Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Erabaki

 

 

1

 

Azkar doaz urteak babes-jantziaren gainean deserri geruzak loditzen.

        Aurtengo neguak ere udazkena laburtu du, gustuan nago hitzordura abiatu aurretik Les Hallesko kafetegi kuttuneko abaroan, kafea, noisettea, Donostiako Alde Zaharreko Sport-en bezala edalontzi potolo batean ateratzen dute, Sporten ez bezala txokolate puskadun platertxo batekin lagunduta cadeau maison, gogoan Carverren moduko ipuin-liburua, aurrekoen oso desberdina, errealistagoa, pertsonen arteko harremanetan oinarritzen dena idazteko asmoa, eskuartean biharko Le Monde, hileko Le Monde Diplomatique eta Sobietar Batasuneko perestroika eta glasnostaren arrazoiak azaltzen dituen Gorbatxoven liburua, laburpen bat egiteko, ulertzeko nola zergatik zertarako, aurrean bikote bat, adineko gizon ilezuria eta hogeitaka urte gutxiko neska, ederra, aita-alabak ote, paragrafo esaldi korapilatsu tarteetan lotsagabe beraiei begira Parisen egin daitekeen moduan, aita-alabak bai, erabaki dut, Eritreari eta Palestinari buruzko txostenak oraindik bukatu gabe eta Thomas Sankara burkinafasoar presidentearen liburuaren laburpena hasi gabe ditudala gogoratuz, neska ederrari geixa baten antza hartu diot, gaineko tirantedun arin batez jantzia, bularretakorik ez, nabaria zaio, El Salvadorren gerrilla indartsu dabilela dio nazioarteko kazetak.

        Bat-batean ustez aita denak alabaren burua eskuineko eskuz hartu eta ahoan musukatu du atsegalez, eskua papar zabaletik sartuz bularra goxo estutzen dion artean, lotsaz baztertu dut begirada liburuan ezin lotuz berriro altxatzean neska begira-begira daukat, gizona ere bai, bien irribarre adeitsuek kordokarazi naute.

        Mikhailek ez du haria berrartu gizon helduak zerbitzariari keinu egin, ordaindu eta bikotea kafetegitik atera denerako.

        Ez dute alde egin, zain daude kanpoan, nire zain?, neskak keinu dagi Mikhailen ardo orbanaren aldera, eskuaz hator, niri? buruaz, hator nori bestela? begia kliskatuz, hator, ilezuriak baietz buruarekin hatorkigu.

        Ez da mugitu Mikhail, pentsatuz hau Anaïs Ninen Le Basque et Bijou-ren tankerako ipuin erotiko baterako sekulako gaia dela, «Euskalduna, geixa eta gizon heldua», biak beltzez jantzita ni bezala, ez mugitzeko agindu diot koldar halakoa, ezin haiteke joan, hitzordua zaukaagu, ezin huts egin dezakegun hitzordua, badakik, aitzakia.

        Badoaz, hor doa bizitza, emakume gaztea, japoniar geixa antza, gizon helduarekin, adin tartez aita-alabak izan daitezkeenak; eta zergatik ez?, ikuspegi moraletik onartezina al zaio iraultzaileari?, ba al du horri buruzko iritzi trenkaturik Mikhailek? Hori izango al litzateke ipuinaren mamia?

        Badoaz, badoazkit, eskuarekin azken keinu ia hautemanezina eginez biek ala biek, hator plazer baduk, plazer nahi baduk, plazer nahi badiguk.

        Pikutara ipuina, pikutara hitzordua, pikutara aita-alabak ote diren.

        Zerbitzaria! Azkar!

        Ordaindu.

        Berandu! Arrapaladan Mikhail berokiko poltsikoan gorde, Le Monde biak tolestu, presaz, alferrik, beranduegi, ez dira ageri, inguruko kaleetan begiratu, arrastorik ez. Agian ber-bertan dute apartamentua, eta hurrengo batean ere egingo dut topo. Egunero-egunero etortzen hasi behar al dut Mikhail Thomas eta palestinar eritrear salvadortar gerrillariekin? Zertarako? Zer nahi dut?

        Zuzen nengoen, ozeanoz honaindi eskuak gordeko nituela, ez zen esku kontua ordea, han herdoildu hebaindu moztu ordez hemen itxuraldatu. Ez dute bizi ikusten dudana, ezin dut ikusten bizitzen dudanaz idatzi, errezel honen atzealdean ez dago poesia xaloetarako tarterik lubakirik gabeko guda honetan eztanda urrunegiek gortuta hemendik odolak ez du usainik ez dut hiztegirik izugarriaz aritzeko.

        Orduan iritsi naiz hitzordura.

        Ez diot burkide hurbilekoenari ere eman gertatu zaidanaren gertatu ez zaidanaren berri.

        Babeslekura iritsitakoan azpiegiturakoak jakinarazi dit, irrati espainiarra gaizki entzuten den arren, ekintza bat izan dela iruditu zaiola, hildakoak eta zaurituak.

        Gerran ez dago pertsonarik, helburuak baizik, gutxika-gutxika eraikitzen da sentimenduen inguruan burdinazko jantzia, besteren mina justifikatzeko, norberari egiten diotena erantzunerako erregai bihurtzeko. Gutxitan egiten da benetan negar, malkoz gainezka legoke bestela mundua. France Info jarri dut segituan.

        Behin eta berriro ari dira berria ematen. Burukoan ezkutatu dut aurpegia eta negar-zotinka hasi naiz. Josu hil dute. Sentitu nau negarrez. Eskua jarri dit bizkarrean. C'était quelqu'un que tu connaissais?

        Ez dut idatziko ipuinik.

 

 

2

 

Erabaki bat hartzeko lasaitasun bila etorri da gizona Atlantiko kostaldeko bazter eder honetara. Eskualde arduradunak bakantza garaian hutsik dagoen babes-etxe ziur bat lortu dio behinola idazle izan zen militanteari.

        Antzinako ofiziotik irudi eta metaforetarako gorde duen jaidurak auzia horrelako terminoetan planteatzera daramakio: luma edo ezpata.

        Berria du zirt edo zart egiteko jokabide hori. Orain artean trebea izan da desioa eta betebeharra nahastuz edabe gozoak osatzen. Amari gaizki ikasitako sopas y sorber no puede ser ahalezko bihurtu du orain arte. Ohartua da aurrerantzean ezinezkoa izango dela, bere etorkizuna bide batetik edo bestetik eroango duen erabaki bat hartu behar duela: erabakia.

        Zergatik orain? Zer gertatu da bere bizitzan? Zer bere herrian?

        — Hogeita hamarretako krisia duk —esan zion bere zalantzak aitortu zizkion burkide eta lagun-min duenak.

        — Antzarak ferratzera! —erantzun zion zakar.

        Hari jakinarazi zion neska-lagunarekin gauzak ez doazkiola ondo. Tira, ondo ez da hitza. Ez doaz argi, zintzo. Amorantea du. Klandestinitatearen mozorropean zenbat desleialtasun gorde daitezkeen, zenbat gezur esatetik libra daitekeen gatibu amorosa.

        Ez du maite egoera. Akabua litzateke atxilo hartu eta polizien ahotik jakingo balu adarrak jartzen dizkiola. Berak esan behar dio. Mingarria bada ere. Ondorioak bikote mailakoak soilik ez badira ere. Etxea haren izenean dagoenez azpiegitura arriskuan jarriko badu ere.

        Hori baino lehen ordea, bere bizitza noratuko duen erabaki hori hartu behar du: idatzi edo borrokan jarraitu.

        Azkenaldiko koiuntura azterketek eta gertaerek, ekintza burkide hil atxiloketa negoziazio-bide itsutuek, garai gogorrak iragartzen dituzte.

        Badaki borrokaren bidea jarraituz gero, azken garaietan idatzi dituen

 

                Ez hadi fida nitaz dunan oroitzaz,

                ez naiz-eta jadanik hire bekainetan

                gondola irauliak asmatzen zituen hura

 

                Ez fida plazerak hertsitako nire begien oroitzaz,

                auskalo-eta noren usainez diren min,

                noren gorputzez gose,

                noren ferekez bare

 

                Harea larregiz eraikiak ditun

                oroimenaren zimenduzko habeak.

                Itzali ditun hi gabeko itolarriaren

                oihartzunak

 

                Dena estali din

                lubaki lokatzik

                gabeko etenen arteko guda honek

 

                Bihotz zatituak

                malko lehorrak

                hortzen artean

                itotako alarauak

 

                Gure zauriek ez diten balio

                frontea uzteko baimenarekin etxera itzultzeko.

 

eta

 

                Izena galdegin hidan

                ilargiaren argitan.

 

                Lokartzean belarrira xuxurlatu ninan

                hura nire guda-izena besterik ez zela.

 

gisako poema trakets gutxi batzuk ere sortzeko astirik ez duela izango aurrerantzean.

        Beraz, bere bizitza idazteari erabat ematea erabaki, borroka utzi eta neska-lagunarekin beste gordeleku bat bilatzea edo atzerrira joatea du hautuetako bat.

        Literatura betirako utzi, borrokari eguneko hogeita lau orduko konpromisoa eskaini, neska-lagunarekin hautsi eta kideen azpiegitura estu, estuegi, arriskutsuegira bizitzera joatea da beste bat.

        Tartekoak ere baditu: neska-lagunarekin hautsi eta amorantearekin bizi literatura idatziz; edo borrokan jarraitzea hobetsi, neska-lagunarekin bikote-harremanen gorabeherak argituta, amorantearena alegia.

 

*

 

        Gizona goizero doa bakarti apartamentutik oso urrun ez dagoen hondartzara.

        Ordu horietan udatiar asko ibiltzen ez den arren, ez denez lasai begiak itxi eta ur gainean luze, zerura begira olatuen nahierara arrolaka utziz gorputza uretan dabilen artean bere puskak zaindu gabe uzteaz fio, dagoeneko hizketarakoan kutsurik ez duen gizonak hondarrezko gaztelutxoak eraikitzen diharduen haurraren zaintzaileari eskatzen dio bere puskak ere begiratzeko. Nadar y guardar la ropa ahalezko dela esango lioke aspaldian ikusi ez berririk ez duen amari.

        Iristen denean irribarrez agurtzen dute elkar.

        Ondoren, betaurrekoak, ordularia eta apartamentuko posta-kutxako giltza, nikiarekin eta bainu-jantziaren gainetik eramaten dituen belaunetarainoko galtza tolestuekin estaliko dituen kirol-oinetakoen barruan sartu, ondo astindu ostean, toalla biribildua muinoaren gainean jarri eta haizeak eraikina desegin ez dezan irakurgai duen Carverren liburuarekin dena zamatuta itsasora abiatzean, hondartzarako aulki tolesgarrian eserita dagoen emakumeak irakurtzen ari den liburukotetik burua altxatu eta baietz egiten dio keinu, bere kontu.

        Oraindik ez du lortu emakumea irakurtzen ari den liburuaren izenburua jakitea. Ken Follett dela iruditu zaio, baina lotsagabe begiratzera ausartzen ez denez ez dago ziur. Eta itsasorako bidean edo handik bueltan, harengandik hurbilen igarotzen denean ordea, betaurreko gabe ez du ondo ikusten.

        Goizeko bainua eta gero itsasertzean ibilalditxoa egiten du. Bere kokalekura itzulita, toallan ahuspez etzanda irakurtzen saiatzen da, kontzentratzea lortu gabe, ezinegona sortzen dion eta atzeratzen ari den erabaki behar horregatik, hausnarketa arrazional baten bidez ebazteko gai ez den barne auzi horren erruz, Les vitamines du bonheur.

        Zoriona edo erabaki zuzena hartzea al da bilatzen duena? Eta zer da bata eta zer bestea? Bila al daiteke bata? Aurrez jakin al daiteke zein den hautu zuzena?

        Hondartzatik bueltan bakarrik bazkaltzen du apartamentuan, telebistako berriei begira.

        Bazkari arinak izaten dira, entsaladak gehienetan. Zerbait berezia nahi duenean, merkatuan erositako izkirekin eta txirlekin egindako paella.

        Berrien osteko telesail estatubatuarra ere begiratzen du lokartzear, pertsonaien arteko gorabehera eta maitasun kontuez deus ulertu gabe.

        Arratsaldean ere joaten da hondartza aldera, ez ordea hondarreraino, Poliziak oraindik kokatu gabeko eskualde ziurra izan arren, zuhurtzia ez dago inoiz soberako, jende gehiegi dabilenez ezingo lituzke zelatariak jendetzaren artean detektatu.

        Pasealekuan atzera eta aurrera, batzuetan petrilean bermatuta, turistak barrandatuz itsaso zabaleranzko belaontzi ederrei gurariaz so, bikoteak musuka bularrak agerian dituzten emakumeak naturaltasunez begiratzera ausartu gabe ezkongabe etsitu horietako baten antzik txikiena ere ez izateko arduraz, Kontxako barandatik bikinidunei begira egoten ziren gizonezko begiluzeei buruz nerabezaroan koadrilakoekin asmatzen zituen iruzkin gupidagabeak ez dakizkion iraganetik etor bera helburutzat hartuta.

        Gero, hondartza ertzean dagoen taberna ederrera joaten da kafe izoztua hartzera.

        Duela hiruzpalau egun lehen aldiz agertu zenetik beti kafetegiko horma bizkarra gordez jesartzen da hondartza aldera begira, eskatutakoa ekarri bitartean liburu bat zabaldurik.

        Beti bezala, bazkalostean laino zuri eta lodiek abuztu hasierako eguzki boteretsuari egin diote leku ortzi zalantzatiaren erdian.

        Itsasbeheran, belaontzi eta yate ugari eta arrantzontzi urriak beren sabel puztuak algazko ohantzean dautza.

        Urrunago, oraindik ur gainean, ainguretan aldaroka dabiltza txalupa batzuk.

        Itsaso bareak plastikozko hondakinak garraiatzen ditu ganoragabe, erlaizeak eragindako uhintxoen artean.

        Gaur hartu behar du erabakia.

        Oso aspaldian ez du ipuinik idatzi, hizkera eta estilo aldetik aurreko liburuekiko jauzia emanez, pertsona lumaren bi muturretan, Carverren tankerako ipuinak, idazlearen eta irakurlearen arteko lotura ezkutukeriarik gabe, bizitza bere gordinean ederrean, bere min zorion krudelkeriekin, jendeen arteko harremanez, eguneroko bizitzan oharkabean jazo diren gertaera ttipi hainbatetan izugarriez, elkarrizketa xaloen atzean antzematen diren katastrofeez, jendarte bizitza arrunterako prest ez dagoen banako soilaren nora ezaz gainbeheraz, bizitzan behin baino izaten ez diren aukera alferrik galduez, erabaki indarrik gabe beren burua egunerokotasunaren ur-lasterrean uzten duten gizon-emakumeez, borrokatzeaz nekatuta hiriko etorbide nagusietan barrena tropelean doazen giza itzalei buruz, boteredunen larderia eta nagusikeriaren aurrean buru-makur bizitzaren ibai geldo kutsatuan behera jitoan doazen panpina desartikulatuei buruz idazteko asmoa baztertu zuenetik.

        Geroztik bizitzaz zerbait gehiago ikasi duelakoan dago. Besterik da aski trebetasunik izango ote duen ikasitakoa islatzeko orduan.

        Horri ote dio beldur?

        Ez ote hain zuzen ere horixe darabilzkien hautsi-mautsi eta zalantza guztien iturburua: bere buruarenganako —bere trebetasun literariorako— ziurtasun eza?

        Idaztea, badaki, bakardadea da; mundutik, lagunengandik, maite dituenengandik isolatzea; barne munduak sortu istorioen baitan, liburu eta hiztegi eta gramatiken konpainian biziz.

        Eta sortzeko gai ez balitz? Agortuko balitzaio etorria? Merezi al du orain borrokarekiko duen konpromisoa, etorkizunean, Poliziak atxilo hartuta eragozten ez badu, sakondu lezakeena, bertan behera uztea fikzioaren truke?

        Nori esango dio literatura borroka egiteko tresna bat dela, berak ere hori sinesten ez badu. Borroka-tresna izan behar al du ba literaturak? Hori al da argudioa? Literatura ere borroka egiteko modua da, uler ezazue, esango lieke: banoa. Estakuru makala. Literatura plazera da, beti izan da. Zer besterik? Hamar urte zituenean amak Salgariren Sandokan ekarri zionetik, jakin-minari ezin eutsiz liburuaren amaiera begiratu zuenean ezagututako mundu gozagarriaren erakarmena.

        Behin betirako uzteko zorian dagoena, traizio egitera doakiona.

        Traizioa. Ba ote hitz astunagorik. Ahoan erabiltzerakoan ere min ematen du.

        Nori egin behar dio traizio ordea?

        Bere buruari literaturari aberriari?

        Aberria. Zer da aberria? Mila kilometrotara dagoen lur puska? Hiru milioiko jendartea? Lur zati batean bizi diren pertsonak? Agirietan hitz larriz idazten diren hizkuntza historia eskubideak zuzentasuna independentzia sozialismoa ez espainol eta ez frantses?

        Aberriaren aldeko borrokak zer den ondo irakatsi dion zerbait bada, hura atzerria da. Aberri zanpatu, atzerri mikatz.

        Euskal Herri neurea ezin al zaitut maite ez badut borrokatzen zure alde? Euskal Herri neurea non biziko naiz zugandik aparte?

        Urtu zaizkio aspaldi izotzak.

        Itzalak ezkerralderantz, musuen hezea azal kiskalietan krema koipetsua esku fereka nagiz azalean hedatuz ezkozko museo bizian.

        Hondartza mukuru betetzen duten udatiarren artean begiekin bilatu ditu hiru gazteak. Hortxe daude, kafetegi aurrean beti hautatzen duten kokalekuan gutxi gorabehera kolore biziko hondartza-zapi zabal banatan ahuspez.

        Neska azal zuri bele ile beltz soinean gorputz osoko bainu-jantzi gorria, bi mutilen erdian.

        Neskaren ezkerretara dago Bernard, neskaren mutil-laguna kafetegiko zerbitzaria delako ezagutzen du. Laster hasiko da bere lan-txanda.

        Lehenago bi mutilak, arraunean sendotutako beso-bular indartsuko gazte segailak bi biak, uretara joango dira. Haien artean lehian ariko dira, neskak eguzki-betaurrekoen atzean zelatatzen dituen bitartean.

        Gero, itsasotik itzulita elkar ferekatuz eta musukatuz ariko da bikotea, adiskidea itxuraz ezaxola itsasaldera begira egongo den artean, Bernardek lanera joateko ordua izango duen arte.

        Hondartzatik zuzen etortzen da Bernard kafetegira.

        Nagusia agurtzen du:

        — Dutxa azkar bat hartu, arropak aldatu eta segituan nago hemen!

        Hamar minuturen buruan dotore jantzita agertuko da bezeroek utzitako edalontzi eta kikara hutsak bilduz trebetasun handiz darabilen erretilu biribilera.

        Beti bezala gizonari beste ezer nahi duen galdetuko dio, «Un café frappé» eskatuko diola badakien arren.

        Zerbitzariari iruditzen zaio, beste kezka batzuk buruan liburua intelektual itxura emateko daukala, mahaiz mahai dabilela ostertzera begira harrapatzen baitu askotan, zigarroa xurga lasaiz erretzen.

        Gizonak hondartza aldera begiratzen harrapatzen du maiz zerbitzaria. Jeloskor dagoela iruditzen zaio, neska-laguna bere adiskidearekin zertaz hizketan ariko ote diren jakin-minez.

        Kafe izoztu berriari lehen hurrupa kenduz, Bernard eskaera baten bila barrura sartu den batean neska-lagunak bainu-jantzi gorriaren gainaldea pixkanaka beherantz bular zuri gozoak arratsaldeko eguzki gordinaren menpe utziz alu aldeko lehen bilo beltzak hazten diren mugaraino biltzen, adiskidea neskaren gainera burua makurtzen, bular-buruaren koroa gaztainkararen inguruan ezpainak hertsiz titiburua hortzekin estutuz mihi-puntaz milikatuz irudikatu ditu gizonak.

 

*

 

        Arratsaldeko zazpietan, kafetegira etorriko dira zerbitzariaren neska-laguna eta adiskidea.

        Gizonaren ondoko terrazako mahai batean eseriko dira.

        Garagardo fresko bana dakartzala agur egingo die Bernardek, edariak mahaian utzi eta bikoteak elkarri musu eman baino istant bat lehenago desbideratuko du begirada adiskideak, jadanik epeldu den kafearen azken hurrupa edaten ari den gizonaren begiradarekin topo eginez.

        Irribarre tristea egin dio gizonak Bernarden adiskidearen jelosiazko saminari.

        Bizitza erraza da, arraioa, ezkondu egingo dira eta haurrak izango dituzte, pentsatu du. Eta adarrak jarriko dizkiote elkarri. Eta agian, dibortziatu egingo dira, oso adoretsu edo zorigaiztoko badira.

        Bizitza sinplea da. Guk korapilatzen dugu.

        Bat-batean, Euskal Herritik hurbil egoteko modu bakarra borrokan jarraitzea dela bururatu zaio, barruan sentitzen duen hustasun izugarria aberri-minak eragindakoa izan behar duela erabaki du. Bere patua etorkizuna borrokan dagoela.

        Kontua eskatu du.

        Hartu du erabakia. Ez daki zergatik. Arduradunarentzat azalpen arrazional bat bilatu beharko du. Ez oso poetikoa aukeran. Erantzukizuna aipatuko dio. Poztuko da.

        Atzerria mikazten duen aberria besarkatuko du. Adio literaturari. Ez du Carverren liburua bukatuko.

        Neska-lagunaren esku utziko du beste erabakia, amorantearena esango dio, hala ere bera maite duela, berarekin bizitzen jarraitu nahi duela, berak ere nahi badu.

        Etxera iritsitakoan irratia piztu du afaria prestatu bitartean, espainiarrena nahiko txukun entzuten baita iluntzean. Lehen berria tiroketa bati buruzkoa da: guardia zibil bat zauritu dutela etxe bat miatzera sartzerakoan tiroka hartuta. Ondorengo tiroketan hiru etakide «hilik suertatu» direla. Ez dituzte izenak eman.

        Ez du afalduko.

        Beti aldean daraman aspaldi hitzik sortu ez duen kaiera zabaldu du. Eta idatzi egin du.

        Jausten garen bakoitzean, hitz fereka begirada bati esker, barruko amorruari esker, jaiki eta abiatzen gara langa ezagunegien atzean dauden infernuetara. Gure arbasoek ezagututako sufrimenduak ahantzi dituztenek ez dute ulertzen gure kondenaren zioa. Jausten garen bakoitzean azken hitza, laztana, begirada, sugarra aski dira jaiki eta langa horien atzean dauden infernu ezagunegietan irauteko. Arbasoek ezagututako sufrimenduen oroitzapenik gabe ere gure egungo kondena hauen zioa ulertu beharko zenukete.

        Tren ordutegian lehen trena noiz den bilatu du.

        Biharamun goizean goiz abiatuz gero asteroko segurtasun hitzordura garaiz iritsiko da.

        Poltsan sartu ditu gauzak.

        Ez du azalpen arrazionalik bilatzen nekatu beharko burua.

        Arduradunak ez dio deus galdetuko.

 

 

3

 

Besteetan baino kontu handiagoz prestatu dugu Edgar-Quinet metroko hitzordua.

        Azken atxiloketen ondoren inguruan dabilzkigula sumatzen dugu, orain arte ezer arrarorik ikusi ez arren.

        Agian kontrolpean gaituzte gordelekuetan. Horrela balitz bezala irteten gara azpiegituretatik hitzorduetara, gure ustezko zelatariak bidean galtzeko beharrezko urratsak aurrez prestatuta. Ibilbideak, garraio aldaketak, jantzi aldaketak.

        Hitzordura garbi iristen garela ziurtatzen dugu horrela. Hitzordura datorrenak gainean bizkarroiak ez dituela baiestea da hurrengo zeregina.

        Gutako bat agertzen da hitzordu-lekura ordu-orduan, hitzartutako zeinu eta kontra-zeinuen jabe. Besteek aurrez erabakitako kokalekuetatik zelatatuko dute jaso behar dugun burkidea, garbi datorrela bermatzeko.

        Gaurkoan niri egokitu zait Mexikora bidean jarri behar dugun kidea Edgar-Quinet metro-aho aurrean dagoen La Liberté tabernan jasotzea. Hortxe, etorbidearen beste aldean hil zuten Action Directe-koek beste zenbait karguren artean Renaulteko zuzendari nagusia zen Georges Besse duela bost urte inguru.

        Beti bezala, azken hitzordua izan daitekeela barneratuta, lasai noa nire askatasunaren hileta izan daitekeenera.

        Kasketa gorria ez balerama ere, ezagun zaio gurekiko kontaktuaren zain dagoena dela. Ganora gabe egin dugu esaldi surrealista trukea, eta segituan abiatu gara, mantso-mantso Montparnasse etorbiderantz. Ingurutik pasatzen naizen aldiro bezala murmurikatu dut: «Parnasoan ez dut lekua, Montparnasseko geltokian dut hitzordua».

        Kale kantoira iritsita, norabidez okertu den turista galduarena eginez atzera jo eta metro-ahoraino igo dugu aldapa. Izkinan eskuin hartu bezain pronto abiada azkartzeko agindu diot kideari.

        Oso handia ez den arren etsaiak gu lokalizatzeko arrasto ederra izateaz gainera aldean dakarren bidaia-poltsak gure segurtasun ibilbideetan traba egingo digula esan diot.

        Atzo iritsi zen Parisera eta, bihar duenez hegaldia, bi gauetarako ostatu hartu zuen segurtasun arrazoiengatik non dagoen galdetu ez diodan hotel xume batean. Artega aurkitu dut gizona. Ez du ezer utzi nahi izan hotelean. Ez dela fio. Garbi datorrela ziurtatzeko arinago ibil gaitezen poltsa geltoki bateko kontsignan uztea proposatu diot alferrik. Segurtasun zirkuitu bakoitzaren buruan ez da ohartu burkideek balekoa ematean hartu dudan arinduaz. Aldiro «dena ondo» ahots ahalik eta bareenez esan diodan arren, ez da lasaitu bere aldarte urduria. Bidaiak eragindako estualdiari —abioiz bidaiatzeari ere beldur diola aitortu dit—, ozeanoaz haraindi joan behar izateari egotzi diot azkenean.

        Zorionez Parisko kaleetan atzera eta aurrera ibili garen ordu parean egindako segurtasun zirkuitu anitzen buruan kideek ez dute deus susmagarririk antzeman. Ebakuatu behar dugun kideak ez du kexarik egin, bidaia-poltsa txandaka eraman dugu, izerdi patsetan gaude biok.

        Ondo merezitako pizza bana, nik calzonne berak forestière, jan dugu isilean Chatelet ondoko Pizza-Hutean.

        Bazkaldu bitartean eman dizkiot abioirako joan-etorriko bidaia-txartela eta hara iritsitakoan jarraitu beharreko instrukzioak: hitzordua, larrialdiko jarraibideak, itzulerako txartelarekin egin beharrekoa eta beste. Buruz ikas ditzan tematu natzaio.

        Ez dugu asko hitz egin. Ez naiz ausartu deus galdetzera, ez da ausartuko deus esatera. Zer dakidan eta zer jakin dezakedan zalantza izango du. Zer dakien eta zer esan diezaiokedan ez dakit. Zer esan dezake badoanak? Zer esan diezaioke gelditzen denak?

        Kafeak ekarri dizkigutenean egin diot azterketa. Segurtasunezko telefono zenbakia ere ikasi du. Hobe horrela, zer gerta ere, nahigabeko ondorioak ekidingo ditugu.

        Pizzeriatik atera garenean, jatetxearen atalasean gelditu naiz.

        — Zerbait gertatzen da? —kezkatu zait.

        Kalean gora eta behera begiratu dut. Ez dut ezer susmagarririk antzeman, baina betaurrekoak senez kendu ditudala konturatu naiz, nortasun agiri faltsuetarako argazkia atera behar didaten bakoitzean egin ohi dudan bezala.

        — Ez, ezer ez. Betaurrekoak zikindu zaizkit —lasaitu dut zorrotxotik atera dudan oihaltxoarekin garbitu bitartean.

        Arratsaldean ere hitz gutxi egin dugu. Parisen barrena ibili gara turista axolagabe. Luxembourg-etik Notre Dame-ra eraman dut, esan gabeko hitzarmenez baztertu dugu alaienaren aldartea abailtzeko moduko egoera politikoari eta Enpresaren egoerari buruzko aipamen oro, Beaubourg kultur-gunea kanpotik eta Les Hallesko buruhandi etzanaren eskultura erakutsi dizkiot, isiluneak astunegi egin zaizkigunean nire Mexikoko atzerriratze huts eginaz deus ez aipatzeko kontu eginda, Moulin Rouge-raino igo gara, ez dut egun osoan lortu azken atxiloketak burutik kentzea, Boulevard-des-Italiennes-eko diru-aldaketa bulego batean sarrarazi dut alferrik dituen pezeta milako batzuk alda zitzan, hor inguruan ezagutzen dudan gerraosteko xarma gorde duen jatetxe dotore baina merkean afaldu dugu, merkeago eta goxoago ematen duten Casa Galiciara eramatera ausartu gabe erreta dagoelakoan.

        Berriro ere Rive Gauche-ra jo dugu, Latinoa gurutzatu dugu eta goizean elkartu garen toki berera, Edgar-Quinet metro aurrera eramateko eskatu dit, handik badakiela oinez eta galdu gabe ostatura joaten tematu da.

        Ez zait batere ideia ona iruditu. Segurtasun aldetik akatsa izan daitekeela jakinagatik ere, egun osoan deus susmagarririk ikusi ez dugula-eta nire burua zurituz etsi dut.

        Goizeko hitzorduko La Liberté tabernaren aurre-aurrean, gure ezagutza ordu gutxi batzuetakoa den arren ez baitugu uste sekula berriro elkar ikusiko dugunik, besarkada estu eta sentikor bat eman diogu elkarri.

        Bihar goizean ostatukoei aireportura joateko taxia deitzeko eskatuko die.

        Etzi deituko dugu Mexikora gorabeherarik gabe iritsi dela ziurtatzeko.

        Eta metro-zuloan sartu aurretik burkideari azken agurrerako begiratzean, kukututa ikusi dut egunkari-kiosko baten atzean.

        Egun osoan une oro inguruan genuenari adi inolako zantzu susmagarririk atzeman ez badut ere, atezuan jarri nau burkidearen jokabide estrainioak.

        Gordelekura bidean lur-azpian sartu naizenerako deliberatuta nengoen besteetan baino neurri gehiago hartzera.

        Hutsik dago nire noranzko nasa. Pasatu berria izango da metroa.

        Bestean bospasei bidaiari han-hemenka barreiatuta.

        Geltokira iristear dagoen metroaren zaratak bete du barrunbea.

        Beste noranzkoan doana da. Hobe nirea izan balitz.

        Inguruak azkar husteko presa egin zait. Metro barruan kameren bidez zelatatua arratoi-zulo batean harrapatuta nago.

        Urrats presatuak eskaileretan behera nire nasarako pasabidean.

        Ez da inor agertu ordea beste noranzko metrora bidaiariak igotzeko minutu eta erdian atezuan begira egon naizen bitartean.

        Abiatu da metroa.

        Bakarrik nago nasan.

        Eraman ditu metroak pareko nasakoak.

        Bakarrik nago Edgar-Quinet geltokian.

        Zeharka begiratzen diot pasabide ahoari, gero eta urduriago.

        Buru bat kukuka. Berriro ere urrats presatuak.

        Bizkor abiatu naiz pasabidera, hiru oinetako pare eskaileretan gora arin igotzen aurrena eta gero, nik ere gora egin ahala, oinetakoen jabeak bizkarrez ikusteko: bi gizon eta emakumezko bat.

        Azken unean nasaz tronpatu diren turistak, saiatu naiz lasaitzen neure burua, beste noranzkoan agertuko dira berehala, beti izan behar da esperantza.

        Beste bidaiari ale batzuk agertu dira, ez ordea hirukotea.

        Usain txarra du aferak.

        Nire nasara bidaiariak agertu diren bakoitzean hirukotea ikusteko beldurrez egon naiz.

        Agertzen ez direnez, azken unean metroz bidaiatu ordez taxia hartzea erabakiko zuten bidaiari presatuak zirela erabaki dut, oraindik ere azalpen buru lasaigarri bila, nire nasarako eta parekorako pasabide ahoak zelatatzeari utzi gabe, horregatik haiek azaltzen ez diren heinean esperantza estali nahian dabilen kiratsari putz eginez.

        Lehen bagoia geltokira sartu den unean azaldu dira nire nasako pasabide ahotik; zain egongo ziren.

        Emakumeak larruzko poltsa darama sorbaldatik bularren aurrean gurutzatuta zintzilik, gizonetako batek esku-zorroa eta besteak, gerriko poltsa, nik bezala; nik ez bezala pistola eramateko?

        Ez didate begiratu.

        Banandu egin dira metro bagoiek nasa bete bitartean elkar ezagutuko ez bailuten; bikoteak nasaren ezkerraldera jo du, beste gizonak eskuinaldera; nigandik ez oso urrun ezker-eskuin kokatu zaizkit bizkartzain.

        Atxilo har nazakete.

        Atzean dut pasabidea, aurrean metroa balazta zarata kirrinkariz mantsotzen gelditu arte.

        Auskalo zer dudan pasabidean zain.

        Arrastoa galarazteko, baldin lehenago ekiditen ez badidate, ohartu ez denarena eginez metroan sartzea hobetsi dut.

        Ni erdiko atetik eta beraiek beste bietatik nire bagoi berera igo dira niri jaramonik egin gabe, nik orain bikotea eta orain gizonezkoa begiz iltzatuta ditudala ez ohartzea ezinezkoa bazaie ere.

        Aurreikusi bezala azken-azken unean hurrengo geltokian, egun osoan erabili ez dugun Raspailen jaitsi naiz.

        Irteerarantz korrika, begi ertzetik konturatu naiz ez ditudala oharkabean harrapatu; atea itxi aurretik, turista nahastuen «Oi! hemen da-eta!» esanez bezala atea ixtea galaraziz irten dira nire atzetik.

        Ondo ezagutzen dut geltokia.

        Lasterka irteera hurbilenetik lurrazalera etorbidea gurutzatu geltoki bereko beste ahotik sartu haiek nire atzetik arnasestuka lur-azpitik irten aitzin.

        Etorbidean ezker-eskuin begira nondik jo dudan arrasto bila daudekeen bitartean txartel berria sartu presaka izkinan ispilua duen korridoreraino ordainlekua zelatatzeko.

        Burumakur haien artean eztabaidan agertu dira.

        Galdu naute. Parisko kaleetan korrika halabeharrez atera naizenean igaro den zorioneko beraientzat zoritxarreko taxi batean usteko dute.

        Edgar-Quineteranzko nasara abiatzen ikusi ditudanean kontrakorako pasabideko eskaileretan behera egin dut; nasan agertu gabe, beraien begiradetatik eta kameretatik gordeta itxaron dut mailadian eserita.

        Tamalez nire noranzkoa iritsi da aurrena. Utz nezake joaten, baina hobe dut bertatik azkar ateratzea, zer gerta ere.

        Azken-azken unean ateak ixtear sartu naiz jauzi batez muturreko bagoiaren gidariaren kabina ondoko atetik.

        Hor zeutzan hirurak aulkietan leher eginda hankak luze oinak egosita. Goizeko hitzorduaz geroztik atzetik izan baditugu ez da harritzekoa, harritzekoa nola ez ditugun detektatu da. Ni ere leher eginda nago.

        Egoerak The French Connectioneko eszena gogoratu dit, Fernando Rey trafikatzaileak metroaren barrutik nasan gelditutako Gene Hackmani eskuarekin adio burlatia egiten dionekoa.

        Emakumezkoak ni alde egiten ikusi eta harridura etsiz seinalatuz bere kideak ohartarazi dituenean ez diet keinu lotsagaberik egin badaezpada ere, ongi ikasia dugu zein gutxi irauten duen jazarriaren poz harroak, soilik irribarre bihurria badaezpada ere.

        Gauerdi pasea zen gordelekura iritsi naizenerako.

        Kezkatuta zeuden burkideak. Gertatutakoaren berri xehea eman diet. Ehuneko ehunean ezin dudala ziurtatu poliziak zirenik. Hala baziren argazki bilduma ederra izango dutela, Mexikora ebakuatu behar genuen burkidea harrapatuta egongo dela eta ezin dugula baztertu gu ere hartuta egotea, segurtasun ibilbideetan ez baitugu deus ikusi.

        Berandu arte egon gara biharamunean lekuak berriro ere nola hustu antolatzen.

        Lozakuan kideen zurrungak entzunez besoak buru atzean tolestuta sabaira begira, artean idazle banintz gertakizun horietan oinarrituz kontakizun bat idazten saia nintekeela pentsatu dut lokartu aurretik.