Erbeste
ASTEARTEA
Erbestean, arrotzen herrian, mugaren atzean. Atzo arte han izendatzen nuen lekua hemen bihurtu da.
A-z hasten da hiriaren izena. Atzerria bezala. Gutxienekoa da nola duen izena. Hiri hau niretzat deserrotzearen, tristuraren, desanparoaren, hustasunaren, neguaren sinonimo izango da betirako.
A: zerbaiten hasiera bezala, zerbaiten bukaera denean.
A.n nago. Hemen nago.
*
Atzo ez nuen indarrik izan idazteko. Bidaia nekosoa izan zen, Poliziaren kontrolen beldur egin genuen bide osoa, gidariak eta arduradunak ez baitituzte paperak eguneratuta; atzealdean gindoazen beste hirurok bai.
Bordelera iritsi aurretik atera ginen errepide nagusitik eta leku oso zaindua omen den St. André de Coubzac-eko bidegurutzea errepide txikiagotatik gainditu ostean, itzuli ginen berriro.
Sansebastian eguna. Eta gu Euskal Herritik urruntzen. Paisaia laua, hitsa. Nahiko isilik egin genuen bidaia. Norbera bere pentsamenduetan murgilduta. Gidariak eta arduradunak azkar etsi zuten autoko giro goibela alaitzeko saioak egitetik. Tierno Galván Madrilgo alkatea hil zela entzun genuen irratian. Horrelako kontuek bizitza guztirako markatzen dute bat. «Hura hil zen egunean atzerriratu nintzen», esan ahal izango dut inoiz.
Jende oso jatorra aurkitu dut hemen. Giro aparta dago. Ondo jaten dugu, ondo moldatzen gara.
LARUNBATA
Zineman egon naiz! Brazil ikusi dut. Ez dut dena ulertu, noski, baina barre egin dut. Beste inork ez du etorri nahi izan nirekin. Ondoren, kalez kale ibili naiz, hiritarrekin «frantsesez» hitz egin dut, kafetegi batean sartu naiz. Ebaki bat nahi nuen, baina ez dut jakin nola eskatu. Zerbitzariak ingelesa ote naizen galdetu dit!, hango kutsua hartu dio nire ahoskerari. Bitxia!
ASTELEHENA
Nolako barreak egin ditugun! Langabetuen Bulegora lagundu naute kideek. Frantsesa menperatzen duen batek egin du itzultzailearena. Lanbidea galdetu eta zer erantzun ez nekiela gelditu naizenean hor hasi zaizkit kideak esateko idazlea naizela. Hori tema! «Esaiok, écrivain, esaiok écrivain!». Esan diot bada emakumeari: écrivain (ez dakit nola ulertu didan!). Ea idazle-lan baten bila nabilen, berak. Nik, baietz! Ea frantsesa dakidan. Ezetz! Eta ea uste dudan Frantzian idazle-lanik aurkituko dudan frantsesa jakin gabe. Hori ez dela nire arazoa esateko akuilatu naute kideek. Esan diot. Itzuli du itzultzaileak. Paperak bete eta datorren hilera arte! Hor gelditu da bulegari harritua. Izango du zer kontatu. Guk ere bai. Kideak barrez lehertzen egon dira.
Handik atera eta garagardo bat edatera joan gara. Nik garagardoa maite ez dudanez, bertako gorri bat eskatu dut, alegia rosé bat. Rouge eskatuz gero beltza ateratzen dute Frantzian. Oso dultzea atzeman dut. Kaskarreko min ederra eman behar du mozkortuz gero.
OSTEGUNA
Nolako tentsioa gaur. Hasieran ekintzaren berria! Horrek aztoratu gaitu. Goiz osoa pasatu dugu belarria irratira itsatsita (esateko modua da). Oso-oso gaizki entzuten da. Ekintza handia izan da eta poz giro nabarmena zegoen etxean. Zainetan egon gara, esatariak ekintza egin duen taldea etxebizitza batzuetan setiatuta zutela esan duenetik.
Agian horregatik ateko txirrina jo dutenean izutu gara denok. Batzuek leihoetatik kalea zelatatu bitartean, gutako beste bat atera joan da behatxulotik begiratzera. Gizon ezezagun bat zegoen atearen bestaldean, euritako luze bat zeraman jantzita, gaur eguraldi ona egin duen arren. Batek esan du kanoirik gabeko eskopeta eraman zezakeela gordeta. Atetik urrundu eta non eta nola babestu antolatzen hasi gara. Kide bat maldizioka hasi da, pipa triste bat ere ez edukitzeagatik eskura. Okerrena gertatuko zela pentsatu dugu. Itxuraz ez da lehen aldia horrelako alarma-egoera bizitzen dutena.
Sumatuko gintuen kanpotik eta txirrina jo eta jo aritu da bost bat minutuz, aspertu eta alde egin duen arte.
Ireki dugunean, lanpasaren gainean gutun bat aurkitu dugu. Gutako bat Prefekturan aurkezteko deialdia da. Bilera egin eta ezer egin aurretik Iparraldera deitu behar dela erabaki dugu.
Haurtxoarentzat izan da gogorra, konturatu baita helduok aztoratuta genbiltzala eta negarrez hasi da, ezin izan dugu kontsolatu, ezta gehien maite dituen jolasekin ere.
ASTEAZKENA
Elurra! Dena zuritu du. Langile auzo triste hau edertzeraino.
Bizitzan horrelako hotza pasatu gabea nintzen. Hiri erdigunetik oinez etorri behar izan dut, errepidea izoztu eta autobus zerbitzua bertan behera utzi dutelako. Ni ere ozta-ozta ibili naiz, bizkarrean ekarri dudan arropa garbiz betetako kirol-poltsa handiarekin irrist egin eta lurrera erori ez naizenerako!
Ez dugu garbigailurik eta txandaka joaten gara labanderiara, nik hirira joatea maite dut, Libération egunkaria edo liburu bat aurrean dudala ebaki bat hartzeko —«noisette» esaten zaiola ikasi dut—, makina lanean ari den artean.
IGANDEA
Sentimendu kontrajarriz betetako eguna izan da gaurkoa.
Lagunak etorri zaizkit bisitan, Euskal Herritik honaino. Gau osoa gidatzen eman dute, eta arratsean itzuli dira, bigarren gaua emango dute autoan.
Ordu bete-beteak izan dira. Nolako beharra nuen «gure gauzez» hitz egiteko.
Alde egin dutenean, ordea, negar egin dut. Gaur jabetu naiz guztiz, lagunak Euskal Herrirantz abiatu direnean, errefuxiatua naizela, erbesteratua, ezin dudala Euskal Herrira itzuli, muga alde honetara igaro nuenean ate bat hetsi zela nire atzean, berriro ere haranzko norabidean noiz gurutzatuko dudan ez dakidana.
Etxekoek ere opari eder bat egin didate. Lotsatuta nago ordea. Orain arte beste kide batekin egiten nuen lo gela berean. Eguna lagunekin pasatu dudan bitartean, gelen banaketa aldatu egin dute. Aurrerantzean, gela txikiena niretzat bakarrik izango da. Kide batek egongelan egingo du lo.
Lehengo gelara abiatu naizenean, begiak estali eta etxeko bi neskek eskutik helduta ekarri naute hona. Nire arropa eta liburuak armairuan eta apalategian txukun-txukun aurkitu ditut, eta mahaiaren gainean Olivettia!
«Orain gustura idatzi ahal izango duk», esan didate, «inork trabarik egin gabe». Eta bakarrik utzi nautenean negarrari eutsi ezinik ibili naiz.
Lehen ez nintzen hain hunkibera.
ASTEAZKENA
Jean Geneten Haute Surveillance aurkitu dut! Ulertu dudanez azken-azken argitalpen moldatua da. Frantses pixka bat ikasten dudanean gaztelaniatik egin nuen itzulpenarekin alderatu eta zuzendu egingo dut.
OSTEGUNA
Euskal Herriko pirata eta kortsarioei buruzko liburu ederrei begira egon naiz. Pirata-eleberri bat idatzi behar dudala bururatu zait, nire irakurzaletasuna ernatu zuten amaren eta Emilio Salgariren omenez. Pellot kortsarioa izango da protagonista nagusia, eta izenburua: I am The Pellot.
LARUNBATA
Dena lotuta! Datorren hil hasieran Parisera noa! Frantsesa ikasi eta unibertsitatean izena emateko aukera izango dudala esan didate.