iruditu zaio ibai bazterreko artasoro hau.

        Ilbete ederrak, leihotik sartzen den haizekirriak, artasoroaren dantzak, kilkerren kantuak, zigarreta bat erretzeko gogoa piztu diote. Zigarreta bat erretzeko lain denbora badute. Buruz kalkulatu du zenbat ordu daramatzan erre gabe. Eguneko bosgarrena baino ez da izango. Badaki, ordea, goizaldea iritsi orduko ketuko duela paketea. Birikak, mihia eta garuna bezain unatuta hasiko du datorren astea. Aipatu izan du bileretan, ea kaptatze-aparatukoek ez erretzaileei Erakundeko sarrera galarazten ote dieten; ez bada militante bihurtuz gero denak erretzen hasten direla. «Etsaiak ez, Tabacalerak garaituko gaitu». Alferrik da bileretan aldiro zigarro bakarra piztuz txandaka erretzeko erabakia betearazten saiatzea.

        — Zigarreta bat erretzera irtengo naiz.

        — ...

        — Zuk nahi al duzu.

        — Ez —erantzun dio, burua astinduz, hortz-artean, lehor, Goldorakek.

        «Honek badik zerbait, gaur, bai», pentsatu du Juanmigelek.

        Zurrun dago Goldorak, bi eskuez bolanteari helduta oraindik, atezuan. Azken bi hitzorduetan erakutsitako jarrera aldaketak zer pentsatua eman dio Juanmigeli. Hortzak estututa, matrailezurra tentsioan gidatzen du orain. Ez da hasieran ezagutu zuen gidari ziur, alai eta lasaia. Bazerabilen harren bat. Aurreko asteko ekintzagatik izango zen?

        Elkar ezagutu zuteneko hitzorduan baldintzak aurkezten ari zitzaizkiola, borroka armatuaren aldeko defentsa suharra egin zion mutilak, Juanmigelek horretarako bide eman gabe. Suharregia Juanmigelen gusturako. «Putasemeak akabatu!» pare bat bota zituen bere hitzek espero zuen erreakziorik ez zutela sortzen ohartu aitzin.

        — Borroka armatua tresna bat da, ez helburu bat. Gure herrian egoera demokratikoa lortzea da gure helburua, bizi dugun zanpaketa politiko, ekonomiko eta militarra gainditze-bidean jartzea —esan zion hezkuntza politikorako liburukiko esaldia buruz errepikatuz.

        Goldoraken grina erakustaldi hori hezkuntza-politiko eskasari egotzi zion orduan Juanmigelek, txosten batzuk eman beharko zizkion irakurtzera. Haren kartsutasuna aizuna eta hanpatua ere iruditu zitzaion, lehen hitzorduko urduritasunari egotzi zion haren jarrera. Orain zalantza gehiago du Goldoraken benetako pentsaeraren inguruan, Erakundearen borrokari buruz duen zinezko iritziaz.

        Goldorakek egun osoan erabili duen jarrera mutu eta itxiak itolarria eragin dio Juanmigeli. Zeharka begiratu dionean konturatu da matrailezurrak estututa zituela.

        «Neguan eltxoak uxatzen habil, motel», esan dio bere buruari, «ez duk deus izango».

        Bidaian sentitzen hasi den deserosotasunari eta aspaldi garbitu ez denaren kiratsarekin nahastuta iristen zaion perfume sarkorrak sortzen dion itolarriari ihes egiteko ere irten nahi du autotik Juanmigelek.

        Oraingoan Goldorak noren bidez eta nola ezagutu zuten aztertzeko astia hartu behar du burkideekin: harekiko hitzorduetan susmagarri iruditu zaizkion une eta egoerak zerrendatu, harekin egindako joan-etorri guztien ondorioz arriskuan daudekeen azpiegitura eta laguntzaileen izenak zerrendatu. Badaezpada ere.

        Izango du astia Juanmigelek, bai. Uste baino gutxiago, ordea, eta ez dio askorako balioko.

        Autoko atea irekitzeko imintzioa egin duen unean Goldorakek mugimendu azkar eta zehatzez ezkerreko eskuaz Juanmigelen ezkerreko besoa irmo oratu eta eskuinekoarekin ordura arte izterren artean ezkutatuta izan duen injekzioa hartu eta lepoaldean sartu dio.

        Ziztadak burua itzularazi dio Juanmigeli, bere besoa indarrez heltzen duen Goldoraken eskuari begiratu dio aurrena, eskuin eskuarekin gerrialdean bala gelan sartuta tiro egiteko prest daraman Browninga hartzen saiatu den bitartean.

        Goldoraken agindua, entzun du, lehen aldiz gaztelania garbian:

        — ¡No te muevas ni un pelo si no quieres que te mate aquí mismo!

        7,65 munizioa jaurtitzen duen pistola txiki bat dauka Goldorakek eskuan, bere lokiaren kontra min egiteraino estutuz, kanoiaren ahoarekin larruazala urratuz.

        Beranduago, gertatutakoaz hausnartzen, konturatuko da gizakiaren biziraupen senak bultzatu zuela agindu horri obeditzera. Hobe arrazoiak agindu izan balio eta hortxe bertan akabatu izan balu.

        Ez zuen gertatzen ari zena barneratzeko astirik izan. Leotzeko ilunean behin eta berriro ikusiko du gertaeren segida, kamera geldiarekin filmatuta bezala. Saiatuko da oroitzen pentsatu zituenak, saiatuko da asmatzen beste aukerarik izan ote zuen. Inori iritsiko ez zaion autokritikaren atalak antolatuko ditu buruan, inoiz aukera izanez gero idazketa errazteko asmoz, pentsatu du, ikaraz jabeturik esperantza dela galtzen den azkena. Besterik gabe izu-laborriari adimen-barrikadak ezartzeko aztertuko ditu gertatutakoaren xehetasun guztiak, ahalik eta gehien atzeratzeko gorputzaren oinazeak gogoaren agintea hartuko duen unea.

        Aukerarik utziko ez diotela dakien arren, ezin itzuri dio dena xehe-xehe aztertzeko ohiturari: egoeraren azterketa —«abagune azterketa» garai batean—, arrazoiak, ondorioak, egoera, helburuak, aurrera begirako ekimenak.

        Metodoa, Juanmigel, urratsez urrats. Hik irudikatzen duana azaltzeko ahalegina egin behar duk. Hitzekin, esaldiekin, irudiekin, metaforekin. Politika ere artea duk. Aurrera begirako ekimenak.

        Aurrera begirakoa da huts egiteko arriskurik gabe iragarri ahal izango duen bakarra, aurrera begirako ekimenetarako aukera oso epe laburrean bukatuko zaiola; betirako.

        Hori da bederen bihotzez esperoko duena, sufrikarioa ahalik eta laburrena izatea.

        Ez da bere esku egongo ordea. Eta hasieratik berarekin erabiliko duten tratu aratzak zaildu gabeko bati beste zerbait iradoki liezaiokeen arren, berak aski ondo jakingo du, poltsa elektrodoak kolpeak ez du pentsatu nahi filmetan begiak itxi aurretik ikusitako beste metodo basagoekin, beste ezer ez dakiela erabateko ziurtasuna izan arte, hil-hurren utziko duten arte, ez diotela arnasarik emango.

        Goldorakek zemai egin eta ia segituan nabaritu zituen giharrak laxatzen, logura ekidinezin bat, kaskezurra berunezkoa kristalaren kontra kolpez erori zitzaion 7,65etik aldenduz.

 

 

2

 

Denbora igaroko duk hire desagerpena ziurtatu baino lehen, harrituko dituk ez haizelako hitzordura agertu, segurtasunekora joango dituk, eta kito; gero astebete luzea pasatuko duk bazterrak mugitzen hasten direnerako, hurrengorako larrialdiko prozedura hobea finkatu beharko diagu, pentsatu du Juanmigelek, hurrengoko horretan bera ez dela izango bere buruari aitortu gabe.

        Ahalik eta gehien eutsi behar diok erorketa larriren bat ekar dezakeen informaziorik eman baino lehen. Garrantzi gabeko informazioa ematea izango duk hoberena. Edo, bururatzen zaio, ez ote da hobe izango hasieratik garrantzi handiko informazio bat ematea torturatzaileei, informazio hori segituan erabiltzeko tentaldiari ezingo diotelako eutsi, eta kideak ohartuko direlako berak baino ezin izan diela eman informazio hori, horrela konturatuko dira bahituta dagoela, etsaiaren eskuetan dagoela eta gainontzekoa salbatzeko neurriak hartuko dituzte. Badaki berak ez duela salbaziorik. Segituan alboratu du ideia hori, Erakundearen gune nagusira bere bidez iritsi dela etsaia ohartzen direnean kideak, informazio hori eman aurretik torturapean beste informazio asko eta asko emango zuela ondorioztatuko baitute, eta dena erretzat emango, ezer libratzeko ahalegin txikiena egin gabe.

        Modu batera edo bestera, handitik txikira edo txikitik handira etsaiak informazio guztia aterako dio, beraz. Irtenbide bakarra ahoa ez irekitzea da. Kolpe basei eusteko prest sentitzen du bere burua, basakeria fisikoak bere barruko amorrua elikatuko duela pentsatzen du. Metodo modernoen aurrean ordea babesgabe sentitzen da. Poltsari dio beldurrik handiena. Baina ez du baztertzen drogaren bat ere erabiltzea bere aurka, ez baitute lauzpabost egunen buruan epailearen aurrean aurkeztu behar.

        Ez eta geroago ere.

        Agertuko ahal da inoiz nire gorpua.

        Bere azkenak hilarririk izango ez duen ziurtasuna egin zaio.

        Horretarako utzi dute bakarrik ilunpean gela txiki horretan.

        Kare bizitan desegin.

        Zatikatu eta itsasoari eman.

        Erraustu.

        Non.

        Inon.

        Beste desagertu bat gehiago.

        Nire txoko kutunetara joango dira negar egitera maite nautenak.

        Gure lurrean nahi nuke atseden.

        Bere saldan egos dadin, beratu, otzan eta belaxka aurki dezaten lehen itauna dinos todo lo que sepas, lehen kolpea matrailezurra xehatu eta hortzak apurtuko dizkion ostikada iritsi aurretik. Irudimen handikoa haiz, ezta? Bada, horra zer izango den aurrerantzean hire menua.

        Kendu burutik maite dituanak, ezabatu, ez dituk inoiz izan, ez hago maiteminduta. Erakundea, Erakundea, Erakundea, burkideak, burkideak, burkideak, Euskal Herria, Euskal Herria, Euskal Herria. Ez pentsatu beste ezertan; bestela hire borondatea apurtzeko urrezko maisu-giltza emango diek esku-eskura.

        Eskuburdinek min egiten diote. Con dolor o sin dolor proposatuko dio onarena egiten duenak. Gaiztoak zakar baztertuko du déjate de chorradas a este hijoputa le toca sufrir cante o no cante. Zalantza eragin nahi izango diote, azken finean ez dela berak jakin dezakeena interesatzen zaiena, baizik eta mendeku hutsa, haien arma-kide hilengatik, erotuta daudelako, psikopata hutsak direlako, bortxatuko dute, umiliatuko, zertarako balioko die horrek ordea gero inor ez bada horren jakitun. Aski ote zaie beste desagertuen inguruan norberak dituen susmo okerrenekin osatu den irudikeria kolektiboa elikatzeko beste martiri bat sortzearekin. Badaki ezetz. Laranja zukugailuan: bere garunean ondo kodeturik dituen urte luzetako mota guztietako informazioak nahi dituzte. Denak.

        Hasiera-hasieratik dena filmatzen ari diren ideia sortu zaio bat-batean. Hori da, dena filmatuko dute, eta bere jokabidearen arabera, komeni zaizkien zatiak ezagutaraziko, beharra izanez gero. Etsaiari informazio osoa lasai ederrean ematen dion traidorea. Lehen mehatxuaren aurrean oilaloka batek baino kakara gehiago egiten duen kakatia. Ahoa ez irekitzeagatik senperrenak sufrituta azkenean esatekoak eta ez esatekoak kantatu zituen heroia. Porrota, edonola ere. Ez du ahoa ireki behar.

        Nola egin buruaz beste hanka eta eskuak lotuta. Hori baita argi duen irtenbide bakarra. Tamil Eelam-eko tigreak gogoratu ditu. Zianuro flaskotxoa haginetan. Klask. Gurean ez dago ekintzaile suizidarik, ez dago gudari baten suizidioaz babesten den ezer. Eta zergatik ez? Hurrengo batzarrerako eztabaidagai amaiezin berri bat. Berarekin ez dira deskuidatuko ordea.

        Egin dezakeena baino gehiago ezin duela egin esaten dio bere buruari. Ahal duena egingo duela. Ez die gehiago hitz egingo, ez pixagurak nago eskatzeko, egarri naiz, ez nortzuk zarete galdetzeko zer nahi duzue. Konturatu da alferrik dela, bere galderen bidez ez duela informaziorik lortuko, kontrako efektua du gainera, hitz egitera bezatzen dutena bera da.

        Jadanik ez zaio arrotz egiten bere ahotsa mozorroei hizketan. Zer ikasi du ordea? Frantsesez badakitela? Ez du dudarik egiten guardia zibilak direla, halakorik ziurtatzeko inolako frogarik ez duen arren. Usaina, esateko zorian egon da. Kaserna usaina, esango luke kideek egingo lioketen galdeketan. Nola dakik pikoletoak zirela? Uniformearen usain berezi hori, txikitan aita kartzelara ikustera joaten zenean usaindu zuenetik gogotik kendu ezin duena. Usaina eta ateko zaintzan zegoenaren esku lakarra qué niño más guapo bere masailean ¿vienes a ver a papá?

        Entzun dituen ahotsak zenbatzen hasi da, arreta aldentzeko gertatu behar den izugarrikeriatik. Hasieran harritu egin da emakumezkoarena entzun duenean. Segituan egin dio errieta bere buruari erreakzio matxista horregatik. Zergatik ezin dira bada emakumeak egon etsaien talde operatibo batean? Torturatzaileen artean. Davidekin izan zuen eztabaida batekin gogoratu da, emakumeek torturatzen krudelagoak izan behar dutela zioen hark, Abu Ghraibeko argazkietan oinarrituz. Krudelkeriak ez duela sexuarekin zerikusirik, berak.

        Ezein ondoriotara iritsi ezin den beste eztabaida zentzugabe horietako bat. Xake-jokoan aritzea bezalakoa da Davidekin eztabaidatzea. Ez du galtzea maite ezta beltzekin jokatuta ere, abiapuntu gisa argudio kaskarrena hautatuta ere, beti bilatzen du gutxienean partida berdintzeko modua. Deformazio profesionala, dio, ulertu behar didak, hirekin eztabaida bat galtzen badut, beste eztabaida garrantzitsuagoak ere gal zitzakeat, eta horrek ondorio larriak litizkek gure borrokaren sinesgarritasunarentzat.

        Alferrik da borrokaren etorkizuna ez dagoela pertsona baten une bateko azkartasunaren mende David konbentzitzen saiatzea.

        Michellerekin hautsi zuenetik gozakaitz dabil David.

        Argia egin zaio. David litzateke zerbait okertu dela konturatzen aurrena. Burkidea, laguna saldu behar al du? Ez da saltzea, mezua izango da, ulertu ahalko du! Lortuko du segadari ihes egitea. Azkar batean hura ere harrapatzera jotzen ez badute.

        Dirua non dagoen ez didate aterako. Eta erreserbako armategia ere ez.

        Burkideak, armak eta dirua. Zer gehiago behar da? botako du Atharratzek txantxa doinuz.

        Ildo politikoa! Haserretuko litzaioke David. Ildo politikorik gabe ez dago ezer! Dirua lortzen da, armak erosten dira. Ildo politikoari atxikitzen zaio herria. Ez gara lapur-talde bat, ostia!

        Beti erortzen da segada berean. Petzero!

        Gauza batzuekin ezin da txantxarik egin, joder.

        Denok egingo dugu barre.

        Denek egingo dute barre.

        Ildo politikoa. Azken koiuntura azterketan idatzi genuen, bai, etsaiaren egoera oso desesperatua zela eta berriro ere zernahi egiteko gai izan zitezkeela atakatik irteteko.

        Igarleari ehizakia nor izango zen asmatzea baino ez zitzaion falta izan. Eta ehiztaria ehizakiaren gidari-lanak egiten zituena zela igartzea. Nolatan ez naiz ohartu. Ez da egia, ohartua nintzen, banekien zerbait ez zebilela behar bezala. Begiak itxi ditut. Berriro ere paranoiko dei ez nintzaten.

        Ez naiz fio, ez naiz fio, ez naiz fio.

        Hi nortaz fio haiz, Juanmigel?

        Eta isildu egin behar. Egiaz nire buruaz doi-doi fio naiz, baina kiderik fidagarriena ere infiltratu bat dela esango balidate ez nintzateke asko harrituko. Aukera hori beti hor dagoela ez dut ahanzten. Begira Mossadekoak, palestinar emakumeekin ezkondu eta haurrak izatera iritsi izan dira! Eta gero, agintzen dietenean, alde! Nola osa daiteke familia bat maitasunik gabe? Hori ezinezkoa da, maitasuna sentitu behar dute, emazteaganako ez bada beren haurrenganako.

        Zazpi ahots denera. Hiru mozorrodun ikusi ditut begietakoa kendu didatenean. Ez dut Goldoraken ahotsa entzun, ez zen bera mozorrodunetakoa. Bete du bere misioa, emango diote domina eta erretreta eder bat. Bejondeiola. Infernuan.

        Infernuan ni nago.

        Badatoz.