Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Mexiko

 

 

1

 

Zenbateko indarra behar du abioi batek lurraren erakarmen-indarrari aurre egin eta hegaldatzeko?

        Zenbateko kemena eta adorea behar du erbesteratuak bere jaioterritik are urrunduko duen bidaiari ekiteko?

        Zergatik Paristik, harrituko zait aduanako polizia, buruz ikasi dudan nire nortasun berria daraman pasaporte faltsutuari, lan ona egin dute, mesfidati begiratuz. NANeko datuak ere ondo ikasi ditut, gurasoen izenak ez ezik agiria egin zuten data ere buruz dakit.

        Bakantzetan doanaren irribarrea egiten trebatu naiz bainugela txikiko ispiluaren aurrean. Ez da azaroa bakantzetara joateko garai oso arrunta, pentsatuko du immigrazio klandestinoa eta droga-trafikoa detektatzen cum laude jasoa dukeen agenteak; hori ere niri egokitu behar, baina ez dut uste Hexagonotik ateratzeko eragozpen asko jarriko didanik, nahiz eta frantsesei oraindik ez zaien buruan sartzen Espainia eta Portugal duela ia bi urtetik beraiek bezain herri komunitarioak direla, zinezko europarren eskubide berberekin, beraiek bezain europar garela espainiar nortasun agiridunok, Afrika jada ez dela Pirinioez bestalde hasten ofizialki. Nola jakin ordea ez ote dieten itsasoz bestaldeko beren kolegei bidaiari susmagarrien berri ematen? Ez dago larritzeko arrazoirik; ondo prestatuta ekarri dut kantada, esan nahi dut azalpena, hori ere ispilutxoaren aurrean ahots goraz saiatuta, zerbaiterako balio behar zidaten Eusko Jaurlaritzak antolatutako antzerki ikastaldiek: Espainiako gerra galduta Mexikora alde egin zuen nire aitona hil berriaren hiletetara noa, ez nuen Père-Lachais-eko hilerrian Jim Morrisonen hilobiari ikustalditxo bat egiteko aukera baliatu gabe joan nahi ordea. Edozein cum laude zezelduta uzteko adina aski argudio esoterikoa deritzot.

        Bueltakoa latzagoa litzateke.

        Bidaia honek ez du bueltakorik ordea, txartela joan-etorrikoa izan arren, susmoak uxatzeko, hango sarrera errazteko ere bai, mire pues soy un turista que viene a ver la Calzada de los Muertos y la pirámide de la Luna, en Teotihuacan, eso mismo. Tira, ez duk zergatik haien ahoskera imitatu behar. Hori ere etorriko da berez, esfortzurik gabe, frantsesa ikasi duan bezala, murgiltze metodoari esker jabetuko zaik mexikarrak gaztelaniaz hitz egiteko duen kutsua, hiztegia eta abiada. Mantsoago hitz egiten ikasi beharko duk, hasieran ez ditek deus ulertuko eta. Ikasiko duk ere gauzak zuzenean eskatu ordez zeharka galdetzen.

        Bitxia izango da hemengo hotza eta hango beroaren arteko kontrastea. Bero egingo duela iruditzen zait, baina egia esan ez dakit Mexiko DFn zer eguraldi egiten duen. Galdetu behar nien.

        Hegaldi desberdinak hartzea hobetsiko dugu, zer gerta ere.

        Ikusgarria omen da zerutik, zenbat etxe, zenbat fabrika, zenbateko kutsadura, nolako sumendiak. Benito Juárez aireportua.

        Hegazkinetik jaitsi eta migrazioa pasa ondoren —erraz esaten da—, ekipajea hartu eta kanpora. Dirua aldatzera aurrena, bertako pesoak izateko. Dirua aldatu eta gero, hitzordua arratsaldean denez eta abioia goizean iristen denez, ekipajea kontsignan utzi eta aireportutik irten buelta batzuk ematera. Hitzordua hurbildu ahala aireportuko tabernara, hitzordu lekura gerturatu; kontrazeinuak gabe ere ezagutuko haute.

        Lasai, dena lotuta egongo da. Behin abioian sartuta, itxi itzak begiak.

        Irekitzen dituanean, esateko modua da, beste kontinente batean egongo haiz. Ozeanoaz haraindi. Nork idatzi zuen itsasoa esperantzarik gabeko lautada amaigabea zela? Erbesteratu batek seguru. Tradizio baten jarraitzaile besterik ez haiz izango hi ere. Ternuatik Tierra del Fuegora. Dena dago euskal abizenez beteta, euskal toponimia postkolonbotarrez.

        Hik ere utziko duk hire hazia.

        Tradizio bat da, sasi-mugaren babesa aski ez denean euskaldunak itsasoa jartzen du bera eta etsaia edota miseriaren artean. Eta kontinente berrian zaharreko ekanduen propaganda egiten du, utzi eta gainditu nahi zituen gaitzak hedatzen ditu, lehoiaren buztan izatetik arratoiaren buru izatera pasatzen da, ezinbestean, azalaren koloreagatik eta bihotzaren ahuldadeagatik, bere arbasoek bertakoen odol eta izerdiaz pilatutakoaren oinordeko da, nahigabe ere.

        Noiz itzuliko naiz?

        Ez naiz ni hara doana. Nirea ez den izen baten mozorropean egingo dut bidaia. Nire burua kontrabandoz eramango dut. Guztiz joan nahi ez banu bezala, itzulerarako aukerari ate-zirrikitu bat utziz.

        Itzuliko al da inoiz?

        Euskal Herrian utzi nuen nire mamua, hango kaleetan alderrai, ikusten ez duten adiskideei aldarri eginez, e e e hemen nago, ez nazazue ahaztu.

        Orain Parisen utziko dut nire bigarren itzala, hura baino galduago, ingurune arrotzean, nori laguntza eskatu ere izango ez duena, urte eta erdian landutako bakardadearen ore minean bildutako azala karraskatu eta haragi bizitan duen bihotza agerian utziko duena.

        Oaxacako eta Querétaroko kaleetan nire hirugarren mintz bat ibiliko da, lainoen gardentasuna izango duena, nirea ez den beste izen batekin bizitzen, alderrai, Zócaloa miresten, Diego Rivera eta Frida Kahloren arrastoan, bataren obra erraldoiaren eta bestearen saminaren zentzua ikertzen, Villa eta Zapataren partidekin zamalkatzen, Minaren askatasun haizea letretan biltzen, atzerriratu ez ziren senideen aztarna ezinezkoekin eta zuhaitz genealogikoan agertzen ez diren arbasoekin etxera hurbildu usteko duten istorio fantastikoak asmatzen.

        Lagunartean soilik berreskuratuko ditu izan zen haren hazpegiak, hizkuntza, izaeraren aztarnak, atzerri urrunak egunetik egunera narriatuago, mikaztuago, herriminaren errotarrian ehota, permanentemente gozakaitz, zer gertatzen zaik, zer gertatu zaik, lehen ez hintzen horrelakoa.

        Erantzun aurretik, buruz dakian arren, begiratu zenbat kilometrok banantzen hauten sorterritik, gauaren oharkabean kontinenteen plakek batzera egin ez ote duten, hire sumindura eta tristuraren neurria emateko.

        Hirutan banatuta ez naiz inor izango. Ez nintzen hura, ez naizen hau, ez izango naizen hori. Euskaldun ukatua, sasi-paristarra, mexikar mozorrotua.

        Erbesteratuaren sindromea ber hiru.

        Etorkizuna iraganean ikusten du atzerriratuak. Arrotza da eta dena zaio arrotz. Egokitzeko egiten duen ahalegin bakoitzean uzten du ordura arte bere izaera osatu duen parte bat, anputazioa eta transplantea.

        Ostiralero Euskal Etxean beste iheslariekin elkartzean, hitz egitean nabarituko duen ondoezaren arrazoia ez du jakingo hasieran. Irribarre egingo du, noiztik ez duen barre algara sano bat bota galdetuz bere buruari. Ia hamar urte daramatzate bertan bere solaskideek, Monzonek mizpira egurrez egindako zilarrezko grabatudun euskal makila batek bidea irekita. Begiratzen die eta bertakoekin ezkonduta ikusten ditu, bertakotuta, bere etorkizunaren ispilua ikusten ari da oso preziatua den patxaran botila bat xukatzen ari diren artean.

        Mingostuta dabil, bere aldarte ilunaren jatorria ezin asmatuz, oharkabean ari baitzaizkio maskaltzen ingurumen berrian ezdeus zaizkion organoak, eranskin alferrikako, mozkorraldi gauetan, Aberri Eguna ospatzen jarraitu behar baita Euskal Etxean eta Gudari Eguna ere bai lagunarteko intimitatean, soilik erabiltzen baititu, peritonitis akutu batek jotzeko arrisku larrian bizi da, erbestearen mikatza ezagutu duen oro bezala.

        Anestesiarik gabeko ebakuntza egunerokoa jasaten ari da, min ezdeus infinitua, birikak hustu eta aire ezezagunez betetzen dion tantaz tantako sufrikario amaigabea.

        Eta goiz batean, bizarra egiterakoan, ordura artean ikusi gabeko hanpadura bat nabarmenduko du, bibote mexikarraren ezker hegalean. Ukituko du, ez dirudi pinporta zornatua denik, gainera nerabezaroa aspaldi igaroa du. Ez dio minik egingo. Kontrakoa esango luke, hor dagoela sentitzean, ukitzean, plazer moduko bat nabari duela barne-barnean.

        Kalera ateratzerakoan birikak gogotsu beteko ditu ordura arte ezezagun zitzaion gozotasunez arnastuz hiriaren aire kutsatua. Lankide duen herrikide erbesteratuak azalduko dio egokitze fasean urrats garrantzitsua egin duela, mexikartzen ari dela, laster Indio, Corona, Coronita, Pacífico garagardoak Astigarragako sagardoa bezain gustura edango dituela, takoak eta txileak taloak eta Tolosako babarrunek antzeko plazera emango.

        Amputación y Transplante jaia antolatuko diote lagunek. Herrimina, borroka-mina, koldarkeriaren sentsazioa, ezintasuna, amorrua itotzeko.

        Ihes egingo du egun batzuez. Nevado de Colima sumendira igoko da. Motxilatik ikurrina aterako du. Berarekin igotzea lortu duen austriar bati argazkia ateratzeko eskatuko dio. Gora Euskal Herria askatuta oihukatuko du biriken indar guztiz. Oihartzunak errealitatera ekarriko du. Gure Euskal Herria ahaztuta. Bai. Boten azpiko mendia bezalakoa bihurtu da bera, burua hotz sugarrak bihotzean.

        Jadanik ez dagoen leku batera itzuli nahi luke. Gorputza bihurritu, urratsak desegin. Alfer-alferrik. Espazioan atzera egitea ez bailitzaioke aski denboran ere atzera egin gabe.

        Bere ondoren iritsi diren errefuxiatuei galderak egiten hasi zaie. Duela ez hainbeste berari egiten zizkioten galdera berdinak dira. Eta berak ematen zituen erantzunen tankera berekoak jasotzen ditu.

        Tarteka bisitan etortzen zaizkion herritar eta senideek ekartzen dituzten argazkiei begiratzea gero eta zailago egiten zaio. Ilobak handitzen ikustean jabetzen da aurrera doazela urteak. Hiriaren antzaldatzean bere etorkizunaren higatzea dakusa. Kontserbadore bihurtu da, isilean, ez dezaten erotzat hartu. Ez ukitu lantegi horiek! Ez eraiki deus orube horretan! Ez itxi denda hori! Ez zaitezte hil oraindik; erregutzen die otoitz sekretuan, bere gaztaroan adineko ikusten zituenei, jadanik berak orduan haiek zuten adina duela onartu nahi gabe.

        Etorkizuna, sepia koloreko argazki batean agertzen den paisaia kutuna da jadanik.

        Eta ikaratu egiten da.

        Turbulentzia bat pentsamenduan. Pilotuaren baldarkeria bat. Argi bat ilunean, inoiz itzultzekotan atzerritik atzerrira itzuliko dela ohartzen da. Atzerria dela bere oraina eta etorkizuna. Eta iragana bera gero eta arrotzago egingo zaiola, zainak mozten zaizkion zuhaitza ihartzen den bezala joango dela zimeltzen bere aberri bakarra, oroimenekoa. Ez dela aski izango tarteka iristen diren egunkari atzeratuen bidezko tantaz tantako gazura, boteretsuagoa dela espainiarren eta nazioarteko hedabideen galbahetik pasatako berriek dakarten pozoia bere grina itzaltzeko.

        Ba al du pozoi horren aurkako antidotorik? Bere atzerri dultzea? Bere aberri txikia? Zer idatziko du maia eta azteken herrian? Zer literatura idatziko duk Martin Andima Telesforo? El rumor bajo sus pies, las nieves eternas, el olor de la sangre? Eta atzerri dultzea elikatzeko gai izango ez den egunean?

        Hiztegietan hasiko al da ahazteken eta mahaien euskal erroen frogen bila? Kordea galduta, konortea galtzear mahai gainera igo eta entzun, entzun! esango die. Nire azken toponimi-poema!

 

                Txitxen hitza uazteka,

                ixmikilpan tapatia.

                Tlakepake iuriria,

                tamazuntxale ixtapa.

                Xoximilko irapuato,

                teuentepek uxmal tula.

 

        Kezka bumeran bat bezala itzuli zaio Cancúngo paradisuzko hondartzatik Île-de-Franceko aldiriko apartamentu tristeraino. Idatzi duk ipuin liburu bat, oso ondo. Baina aurrerantzean izango ote haiz gai beste ezer idazteko? Zer? Mikel Kunderantzaren La rumeur sous ses pieds, les neiges éternels, l'odeur du sang?

        Zer izango dugu, Atzerri Hurbileko Euskal Literatura edo Atzerri Urruneko Euskal Literatura?

        Izango ote da Parisen beste ezer idazteko gai?

        Izango ote da Mexikon ezer idazteko gai?

        Pasatu du urtebete. Egokitzen. Carlos Fuentes. Iturria agortzen. Bi. Berregokitzen. Pedro Páramo. Agortuta. Anputazioa, transplantea. Luze doa kontua. Hik ez al huen idazten? Beste tekila bat, azkar! Gatza! Limoia! Under the Volcano. Hilen Festa. Idatzi behar huke zerbait Otaño, mariatxiak, eskua ez duala galdu erakusteko bada ere, Iparragirre, txarroak. Ea poema horiekin zerbait egin dezaketen idazle lagunek uztaileko urteroko festan, bai Orixe Durangon bestela!

        Ahaztu zaio ia erabat frantsesa. Eraldatu gaztelania. Herdoildu euskara. Pena ematen dio idazten duen lerro bakoitzak. Ez da inori erakustera ausartzen. ¿Tú eras escritor, verdad? Galderak berak erakusten dio zer bihurtu den. No, no, lotsatuko da. Sí, hombre, kide batek adore eman nahian, azkenaldia pattal samar dabilela ezin ezkuta dezake eta, escribió unos libros muy buenos, tenía mucho futuro. Gaztetan meniskoa apurtu zuen etorkizun handiko erdilariaren elastikoa jantzi diote. ¡Échele un trago! ¡Alegre esa cara! Beste tekila bat, azkar!, gatza!, limoia!, garagardotan ito gaitzak! Tak.

        Bururatzen zaizkion istorioak hilaur jaiotzen dira garunetik eskurako bidean paperik hiztegirik gramatikarik gabeko jauzi hilgarria egin ostean. Nola deskribatu atzean utzi duena?

        Iragan amaitu batean edo inoiz gertatuko ez den etorkizunean kokatzen ditu kontakizunak. Ideia ona izan zen bai Popocatépetlen galdutako euskaldun horiena. Ideia ona bai. Izenburua ere dotorea. Ez du gogoratzen jadanik, ordea. Hor nonbait egongo da, paper anabasaren artean galduta. Bera bezala, nor den ere ez dakiela.

        Nekatuegi itzultzen da lantegitik. Gerente jarri dute. Nork esan behar zion. Badakik, hemen ikasketak dituenak (nik ez diat ordea!) lortzen ditik posturik onenak, konfiantzakoak. Begia kliskatzen dio bertsolari sena duenak, badakik ardura postuetan jende zuria nahi izaten ditek. Hori barrea. Ia botaka egin du, tripako minez, matrailezur estutuen minez, iraultza minez.

 

*

 

        Bidaiarako argibideak eta gomendioak eman zizkiotenean bateko eta besteko aduanako agenteei irribarre bortxatuz plazerezko bidaia zela esateko aholkatu zioten, voyage de plaisir hemen, viaje de placer han.

        Infernurakoa, Air Franceko hegaldi hori. Amesgaiztoa lokamutsa eldarnioa sukar-ametsa beldurra izu-laborria hezur-mamietarainoko ikara. Ozeanoz haraindiko eztorkizunak ematen diona.

        — Está usted pálido —ohartaraziko lioke doinu ustez abegikorrez, ondo ez doan zerbait antzematen jaioa den migrako agenteak.

        — No es nada, el avión, que me da pánico.

        — ¿Algo que declarar?

        — El único deseo del exiliado es volver. Y cuando por fin lo consigue, se da cuenta de que su exilio nunca acabará. Que su patria se quedó anclada en el pasado, que su único futuro es un ayer inalcanzable.

        — Pase y que tenga una feliz e interminable estancia en el país.

 

 

2

 

— Ni ez noa.

        — Nola ez hoala?

        — Paper faltsuak eginda zaudek ordea!

        — Denok alde egingo genuela esan genioan ordezkariari.

        — Han ere kontaktua eginda zaukaagu. Bazakitek bagoazela.

        — Zer egin behar duk bada?

        Saint-Sulpiceko Tabac-ean gaude. Aldatu behar genuke tokia, baina zertarako, pentsatu genuen, azken hitzorduak dira. Faltsututako nortasun agiriak eta Mexikon kontaktua egiteko argibideak jasotzeko eta gure hegaldien egunen berri emateko, hangoek gure bila noiz joan jakin dezaten.

        — Ez zakiat zer egingo dudan, baina ez noak Mexikora.

        — Bidaia egiteko baldintzarekin lortu ditiat ordea paper faltsuak!

        — Ez zaizkidak gaizki etorriko Parisen.

        — Bakarrik geldituko haiz.

        — Segurtasun hitzordura agertuko nauk ordezkariarekin kontaktatzeko.

        — Berak ere ez badik alde egin.

        — Hori!

        — Eta non biziko haiz?

        — Ez zakiat.

        — Ostia, ez egin txorakeriarik. Hemengoa bukatu duk, frantsesek erabakia hartu ditek, errefuxiatuak banan-banan ehizatu eta Guardia Zibilaren eskuetan jarriko gaitiztek.

        Nola esan Guardia Zibilaren baitezpadako itzalak baino beldur gehiago ematen diola ozeanoaz bestaldean bihurtu daitekeen mamua irudikatze hutsak? Koldarkeriaz gelditzen dela Parisen. Bakarrik. Komitekoaren bidez hamar egun eskasetarako utzi dioten bizileku bihurtutako trasteleku batean, segurtasun hitzordu batekin, paper faltsuekin eta libera batzuekin; eta geroak erranen du.

        Muturra okertu diote. Arranguratsu sumatzen ditu. Keru txarra hartu diote ukoari. Bertan behera uzten dituela sentiarazten diote, traizio txiki bat egin diela, beren erabaki irmoa zalantzan jartzen duen engranajeko harea alea. Bere iritzi aldaketaren atzean beren erabakiaren kritika ezkutatzen duela usteko dute, aitortu nahi ez badie ere, itsasoaz bestaldera alde egiteko hartu duten erabakia frontea bertan behera uztearen pareko delakoan bere begietara.

        Hain daude oker.

        Nola esan erabakia hartu duenetik, itsasoaz gaindi irudikatutako bere erbestealdi luze eta beldurgarriaren itzal aizarotsua desagertu eta ordez hamar egunetako epea besterik ez duen etorkizun laburraren arintasuna sentitzen duela bere baitan?

        Beraiek direla ausartak esan beharko lieke, adarra jotzen ari zaiela pentsatuko ez balute. Nahiago duela Parisko neguko ainubea, Mexikoko uda beteko egutera baino. Gaueko trena hartuta zortzi orduren buruan, eta hemendik ez hainbestera TGVa martxan jartzen dutenean, bosten buruan, Donibane Lohizunera iritsi ahal izateko aukera izateak erbestealdia edozein unetan eten dezakeela sentiarazten diola. Handik aldiz ezingo zukeen itzuli. Atlasean Mexikoko mapa begiratu duenean kartzela erraldoi baten irudia agertu zaiola. Tijuanatik Matamorosera, Tapachulatik Ciudad Juárezera dena burdin barraz, txarrantxaz eta murru erraldoiez inguratua.

        Ez die esan Parisko erbestealdian bere baitan bere idazlumaren puntan aurkitu duen aberri txikia Mexikoko basamortuan ihartuko zaion beldur dela. Berekoia dela hautua egitean. Bakardadearen usaina dariola Parisko egonaldiari, bai, baina usain hori ere idazten jakingo duen esperantza duela, ikasiko duela hirian tinta-zirkulazioa elikatzeko lehengaia aurkitzen. Eta une hauetan hori besterik ez zaiola ardura. Idazle izan nahi duela. Eta Mexikok eskuak zurrundu hebaindu moztuko dizkion aurresentimendua duela.

        Ezin die esan ordea Mexikora joan gabe bertan gelditzerakoan agian bestelako konpromiso baterako bidea zabalik uzten duela. Bere buruari ere ez baitio aukera hori dagoenik aitortzen. Bere burua idazle ikusten du, ez gudari. Usaintzen al du errefuxiatuaren lorratzari uko egiterakoan bere engaiamendua sakontzeko atea zabaltzen ari dela?

        Demagun ez dela horretaz guztiz kontzientea, orain artean ere ez da-eta gai izan engaiatzeko egin dizkioten galderen zentzua ulertzeko. Zer egin nahi duk galdetu dioten bakoitzean, neskarekin hitzordua lotu ahalik eta azkarren, Parisera joan, idatzi, erantzun du.

        Ez da erabat zozoa ordea, jakin behar luke Parisen bakarrik ez duela luzaroan iraungo. Arrazoi dutela kideek, frantsesek no man's land-a desagerrarazi dute. Bere tartea oso murritza izango da, ezingo du bizitza arrunta egin. Gainera, egin ote daiteke bizitza arrunta herria jasaten ari den errepresio zaparradarekin? Lehen hitzorduan eguzkitarako betaurrekoen atzean mintzo zen gudariaren arrangura oroitzen du oraindik. Errepresio zaparrada. Artean esapide itsusia iruditzen zaio, noski, modu poetikoagoa beharko luke gertatzen ari dena izendatzeko, baina Monzonez geroztiko poetak ez daude nonbait borrokaren gordina ederresteko.

        Egoera nola izendatu berdin du, ez da aldatuko horregatik: jadanik ez du errefuxiatu paper ofizialik lortuko, Poliziak atxilo hartzen badu mugara eramango du eta Guardia Zibilaren eskuetan utziko. Tortura dauka zain. Eta horrek poesia egiteko oldarra izozten dio.

        Mexikora ez joatea erabaki du beraz, kideei aitortzen ez dien arrazoi literarioengatik, bere buruari esaten dionez.

        Baina berak jakin gabe etorkizuna orain dagoen Saint-Sulpice plazako Tabac horretan bertan dauka zain: errefuxiatuekin lotura egiten duen militantea agertu eta zer egiteko asmoa duen galdetzen dion egunean.

        Argiago: engaiatu nahi duen galderari emango dion ezinbesteko erantzunean.

        Artean ez da jabetzen, ordea.

        Aurrerantzean Parisko bakardadea bizi beharko du, piztia ehizatua bezala sentitu bere burua, inorekin hitz egin gabe, bere itzalari ere ihes eginez, tristuraren azken hondoa ezagutu. Gogo-beheraldia koilararekin gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko irentsi beharko du, poesia eta horrelako luxuak burutik kentzeraino. Ez dira lirikarako garaiak kantatzen zuen parrandan idazle lagunekin. Hara, iritsi zaizkio egun horiek, oraindik ez badaki ere, oraindik negua ere infernuaren sasoia dela ikasi behar baitu, oraindik hiriaren barrunbeetan bohemioaren itxurak eginez ibiliko bada ere, oraindik ere poesia lerroak lubakien modura erabiliz ezinbestekoa izango zaion eraldaketari aurre egin nahi badio ere, petit poète.

 

 

3

 

Atzerrian, urria

        Aupa, etxekoak!

        Urteotan ez dizuet oso maiz idatzi. Ez dugu ere elkar ikusteko aukera handiegirik izan. Eta orain agur moduko bat egiteko idazten dizuet. Aurrerantzean ezingo dizuet hots egin, ezta segurtasunagatik amonaren etxera ere orain artean bezala; gure arteko hitzordurik ere ezingo dugu egin, ez dakit noiz arte.

        Azkenean, iritziz aldatu eta ez noa oharrean aipatzen nizuen herrialde horretara. Badakit horretarako eskatu nizuela dirua. Hemen ere ez zait gaizki etorriko ordea, puska baterako badaukat horrekin. Eta bukatzen zaidanerako aurkituko dut aurrera ateratzeko modua, zuek lasai. Dena dela, itzuliko dizuet ahal bezain pronto. Badakit haserretuko zatzaizkidatela, ez dudala zertan itzuli esango didazuela; nik nahiago dut horrela ordea. Ez da deus zor nahi ez dizuedalako, hori ezinezkoa da, dena zor baitizuet, diru kontuek sortzen duten menpekotasun-harremana da maite ez dudana. Badakizue diruari ez diodala balore handirik ematen. Horrexegatik ere ez dut diru mordoxka hori zuei itzultzea nire lehentasunen artean jarriko. Baina esan bezala, ahal bezain pronto, eta ahal badut, itzuliko dizuet.

        Amaieratik hasi dut gutuna, despedidatik. Eta gainera kontu materialekin. Beti bezain baldar, beraz. Izugarri maite zaituztedala esateko idazten dizuet. Eta gutunean agertzen diren beste gai guztien azpitik eta gainetik hori gorde ezazue gogoan, bihotzean.

        Esan didate gutun hau bide ziurretik doala eta itxita eman dezakedala. Nahiago horrela. Ez dut maite-eta nire barneko sentimenduak, kasu honetan zuenganakoak, inoren bazka izatea; ez lagun eta ez etsai. Badakit segurtasun arrazoiengatik irakurtzen dituztela gure gutun pribatuak, eta ez zaizkiela ardura gure-gureak diren kontuak, badakit ez duela inork inoiz erabiliko barne postaz bideratutako gutun batean jarritako deus nire kalterako; ez bada etsaiak, noski. Ezin da erabat baztertu gutun hau, beste batzuenak lehenago bezala, haien eskuetan erortzea eta hedabideetan manipulatuta erabili izatea; edo inoiz haien atzaparretan eroriz gero tortura saioetan nire borondatea makurtzeko tresna bihurtzea. Nik ere ez baitakit zer bide egingo duen etxeko posta-kutxaraino, norbaitek hartu beharko du muga pasarazteko arriskua, eta arriskua dagoen tokian erabateko ziurtasunik ez.

        Utz ditzadan aieru ilunak.

        Ezin dizuet oraintxe bertan esan zer nolako bizimodua eramango dudan aurrerantzean. Eta hau bai ez dela segurtasun kontu bat. Neronek ere ez baitakit nondik nora ibiliko naizen (baina ez larritu, gero! Ez naiz goseak hilko eta ez dut zubipean lo egin beharko). Dakidan gauza bakarra da hasierako asmoari jarraitzea ezinezkoa egin zaidala. Ez inork oztopatu edo debekatu didalako. Inondik inora. Nire-nirea izan da erabakia. Nire-nirea izan dela diodanean, beste inoren aholkurik jasotzeko aukera ere ez dudala izan esan nahi dut. Nahiago nukeen, bai, zirt edo zart egin aurretik nire kezkak eta beldurrak norekin hustu eta goxatu eduki izan banu. Ez da horrela izan. Bakar-bakarrik egin behar izan diot aurre, oraingoan ere, nire bizitzaren norabidea markatuko duen erabakia hartzeko atakari.

        Ez dira baldintza hoberenak izan, eta horrek erabaki zuzena hartu ote dudan zalantza eragiten dit. Bide-seinalerik ez dut izan zein norabide hartu laguntzeko. Atzera ezin nuela egin izan da argi izan dudan gauza bakarra. Hori dauka ona duela bi urte luze hartu nuen bide honek: ez du atzera bueltarik. Hala ere, oraindik batzuetan atzera egin eta etxeko atean txirrina jo (klin-klon!, oraindik gogoratzen dut doinua, ez pentsa!) eta nire burua txikitako gelako babesean gordetzen irudikatzen dut. Edo zuei deitu, hitzordua jarri eta «Goazen etxera!» esaten. Inork ez ikusteko moduan ezkutatuta sartuko nintzateke gurean. Nork bilatuko ninduke gurasoenean? Sekretua gordetzea izango litzateke kontua. Zenbat eutsiko ote niokeen kalera irten gabe? Tira, dagoeneko ikastaldi batzuk eginda nago eta bizitoki ezagunean eustea goxoagoa izango litzatekeela ez dut zalantzarik egiten. Marka litzateke, gero. Hain gazte alde egin gurasoen etxetik eta arranoa txitaren habiara itzuli.

        Ezinezkoa da, noski, eta ez da hori ere nire benetako nahia. Ahuluneetako burutazioak baino ez dira horiek. Hartutako bidea atzera bueltarik gabea da. Sinatu gabeko hautsiezinezko hitzarmenak lotzen nau alde egitera behartuko ninduen urratsa egitea erabaki nuenetik.

        Ea nola azaltzen dizuedan.

        Orain Euskal Herrira bueltatzea bizitzak bere gordinean irri egiten zidan egoera batera atzera egitea litzateke. Goxotasunari dagokionez bizitzen ari naizen egoerarekin parekatzerik ez duen egoera batera. Orduan hamaika ate eta aukera nituen. Narrika kalean behin eta berriro gelditzen nintzen ezagunekin hitz egitera, arratsaldez hitzordurik gabe aterata ere beti nuen ezagun batekin tea edo kafea hartzeko aukera. Nagoen lekuan ordea bakarrik nago, hainbeste etxe, hainbeste ate, hainbeste jende, eta esku bateko hatzak sobera ditut laguntza eske jo ditzakedanak.

        Aurrera begiratzen dudanean ere ez dut ordea Euskal Herririk ikusten. Ez naiz gai inoiz Euskal Herrira itzuliko naizen irudikatzeko. Eta hori da okerrena agian, ez irudikatze horrek egiten duela ezinezko nire itzulera.

        Ez dakit nora itzuli behar dudan. Eraiste eta eraikuntza lan zentzugabean murgilduta dagoen orube bat da orain niretzat gure herria. Eta anabasa horretan ordena pixka bat jartzen ez den artean ez dudala itzultzeko aukerarik izango sumatzen dut. Jada Euskal Herririk ez balego bezala da niretzat. Euskal Herria iraganeko zerbait bihurtu zait. Eta herrimina, iragan-mina. Edo etorkizun-mina. Etxerako itzulera ahalbidetuko duen egoera ahalik eta azkarren iristea nahi nuke. Badakit ordea ez dela besterik gabe eta gauetik egunera gertatuko. Orubeko eraikuntzak beharginak behar dituela esaten dute mitinetan. Eta nik ezintasuna besterik ez dut sentitzen hiri honetan galduta.

        Eta Euskal Herritik gehiago urruntzeko aukerak zorabioa, ikara eragin dit.

        Ez da arrazoiaren arau hartutako erabakia izan, beraz. Alde egingo nuela erabaki nuen unean berean konturatu nintzen ezinezkoa egingo zitzaidala urrats hori ematea. Erabaki arduragabea izan da agian. Ez baitut beste ezeren truke utzi Frantziatik alde egiteko hasierako asmo hura.

        Nire buruari aitortzen diot beldurragatik izan dela, ezezagunari aurre egiteari diodan izuagatik. Esango didazue kontatzen ari natzaizuenarekin hemen geldituta aurrean dudana ere ez dela ezagunagoa.

        Zerbaitek lotzen ote nau hiri honetara, kontinente honetara? Patua izango da. Nonbait idatzita egongo da ez dudala alde egin behar.

        Arrazoiak agindutako erabakia izan ez bada, ez nuke esango ere koldarkeria izan denik iritziz aldatzera bultzatu nauen bulkada bakarra. Dakidan gauza bakarra da, ez alde egiteko erabaki irmoa hartu nuenean zama handia kendu nuela gainetik.

        Ordura arte ikaraz nenbilen, alde egitear nengoela ez ote ninduten atxilotuko, kalean, aireportuan, hemen edo han. Orain badakit ingurune honetan egin behar dudala nire bizitza. Datorkidanari aurrez aurre begiratuko diot, ez dut ustekabean kokoteko traidorerik jasoko.

        Hiriari ere beste modu batez begiratzen hasi natzaio. Lehen ez bezala masan urtzen saiatzen naiz, hiriko beste biztanle bat gehiago bainintzen. Hiritar arruntaren tristura nireganatu dut, ibileran, begiradan, mintzatzeko modu suminduan. Mozorro berri bat besterik ez dela izango espero dut. Ez nauela kutsatuko, ez didala nire zinezko izaera aldaraziko.

        Senak aginduta hartu dut erabakia. Aitak ulertuko du hitz-jokoa. Ados, txarra da.

        Oraintxe bertan zuek besarkatzeko izugarrizko gogoa dut. Banan-banan eta denok batera.

        Bitxia zait, han nengoenean zuengandik urruntzeko joera nuen, nire bizia egiteko beharra, zilbor-hestea moztekoa. Muga pasatu bezain pronto, aldiz, zuenganako maitasuna eta beharra inoiz sentitu ez bezalakoa izan zen. Eta urte pare luze honetan sentimendu hori are eta sakonagoa egin da. Hunkidura, samurtasuna. Eta aldi berean sentimendu guzti horiek adierazteko ezjakintasuna.

        Etxean ez dugu sentimenduak adierazteko trebetasunik izan. Badakit ez dela gurasoen ahalegin faltagatik. Trikuak izan gara. Baina badakit elkarrenganako maitasuna hor dagoela, goxoan, su pindar baten moduan. Agian noizbait asmatuko dut zergatik izan garen horrelakoak sendian. Gure haurtzaroan aita kartzelan egon izanak izango du zerikusirik agian.

        Ez du denbora asko egin gure sendiak batuta, ezta?

        Oraingoz bederen ez naiz zuengandik geografikoki gehiago urrunduko. Fisikoki ezin izango dugun arren elkarrekin egon, esandako lekura joan izan banintz baino hurbilago egongo gara.

        Iraganetik, nire bizileku izan den horretatik, eta orain lehen aldiz Euskal Herri izendatzen dudan puzzle horretatik ere ez naiz urrunduko. Puzzlearen pieza batzuk baino ezagutzen ez ditudan arren (Nafarroa luze-zabalean, Bilbo aldea, Gasteiz gutxi, Agurain, Barria, Gipuzkoako eskualde batzuk, Antigua eta Donostia nola ez!, Azpeitia, Deba, Zarautz, Lapurdiko kostaldea, Urdiñarbe Zuberoan), osotasun bat bezala irudikatzen dut orain.

        Laster ezezagun bihurtuko zaizkit nire buruko argazki bernizatuko txokoak.

        Nire oroitzapenean baino ez da izango nire aberria. Eta ni egongo naizen leku oro ordea nire atzerria. Itzultzen naizenean, aberri berri bat izango da nahitaez niretzat, dena berri izango baita. Eta orduan ere orban bat bezala eramango dut nire baitan datozen urte guztietan pilatuko zaidan atzerriaren itzala.

        Atzerrira alde egitea ez da aste-santuko bakantzetako bidaia arrunta edo abenturazko trekking bat. Inor sekula itzuliko ez den bidaia bat da erbestea. Abialekua abiatzen garen bezain pronto hasten baita itxuraldatzen. Bertan bizi direnentzat aldaketa hautemanezinak dira gehienetan, ondoan dugun haurraren antzera, gure oharkabean eraldatzen da bizitza. Haurra hilabetez ikusi gabe pasatu duenak, aldaketaren handiaz ohartzearekin batera, zerbait galdu izanaren sentsazio gazi-gozoa izaten du.

        Berdin gertatzen da erbesteratuentzat etxeekin, lekuekin, pertsonekin.

        Ni sekula izan ez naizen leku batean bizi zarete jadanik. Nigan dagoen herria, aberria, nirea baino ez da, nik baino ez dut ezagutzen. Eta nigan sortu den atzerriarekin partekatu behar du lekua. Denbora aurrera doan arau, bata gero eta lainotsuagoa eta une berean zehatz eta ttipiagoa bihurtzen den neurrian, bestea puztu egiten da, itxuragabeki, anonimotasunez betez espazio guztia, sekula arrotz izateari utzi gabe.

        Ahaleginak eta bi egin arren, hizkuntza arrotza ikasi arren, herrialde berriaren ekanduak bereganatu arren, atzerritarrak beti gordetzen baitu hiztun berriaren kutsua bere baitan, herriminak ahoskera perfektua bereganatzea ekidingo bailion.

        Harrera-herrikoen begietara ere antzera gertatzen da, atzerritarra edozein unetan desager daitekeen norbait da, itzul daitekeen norbait, epe luzerako planak egiteko hastapenetik fidagarria ez dena. Hamarkadak pasa ditzakeena «erabat fidagarria» izan gabe. Ezta bere buruarenganako ere.

        Erbesteak errealitatearen hautemate-gaitasuna aldatu dit. Nire euskara (eta gaztelania) ez da garatu (eta herdoildu) modu arruntean. Fosilduta, izoztuta gelditu zaizkit hizkuntzak (norbere buruarekiko elkarrizketak dezente mugatuak izaten baitira eta ez dute lexikoa aberasteko laguntza handirik ematen).

        Horko lagunekin nituen harremanek ere ez dute aldaketarik izan, ez onerako eta ez txarrerako, ez dago pozerako edota haserrerako arrazoi objektiborik, betirako lagun, betirako etsai izango ditut mugaz bestalde utzi nituen biztanleak. Etsaigoaren garra higatuko ahal da, adiskidetasunaren indarra kontzentratzen den artean.

        Harrezkeroztik egin ditudan lagun berriak behin-behinekotasunaren mehatxupean daude. Gaur bukatu gabe utzitako elkarrizketa bat betirako gera daiteke amaitzear. Behin eta berriz errepikatzen den haustura horrek harremanak egiteko jarrera baldintzatu dit. Harreman iraunkorrek ematen duten lasaitasunik ez dut erbeste honetan, ez bada irudimenean, lagun harekin whiski bat hartzekotan gelditu ginela gogoratzen dut, eta urtebete pasatu da; ez ote dira hogei edo hogeita bost urte pasako whiski hori hartzeko aukera izan aurretik. Bizitzak emango dituen itzulien ostean whiskia edangarria izango ote den jakin gabe.

        Lagunek gazte jarraitzen dute nire oroimenean. Zahartzen, ezkontzen, familia osatzen ari diren bitartean. Eta haiek nire oroimenean gazte mantentzen diren bezala, ni ere berdin mantenduko naiz haienean. Erbesteak badu baita ere gaztetasunaren edabearen antz zerbait. Deserrotuta, ez dut eguneroko bizitzaren buruhausteek sortutako zimurrik edo ile urdinik. Bat-batean hogeita lau urte beharrean hogeita sei ditudala konturatzen naizen arte. Adinean aurrera egiteak ez du esanahi sozialik niretzat.

        Askatasun penintsularra da nirea. Alde guztietatik batetik izan ezik inguratzen nau askatasunak: hain zuzen ere itzuli nahi nukeen horretatik. Nire buruari inposatzen diodan behin-behineko askatasuna da bizi dudana, aire libreko kartzela. Guardia Zibilaren torturek eragiten didaten izu-laborria baino mugazain hoberik ez dago.

        Ihes egitera bultzatu zuten arrazoiak ahazten dituenak, bere buruari jarritako zigor bihurtzen du erbestea. Zigor zentzugabea. Orduan, gerra nazkagarri hau jadanik zergatik ez dugun irabazi galdetzen dio erbesteratuak bere buruari, eta bere egoera penagarriaren erantzuleak pareko etsaiengan ez baizik norberaren lerroen artean bilatzen hasten da.

        Muga pasatu berritan sartu ninduten Lapurdiko lehen etxe hartaz geroztik gero eta urrunago nago zuengandik. Borondatez alde egin nuen, nire herrian bizi ahal izango nuen ustean. Desterratu ninduen Administrazio frantsesak. Atzerrian bizi naiz, atzerriak bizi nau. Ez naizela gehiago urrunduko erabaki dut. Gerta dadila gertatu behar duena.

        Ez dizuet ezer aipatu idazteari buruz. Izan ere Odolaren usaina argitaratu nuenetik ez dut burua idazketan jarri, eta gauzak hain azkar gertatzen ari dira azken asteotan.

        Asko luzatu dut gutuna. Iruditzen zait komeni ez den gauza dezente jarri dudala gainera. Ez dakit igorriko dizuedan. Agian hobe ez igortzea. Hau guztia irakurrita ez ote zareten kezkatuko beste ezer baino, asmatuko zenukete ez nabilela nire onenean. Gaur bizi dudanaren lekuko gordeko dut.

        Ohartxo batean jakinaraziko dizuet ez noala Mexikora eta lasai egoteko nigatik, moldatuko naizela. Beti bezain hotz eta zakar. Izugarri maite zaituztet ordea.