Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Odolaren usaina

 

 

1

 

Hilabetez baino ez dugu elkarren berri izan; frantses ikastaroak iraun duen bitartean. Eta azkenean ez naiz ausartu euskalduna naizela esatera. «Ez naiz ausartu» esatearekin aski nuke. Koldarra izan naiz. Koldarkeriak ere saria duenik ez nekien ordea.

        Académie Françaisen izena ematean espainiar nortasun agiria aurkeztu eta ez nuen protesta egin nationalité espagnole jarri zidatenean. Erdi ezkutuan bizi naiz-eta hemen. Berez ezingo nuke Parisen bizi Prefekturan helbidea eman gabe. Errefuxiatuen komiteko arduradunak esan dit hobe dela horrelako saltsetan ez hastea, uzteko helbide ofiziala A.n, egiteko tarteka lotura han dauden kideekin eta inoiz Prefekturatik deitzen banaute, joateko, izapideak bete eta kito. Bestela, ikerketak egiten has daitezkeela, ea zertan nabilen Parisen, non bizi naizen, eta, batez ere, ez dela komeni Poliziak pentsa dezan euskal errefuxiatuak Parisen biltzeko asmotan gabiltzanik. Nire ustez badago horren atzean beste konturen bat, baina, tira, hemen bizi naitekeen bitartean, bost axola.

        Hasiera-hasieratik esan nien Iparraldeko komitekoei: Euskal Herritik irtetekotan, Parisera. Dagoeneko Bretainia, Normandia, Korsika, Pirinioetako departamendu guztiak eta Belgika, Alemania, Suitza eta Italiarekin muga egiten dituztenak ere debekatuta ditugu euskaldunok. M.ra igorri nahi ninduten hasieran. Ezetz esan nien, inolaz ere ez. A.ra, orduan, proposatu zidaten. Han ere ez zitzaidala deus galdu. Parisko kontaktua egin bitartean joateko hara. Hiriburutik hurbil zegoela eta bertako komiteko norbaitekin harremanetan jarri eta hona etortzeko hitzordua eta bestelakoak lotzeko errazagoa izango zelakoan konbentzitu ninduten.

        Hilabeteren buruan hemen nengoen. Argiaren Hirian. Oraindik ere harrituta nago azaleko dirdiraren azpian zenbateko zikinkeria pilatzen duen ziutateak. Zenbateko giza miseria. Zenbat pertsona bizi den bainugelarik gabeko etxeetan. Zenbat clochard dagoen bazter batean botata, hiritar prestu eta presatuen ezaxolaz, guztien begien bistan apurka-apurka hiltzen.

        Ni ere beste paristar bat naiz orain. Txukun jantzita eta aurrez esan balidate sinetsiko ez nukeen gela ziztrin batean biziz. Hiriaren mozorroa neureganatu dut. Hiritarron hurkoarenganako itxurazko ezaxolaz zeharka begiratzen diet txiroei, ikuskizunaz jakin-min tolesgabez gozatzeko lotsaz, ezintasunaren atzaparra nigandik urruntzen, atzerritarraren erantzukizun ezaz bernizatzen nire begirada, bertakoaren ohikeriaz elikatzen nire egunerokotasuna.

        Bizi naizen eraikinaren aurreko bankuko eskekoaren aurrean igarotzean ezikusiarena egiten ikasi dut. Hor egoten da, goizetan irteten naizenean bezala etxeratzen naizenean ere. Bertan biziko da. Eraikineko atezainak eta bizilagun batzuek errieta egin izan diote, bertatik uxatu nahian. Arima errukarriek txanponak botatzen dizkiote beren kontzientziak arintzeko. Nora joan ez dakiela dirudi, frantsesa ere ez duela ulertzen esango nuke. Ez ditu gau samurrak igaroko, udan gauden arren. Tarteka, gelatxora igoarazi beharko nukeela etortzen zait, bederen kafe bero bat har dezan. Segituan baztertzen dut asmoa: ezin duk halakorik egin, ez hago Bilbon, gela baldintza batzuekin utzi ditek komitekoek. Eta parigoaren ezaxolaz igarotzen naiz bere aurretik.

        Lehen aldiz etorri nintzenean baino ederragoa iruditu zait hiria. Ordukoan turistaren begiekin ikusten nuen dena. Orain ordea bere altzoan bizi denaren birikekin arnasten dut. Hiriak ni ere horrela hartzen nauela iruditzen zait. Ez naiz zoramenezko astebetea irauten duen maitasun kartsuaren ostean bertan behera utziko duen maitale txepel horiek bezalakoa. I love Paris, I love NY eta I love Spain pegatinen bilduma egiten duten turista irrigarri horietakoa.

        Hiriaren eta bion artekoa puska baterako sinatutako kontratua delakoan nago. Sorginduta nauka. Nire bihotza beste nonbait dagoen arren, leial izango natzaiola iruditzen zait, ez zaidala erraza izango bere erakarmenari ihes egitea, hemen ezagutu ditudan euskaldun batzuei bezala gertatuko zaidala, urtebeterako etorri eta hogei urteren buruan oraindik hemen daudela, urtez urte herriratzeko tenorea atzeratuz, erroak gero eta luzeago, sustraiak gero eta korapilatuago hiriaren katakonbetan, hiriaren etenik gabeko zaldiko-maldikotik jauzi ezinik, lepo-hezurra hautsiko ez badute. Hiria ez da-eta inoiz gelditzen, hiriak ez du-eta inoiz lorik hartzen, hiriaren besoetan jausi ahala iraungitzen zaio data itzulerarako txartelari.

        Hilotako ekintzek psikosi handia eragin dute biztanleen artean. Edozein unetan ekintza handi bat gerta daitekeen kezkarekin bizi dira paristarrak. Bizi gara esan beharko nuke, baina ez naiz erabateko paristar sentitzen ekintzen aurreko erreakzioari dagokionez. Ekintzena baino Poliziaren kontrolena dut nik kezka. Inork gutxik eramaten du poltsa aldean, poltsadunei ustekabeko kontrola egin diezaioketelako. Horregatik daude barruko edukia denen bistan uzten duten poltsa gardenak boladan. Voyeurren paradisua da Paris!

        Metroan sartzea ekiditen dugu errefuxiatuok, bertan kontrolak ugariak eta ustekabekoak baitira: poliziak egoten dira metro-zuloaren ahoetan, eta militarrak geltokietan. Hilabete gutxiotan hiria hain ondo ezagutzen lagundu dit horrek: oinez eta autobusez nabilenez hiria gainazaletik barneratzeko aukera izan dut, ohikoa izaten ez dena. Turistentzat, eta biztanle askorentzat ere, hiria monumentu eta metro-ahoen inguruan antolatutako artxipelagoa da.

        Inoiz ezagutu dudan hiririk ederrena da Paris. Kalean oso berandu arte ezin ibili banaiz ere, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatu dut, auzo batetik bestera igarotzean, mundu bat utzi eta guztiz desberdina den beste batean sartuz. Usainak, mintzairak, janzkerak, arkitektura, auzoen historia. Gaurko paristar gizartearen bizitza ere aurreko belaunaldien gainean metatuta dagoela nabarmentzen da eraikin eta kaleetan, barrikadetarako hainbatetan erauzitako galtzadarrietan. Iraultzek eta gerrek eragindako esperantza eta minen gainean irri mikatza egiten ikasi duen hiria da hau, barre algaraka ari denean ere erraietako min sakona nabaritzen zaiona.

        Borborka izaten dut burua. Hilabete gutxiotan hamarnaka film ikusi dut, eta eguneroko antzerki-eskaintzak Euskal Herrian urtebetean dagoena gainditzen du. Zorabiatzeko moduko kultur eskaintza ematen dit Parisek. Ez daukat ordea aberastasun guzti honetaz norekin hitz egin. Zertaz idatzi ere jakin gabe oheratzen naiz. Lehen aldiz bizitzan, alter egorik gabe nabil. Konspiratzaile eta konplizerik gabe alboan. Zurtz. Hormak ez dizkit pilotak bueltan igortzen. Bakarka nabil bertsotan. Erantzunik gabe, agortu egiten zait etorria.

        Poliziaren batek nortasun agiria eskatu izan didanean ere, espainiar nortasun agiria erakusten diot, nahiz eta diru-zorroan gordeta daramadan Frantzian hiruhileko egonaldia baimentzen didan récépissé arrosa kolorekoa; Espainiako Poliziaren eskuetan jar ez nazaten igaro-baimena. Pentsatu nahi dut Iparraldean kalean atxilo hartu eta mugan jartzen hasiak diren errefuxiatuak paperik gabe edo paperak iraungita dituztenak direla.

        Zorionez hemen poliziek azalaren ilunari eta janzkerari erreparatzen diote beste ezeri baino lehen. Lehengoan hiru poliziaz osatutako patruila bat zetorren kalean gora, autobusaren zain nengoen geltokirantz. Haien bidean zeuden hiru gazte beltzak ingurura etorri eta nire atzean babestu ziren. Poliziek ordea niri jaramonik egiteke haiei eskatu zizkieten agiriak! Niri, itxura egiteko ere ez.

        Beraz, biziraun legez l'espagnol naiz, baita Académie-ko irakasle eta ikaskideentzat ere. Agirian Donostiako helbidea dudan arren Madrildarra nintzela esan nien. Klasean nire abizenen euskalduntasuna identifikatu zezakeen espainiar abizenetan aditurik ez egoteak lagundu dit.

        Kurdua baino puska bat koldarragoa izan naiz, bai. Berak ondo defendatu du bere herria, ez du esan turkiarra denik, ez du esan Istanbulekoa denik. «Je suis kurde, je suis né à Siirt». Norberak bere herriaren ezaugarrien berri eman behar izan genuenean argi azaldu zuen herri kurduak jasaten duen zapalketa, irakasleak ikasle turkiarrarekin batera aterarazi zuenean arbelera.

        Turkiako mapa handi bat ekarri zuen turkiarrak eta geografia azalpen orokorrak eman zituen, Marmarako itsasoa, Istanbul Konstantinopla zela, Otomandar Inperioa. Kurduari utzi zion txanda ondoren, eta honek hatzarekin markatu zuen bere herriaren eremua, maparen hegoaldean, eta mapatik kanpora ere luzatuz, «hemen Irak dago, baina hau Kurdistan ere bada, eta hemen Siria legoke eta hor ere kurduak bizi gara eta baita ere hemen Iranen, eta leku guztietan gaude jazarriak, hizkuntza bera ere debekatuta duen herri zanpatua gara eta gure askatasunaren alde borrokatzen gara, armak eskuetan, Öcalan gure buruzagiaren ildoari zintzoki jarraikiz». PKK-k herria askatzeko egiten duen borroka armatuaren alde egin zuen tolesgabe.

        Turkiarrak ez zuen ordura artean sekula kurduei buruzko deus entzun. Hortxe, gure aurrean jakin zuen Turkiak herri oso bat zanpatzen ziharduela. Neska jatorra zen eta bere harridura zinezkoa zela iruditu zitzaidan. Horrek eman zidan kurduek Turkiako estatuaren menpean jasaten duten ostrazismoaren neurria.

        Tira, kurduak errefuxiatu paper ofizialak ditu eta nik soilik OFPRAn egindako eskaera baino ez; onartuko duten inolako esperantzarik gabe, gainera.

        Guztiarekin, hori lotsa: «Je suis espagnol, je suis né à Madrid».

        Ikasgela kosmopolita da: japoniarrak, brasildarrak, alemaniarrak, espainiarrik ez zorionez, kurdua eta turkiarra, zinez bitxia den perutar txiki bat —txiroa ematen duena eta klasean dagoen gizarte maila ertainetik oso behera dagoena, gehientsuenak, bereziki brasildarrak eta japoniarrak aberaskumeak baitira—, bi israeldar eta bera, Karen, poloniarra.

        Israeldarrak Mossadekoak direla esan zigun irakasleak. Denon aurrean aholkatu zion kurduari ez erantzuteko haiek egiten zizkioten galderei, ez emateko informazio gorderik, kontuz egiteko. Izan ere, egun pare batez kale egin eta gero irakasleak klaseetara zergatik huts egin zuen galdetu zionean, bere lehengusu batek muga-paso zaila izan zuela esan zigun, ez dakit zein mugaz ari zen, ulertu nuenez —bere frantsesa, artean nirea bezala, ez zen-eta oso ona— zauritu egin zuten, eta saioan hanka bat galdu arren arrakastatsua izan zen pasoa.

        Atsedenaldi batean, ni ere galderez josi ninduten israeldarrek. Madrilen bero egiten duela esanez hurbildu zitzaizkidan behin, eta nik Parisen ere bero egiten duela erantzun nien. Izan ere, uda beroa da aurtengoa, diotenez aspaldiko beroenetakoa. Beste bero batez ari ziren noski, ETA egiten ari zen ekintzez ari zitzaizkidan, eta nik Parisen ere antzeko beroa egiten zuela ulertarazi nahi izan nien nire frantses mailak baimentzen ez zuen sotiltasunez. Ez nintzen oso sinesgarri agertuko espainiarraren mozorropean, seguruenera zinezko espainiar batek baietz erantzungo liekeelako terrorista sasikume horien astakeriengatik gaizki-esaka hasiz. Elkarrizketa segidarik gabe utzi eta Kareni apunte batzuk eskatu behar nizkiola aitzakia, ahoa bete galdera utzi nituen.

        Benetan Mossadekoak baziren honezkero nire abizenaren inguruan ikerketak eginak dituzte. Zorionez helbide faltsua eman nuen Académie-an.

 

 

2

 

Lehen egunetik nabarmendu gintuen irakasleak Karen eta biok, ikasle aurreratuenak ginelako-edo. Gu, bigarren edo hirugarren egunetik aurrera, elkarren ondoan esertzen hasi ginen.

        Klasetik irtetean, elkarrekin egiten genuen tarte bat, beste ikaskideen atzetik, kafetegi batera edo gehienetan McDonald'sera bidean (Parisera etorri behar gorroto diedan fast-food horietako batean lehen aldiz sartzeko!). Lehen egunetan tropelaren atzetik sartzen ginen gu ere, cheeseburgerrak frantses kutsuz nola eskatu ikastera. Segituan hasi ginen ordea taldetik bereizten, Luxembourg parkeko igarobidean gure urratsa moteltzen, besteak galtzen genituen arte, hango urmael, zuhaizti eta estatuen artean frantses mintzatuan trebatzeko, inoiz ikasgairen bat edo aditzen baten jokoa Bescherellean berresteko.

        Behin, Académie-an Nô antzerki emanaldi bat ikusi ostean Quartier Latinerantz abiatu ginen ikuskizunaz hizketan. Japoniar antzezlearen emanaldia ez zen Karenen gustukoa izan, ez zuela ulertu zioen. Ni, berriz, laino baten gainean irten nintzen antzokitik.

        Mishima nuen buruan, Kawabata. Eta segituan Mirande etorri zitzaidan. Mishima eta Mirande, biak eskuindarrak, biak beren herriaren kulturaren ikuspegi esentzialistadunak, bortxaren goresleak, biak jakintsuak, idazle paregabeak, buruaz beste eginez hilik biak, urte berean: batak bere heriotzaren ordua errebolta-ekintza eta ikuskizun bihurtuta, ezpata eta luma; bestea guztien ezjakinean, isilean, hemen, zein kaletan oraindik ez dakidan Paris honetan bertan.

        Japoniako literaturaz baino ez nintzaion mintzatu Kareni, ordea, zuberotarrarena isilduz. Hango kulturarekiko dudan jakin-min eta miresmenaren berri eman nion, zinema, literatura, antzerkia.

        Erdia ez zidan ulertuko. Frantsesari, hala esan badakioke mintzatzen nintzen Molièreren mintzaira sarraskituari, gaztelania eta ingelesa nahastu nizkion nire azalpenean. Mihiari kosk egin behar izan nion euskarak hango irla batzuetako dialekto batekin omen duen antz handia ez aipatzeko.

        Karen poloniarra delako oroituko nintzen Tadeusz Kantorrekin. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian ikusita nengoen izenburua oroitzen ez nuen haren antzezlan bat. Ea ezagutzen zuen galdegin nion. Ezetz. Mishima ez ezagutzea ulertzen nuen, baina Kantor ez ezagutzea ezinezkoa zela esan nion, antzerki poloniar garaikideko zuzendari hoberenetakoa zela. Nonbait, ez nuen izena ondo ahoskatu. Paperean idatzitakoan aditua zuela esan zidan. Ez nuen beste hari muturrik behar! Azaldu nion nola maite izan nuen haren emanaldia. Zuzendaria agertokian batera eta bestera ibiltzeak berritasun eta era berean antzinatasunaren magia elkartzen zituela. Zuberoako pastoralak aipatu nizkion, türkak eta giristinoak, eta errejenta taula-gainean, Kantor bezala agertokian, mahaitxoan, banderatxoekin aginduak ematen. Ez zela taula-gainean antzezleen artean ibiltzen hura bezala, baina nik pastorala berritu behar banu hortik joko nukeela, errejenta aholku-emaile, dantza urratsak ere egiten, ahapaldiren bat kantatuz. Ez zidan asko ulertu. Zuberoa non dagoen ere ez zuen ulertu, Frantziako mapa egin nion, Pays Basque, la Soule... le sud de la France. Korapilo ederra. Pastorala. Hori nola esan frantsesez? Pastorale. Artzain kontuak? Ezin itzuli edo ulertarazi. Théâtre!

        Hori ulertu zuen. Marrazki zehatzago bat egiten utzi zidan, bere apunteen kaieraren atzealdean. Gero, marrazkikoa azaltzeko, hortxe, rue Monsieur-le-Prince kale erdian, makila asmatu bat hartu nuen ezker eskuan, urratsak egin nituen, doinu bat ahapeka kantatuz, gelditu, kiribildu nuen makila irudikatua buru gainean, ahapaldi bat asmatu nuen zuberotar doinu akutuz abesteko, «Parisen gaude galduta jendea dabil salduta etxe-zulotan sartuta bizi-gogoa galduta», potoari ezin zion antzeman, eta klank! makilaz lurra kolpatzearena egin nuen, imintzioa oinetako-kolpe hotsez lagunduz.

        Barre egin zuen, barre egin genuen, algara alaiez bete genuen kalea, gure inguruan zeharka begira igarotzen zirenei ezaxola. Bere onera egin zuen azkar, ordulariari begira berandutzen ari zitzaiola esan zidan, metroa hartu behar zuela, zain zituela etxean. Metro-ahoraino lagundu, agurtu eta oinez egin nuen nik, ekialderantz, Sena ibaiari jarraituz, presarik gabe; ez nuen inor zain.

        Orain ere ez dut inor izaten zain. Ez naiz inoren zain egoten. Bizilekua utzi didan errefuxiatuak ez beste inork daki non nagoen; eta zerbait gertatuko balitzait ere errefuxiatuon asteroko hitzordura arte ez litzateke inor kezkatuko.

        Klasean eta Karenekin egiten nituen hizketaldiez gain isilik pasatzen nituen egunak, orain bezala. Orain, ordea, alde egiterakoan egin zidan opariari esker, ez dut inoren hutsunerik sentitzen.

        Klasetik atera eta Luxembourg parkean paseatzen elkarren berri ematen gindoazen batean esan zidan Karenek kristaua zela, xaloki. Sumatua nuen, zilarrezko gurutze bat zeraman-eta lepotik zintzilik, bere azal zurian dilindan, elurretako lore bat bezala.

        Margo beharrik ez duten bere ezpain gorrikarei begira egoten nintzen klasean mintzatzen zenean. Frantsesez berak nik baino hobeto egiten zuen, zerbait jakinda etorri baitzen hona, baina nik ere asko aurreratu nuen ikastaroak iraun zuen hilabetean.

        Poloniaren independentziaren aldeko borrokari buruz galdetzea bururatu zitzaidan hasieran. Gai arriskutsua, inondik ere, gure borrokaz aritzera eraman nintzakeena oharkabean, eta nahiz eta gaia zeharka erabili, Espainiako estatuaren baitako nazioak ateraz hizketa-gaira, nire burua salatuko nuen beldur nintzen. Espainiar mozorropeko anonimotasun gezurtia gordetzea hobetsi nuen.

        Egonaldia gurasoek ordaindu ziotela ere esan zidan, Cité Universitaireko ikasleen egoitza batean beste neska poloniar batekin partekatzen zuela gela. Nik bizilekuari dagokionean ere ezkutatu egin nion egia: lehengusu baten etxean bizi nintzela esan nion; bakarrik bizi nintzela esan izanez gero etxera (gelara!) gonbidatzeko atea irekita utziko bainukeen, eta ezin dut inor gonbidatu bertara, ez ezagun eta ez ezezagun, eta agindu zidaten ez emateko inori, ezta senideei ere Parisera bisitan etortzen bazaizkit, bizi naizen lekuaren berri.

        Kristaua ez naizela bederen aitortu nion. Ez genuen harrezkero sineste konturik aipatu, baina ez zitzaidan iruditu bereziki axola izan zitzaionik, ez nuen-eta niganako jarreran aldaketa nabarmenik sumatu; ez behintzat txarrera.

        Klasea amaitzerakoan, lorategian promenatu ostean, kafe bat hartzeko ohitura hartu genuen. Ikasleen udako axolagabetasunez ibili gara Parisen. Hiru urte lehenago Parisera lehen aldiz etorri nintzenean ezagututako lekuetara eraman dut. Ilunabarrera arte ibiltzen ginen kalez kale, etxeratzeko ordua iritsia zela esaten zuen arte. Berandutzen zitzaigunetan, garaiz iristen ez bazen bere gelakidea larrituko zela eta gurasoei dei ziezaiekeela azaltzen zidan, ezin ziela gurasoei hutsik egin, haiek ordainduko zizkiotela Ingeniaritza ikasketak. Nik Zinema ikasketak egiteko nuen asmoaren berri eman nion; nork ordainduko dizkidan ez dakidan arren.

        Karen hizketan aritzen zitzaidanean, bezatu ezin nituen pentsamenduz betetzen hasten zitzaidan burua, ezpainei begira gelditzen nintzaion, nireekin suabeki ferekatzeko grinaz, lepo zuria arin hozkatu, bakardade gauak bere epeltasunaz uxatzeko egarria egiten zitzaidan.

        Ez nintzen etxeratzeko ordua luza zezan erregutzera ausartzen, nire erreguek ataka estuan jar ez zezaten, erreguon nirekoikeria agerian ez uztearren, entzungor eginez gero gure harreman orbangabean arrakala ñimiño baina ezabaezina eta betirakoa sor zitekeen beldur. Bakardadeari zorionezko luzapen-segundo batzuk ebasteko Andrej Wajda ezagutzen ote zuen galdegingo nion, berak ere klaseko beste ikaskideek bezala Almodóvar aipatu eta goretsiko zidan beldurrik gabe, bai noski, ez dut maite ordea, metro-ahoak irensten zuen arte. Walesa eta Solidarnosc ez aipatu behar izateko, Rue des Écoles-eko liburutegiren batean edo Beaubourg-en Poloniako zinemagintzari buruzko esku-libururen bat aurkitu beharko nuela pentsatuz urruntzen nintzen, eskuak poltsikoetan, begirada hiriaren ederrak gatibatuta.

        Batzuetan, gure eskuek oharkabean elkar ukitzen zuten, bata bestearen ondoan lasai genbiltzala, gehienetan bularrak babestuz estutzen zuen karpeta eskuineko eskuan hartu eta ezkerrekoa nire eskuinekoaren alboan dilindan uzten zuenean.

        Palais Royal-en, Kultura Ministerio ondoko Burenen zutarriak ikusten egon ginen hartan ordea ez zen gure eskuen zabu-dantza oharkabearen lipar gutxitako deskuiduko ukitzea izan. Geldirik geunden eskultura-gunea inguratzen zuen eskudelean bermatuta, lurretik sortzen edo lurrean sartzen diren zutoin zuri-beltzei begira. Bere eskuaren epela nabaritu nuen nirearen ondoan. Inguratzen gintuen zalaparta isildu egin zen. Gu ere bai. Mintza gintezkeen eskulturei buruz. Ohitura baikenuen Parisko monumentuei buruzko gure usteak elkartrukatzeko, iritzi-kidetasunarekin laketzeko. Lehen urratsa eman nezan aiduru ote zegoen?

        Une horretan jabetu nintzen jada ez dudala bizitza datorren bezala hartzen. Nire egintzek izan ditzaketen ondorioei bestelako ikuspegi batetik begiratzen diedala orain. Etorkizunari buruz arduragabe izatetik haren menpeko bihurtu naizela. Ezezagunaren aurrean zuhur uzkur koldar.

        Karen eta bion arteko harremanak izan zitzakeen ondorioek kezkatzen ninduten! Zergatik ez nindoan lehen bezala bizitzan babes-jantzirik gabe? Aurreiritzi eta kalkulua besterik ez nerabilen: zer etorkizun luke gure harremanak? Zer ondorio? Aipatu behar ote nien beste errefuxiatuei? Onespena behar ote nuen? Nola baldintzatuko zukeen horrelako harreman batek nire bizitza? Elkarrekin hasiz gero ezingo niokeen ezkutatu hiru hilero hutsik egin gabe A.ra paperak berritzera joateko betebeharra. Nire benetako nortasunaren berri ematekotan zer jarrera hartuko ote zukeen? Eta maitemintzen baginen, sufrimendua besterik ez zen aterako horrelako harreman batetik: Varsoviara itzultzeari uko eginez gero, bere gurasoekiko hausturak gure harremana kutsatuko luke. Eta nola atera behar genuen bizimodua Parisen? Ni atzerrian bizitzera behartuta bainengoen.

        Ez nuen nire burua ezagutzen, mota horretako kezka eta hautsi-mautsietan ito beharrean. Ez nintzen ni.

        Uda gau bateko maitasun zoraldia izan zitekeen, eta kito. Zertarako kezkatu etorkizunaz. Kezkatu al nintzen bada ordura artean? Berak hala nahi bazuen, eta nik hala nahi banuen, une eder bat izango zen, souvenir gozo bat, Pariskoa. Pariskoa Pariserakoa, souvenirra, nire kasuan, ez baitzirudien azkar batean Eiffel dorrearen erreprodukzio txiki batekin apaindu ahal izango nuenik gurasoen etxeko apalategia.

        Bera ordea itzuliko zen gurasoenera, une batez etendako etorkizunaren hariari korapilo ikusezina eginda, ni bertan utzita, korapilo eginda, ikusezin. Lehen bezain bakarrik, agian bihotza erdibituta, Euskal Herria eta Poloniaren artean, Parisen.

        Bihotza hustuta hegoaldearen eta ekialdearen artean. A.ri erantzungo nionean, bai, baietz, ezagutu dudala neska bat, baina behin baino ez dugu egin larrutan, eta gainera alde egin du, zer axola du nongoa den, poloniarra da, bai, gustukoa dut, bai, zer nahi duzu esatea, ederra den?, bai, ederra da, baina hori ez da kontua, maite zaitut, ez dakit maite dudan, nola nahi duzu jakitea, ez izan zakarra, pasatu da, bukatu da, nola?, gurekikoa bukatu dela?, ez egin halakorik, maite zaitut, maite zaitut, bera ere maite ote dudan?, ez zu bezala, ez, ezin dut esan biak maite zaituztedanik, bakarrik nago hiri handi honetan, egunak luzeak dira inorekin hitz egin gabe, eta hitz egiten dudanean buruan darabilzkidanak azaltzeko mihi elbarri trakets zehaztugabe honen menpe nago, sabaira begira lo egiten dut, albo batera jarriz gero belaunak maindiretik kanpora ateratzen zaizkidalako, ipurdiarekin horma hotza jotzen dudalako.

        Ustezkoak eta balizko ondorio gatazkatsuen amesgaiztoak baztertu eta nire zalantzak ezkutatzeko Karenek ez zuela halakorik nahi esaten nion nire buruari. Eta nik beragana sentitzen nuen erakarmena hiri handiaren bakardadeak eragindako etsiaren kume sasikoa zela; atzerriaren zauria sendatzeko botikatzat hartzen nuela Karenenganako harremana.

        Orain, bata bestearen ondoan etzanda bi pertsona sartzen ez diren ohetxoari begiratzen diodanean, etxera, hona, Parisera etorriz geroztik bizilekutzat izan ditudan hiruren artean ziztrinena den gela honetara etortzea proposatu eta onartu izan balu, zer gertatuko zatekeen nire bizitzan pentsatzen jartzen naiz. Bere gorputz biluzia irudikatu eta tximeletak dantzan hasten zaizkit, mototsean bilduta zeramatzan zetazko bilo hori askatuetatik burua bere sabelean bermatu horzkada txikiz bulartxoak kitzikatu titiburuak irentsi alu-aldeko ileak ferekatzeraino.

        Alferrikako ameskeriak, dagoeneko sekula gauzatuko ez diren desirak. Joana baita, desagertua nire bizitzatik. Iraganak irentsia. Nire ordez. Nik ordez.

        Nire jatorria aitortzeko orduan bezain koldarra izan naiz horretan ere. Ez dut bizitza aurreiritzirik gabe besarkatu. Eskularruak, aho-sudurretarako kirurgia-mozorroa, txabusina berdea. Zertaz kutsatzeko beldur ote nintzen? Norenganako edo zerenganako loturek eragotzi didate Karenekiko abentura? Atzerrian nagoenez gero zer espero dut bizitzaz? Jatetxe bateko karta bat dela uste al dut? Lehen ez niokeen muzin egingo dastatzeari, gertatzen zena gertatzen zela. Are, zerbait gertatuko zen desiraz. Eta orain, non eta hemen, inork ezagutzen ez nauen ingurunean, kezka besterik ez dut ibili. Gutiziazko jakiekiko ingirati.

        Nire jatorria mozorrotu behar izanak nahasmena eragin didala esaten diot nire buruari. Kontsolagarri. Ez al zatekeen errazagoa izango bera bezain benazko eta egiatia izan banintz?

        Karen, euskalduna naiz, errefuxiatua, nire herria bere askatasunaren alde borrokan ari da eta horregatik alde egin nuen, orain konta niezazuke zergatik, Cité Universitaireko futbol-zelai aurrean eserita ikasleen Resto U-an bost liberetan ematen duten garagardo eta oilasko zatia jan bitartean, La Santétik bere neska-lagunak gidatzen zuen helikopterora igota ihes egin zuen Michel Vaujorren balentria miresmenez harira aterata, hortxe bertan lurrartu baitzuten duela bi hilabete, bada nik ere... neska-laguna dut baina zoratuta naukazu, zurekin oheratu nahi dut, ezin zaitut ordea nire bizilekura eraman, ez, ez naiz lehengusu batekin bizi, gela ziztrin batean bizi naiz, eta ez ginatekeen ohean bata bestearen ondoan sartuko, inor ez eramateko agindu didate gela utzi didatenek, segurtasun arrazoiengatik, begiak itxita eramango zintuzket, hitzordu ezkutu hartako etxera eraman nindutenean bezala, kristalak itsututako eguzkitako betaurrekoen atzean ostenduta begi eder horiek, makulu zuri bat eskuan, itsurak egiteko nire besoa bestean, ni ere itsu, adimenez, bata bestearen ondoan aratinik ez bada, bata bestearen gainean etzango gara, istapeka, niri berdin zait nor noren gainean, liluratuta naukazu, zure azalaren kolorea, zure adatsa, zure ezpainak, irudikatzen ditudan zure titiburuak, sabelaldea, aspaldian larrutan egin gabe nagoelako izan daitekeela ez dizut ezkutatu nahi, biharamunaren kezkarik gabeko musua eman nahi nizuke, ezpain gorrikara horiek nire hortzekin kitzikatu, bizitza datorren bezala hartu dut orain arte Karen, zergatik ez dut berriro egingo, badakit telefonoz mintzatzen garenean gogorra izango litzatekeela neska-lagunari beste norbait ezagutu dudala esatea, beti galdetzen dit, gogorra izango litzatekeela ez dudala inor ezagutu esatea, igarriko lidake, nola esan daiteke horrelako gezurrik horrelako egiarik kabina publiko batetik, mila kilometro eta hilabeteko distantziara, etortzeko bakantzak hartuko dituen hurrengo aldia hain dago urrun, biharamunean elkartzekotan bageunden ere ez litzateke errazagoa, gainera esan zidan ez dela segurua datorren hilean etorri ahal izango duenik, lana dela-eta, badakizu, eta hau da nire aurrerantzeko etorkizuna, ziurtasunik ezak baino aurreikuspen oro galarazten duen errezel opako baten atzean gordetzen denak paralizatzen nau, hain ausart hintzen koitadua, emakume beltza kabinan joka, bukatzeko, berak ere hots egin behar duela, Senegalera, eta atzean aljeriarra, eta berdin du zein kabina hautatzen dudan, orduotan beti dago norbait deitzeko, izan ere gauetan puska batez merkeagoa da telefonoz deitzea, nola aitor daiteke horrelako baldintzetan frantses klasean ezagutu dudan neska poloniar batekin, Karen du izena, baina horrek ez du inporta, oheratu nahi dut, edo oheratu naiz, horrek inporta al du?

 

 

3

 

Azken egunetako batean esan zidan Karenek ezkontzara birjina iritsi nahi zuela. Beste hainbatetan bezala harritu eta hitzik gabe utzi ninduen. Bere konfidentzia berri horren ordainetan ordura arte ukatu nizkion nireak eskatzen ari ote zitzaidan? Gezurrean edo isiltasunean babesten jarraitu behar al nuen?

        Varsovian mutil-laguna zain zuela gehitu zuen segituan, itxitako atean giltzarrapoa. Ez bazen alderantziz, itxitako atearen giltza eta giltzarrapoaren giltza, bi-biak eskaintzen ari zitzaidala?

        Zer zentzu ote du orain erantzunik izango ez duten galdera horiekin burua hausten ibiltzeak?

        Karenek bere bizitza ezinbesteko segida izango zuten gertaera multzo ondo atondutako bat bezala irudikatzen zuela iruditzen zait. Eta niganako harremana aurreikuspen hori indartzeko zerabilela. Aurreikuspen hori arriskuan jartzearen zirrarak erakartzen zuela nigana. Ezezagunera eraman zezakeen desbideratze baten azken aukera nintzela. Nire ondoan oinen azpiko zorua dardaran nabaritzen zuela, zorabio goxo batek hartuta, iraganetik etorkizunera artez zeraman bidearen bi alboetara nire besoek nire ezpainek nire gorputzak sortzen zituzten labarretatik amiltzeko aukeratu ninduela. Oin puntak amildegiaren ertzean oreka doi-doi begiak itxita aire brisa batek nigana bultzatuko zuen esperantza aitorrezinez zetorrela nire alboan Parisko kaleetan Odéonetik La Bastillera. Nik urratsa egin eta erabakitasunez, Karen viens! (nola esaten da polonieraz je te désire?) esango nion unearekin amets egiten zuela, akabo lerro zuzena, paradisua dagoelako dago infernua, eta nork daki non dagoen bata eta non bestea, gelakideari arazki gau-onak eman eta frantsesezko ariketak egiteko edo Éluarden poemak irakurtzeko erabilitako ohe-argitxoa itzalitakoan, begiak zabal, ilunpean, bihar bai, egunak argitzerako gauak ezabatuko zuen musu emango diot erabaki irmoa hartzen zuela.

        Artean, galde-ikur lainotsua bihurtua zen nire bizitza. Etorkizundun idazle izatetik, lehen hain jori sortzen zitzaizkidan istorioak asmatzeko ezindua, herritik sustraietatik gero eta urrunago, urrunegi orbeltzen hasitako nire hostoetara izerdia iristeko, lanbiderik gabe, berriro ere ikasle, etorkizunik gabeko errefuxiatu izatera igaroa nintzen.

        Zertaz hitz egin behar nuen idazlanetan. Nola ihes egin ia itotzeraino besoetan hartuta ninduen gure herriko errealitateari. Kaian murgil egitea bezalakoa izango zela esan huen? Txanpona ahoan atera, turista koitaduen txaloak jaso eta harri gainean lehortzera etzan. Ur hau ez da lehortzen ordea. Gerraren erdian nola jarraitu idazten. Eta zertaz. Beste batzuek dena ematen diharduten artean. A.n izapideak egitera lagundu zidanaren mutil-laguna herenegun arte batzuetan Krutwigen ondoan kafea hartzen nuen kafetegiaren aurrean tiroz hil zutenean atzo. Etzi bera atxilotu eta torturatuko dutenean.

        Gerra hau ez da berria horregatik; horrek ez zidan orain artean idaztea eragozten ordea. Distantzia kontua besterik ez al zen? Gehiegi hurbildu naizelako erre al dit suak idazluma? Ez dut baina su horretan gorituko den ezpatarik eskuetan.

        Nori eman kezka eta zalantzon berri? Kezkak hitz bihurtuta ere ba al dut ulertuko nauen inor inguruan?

        Kareni esango nizkiokeen, euskaraz, zer axola bestela ere ez luke-eta ulertuko, sabaira begira biok, agian hotel bateko gela aloka genezakeen, polonieraz erantzuteko, polonieraz je t'aime ere nola esaten den ez dudala jakin nahi, nik ere ez nioke-eta maite zaitut esango, gezur gehiago ez, ez da maitasuna, itsasoan galduaren etsia, nora eza, hain eder zorabioa, naufragook ere zoriontsu izateko eskubidea dugu itsasoa maitatu behar izan gabe, ekaitzak arrolaka darabilen baltsan eraiki hareazko gazteluetan behin-behinean ostatu hartuta.

        Bere begi urdinekin begiratzen ninduenean, dena asmatzen zuela, deus ez zuela ulertzen, iruditzen zitzaidan aldizka.

        Zer gertatuko zatekeen halako batean kalez jantzitako poliziek inguratu eta atxilotu izan bagintuzte. Ezingo niokeen azaldu zergatik ez nion egia esan, zergatik esan nion gezurra. Bion frantses maila kaskarregiak harreman korapilatsu honi buruzkoak argitzea galarazten zigula.

        Barkaberegia naiz nire buruarekin, gezurrak eta isildutakoak, gramatika eta hiztegiz osatutako estakuruen artean hobiratuz.

        Ia hasieratik jakin zuen zer gertatzen zitzaidan. Ziur nago orain. Zer gertatzen zitzaion nekien bezala. Bi gazte atzerrian. Hiri handiko desanparoan. Bakantza egun batzuetarako primerakoa den baina eguneroko bakartian itolarria sortzen duen Itzalen Hirian. Hitzen bidez ezin adieraziz mukuru betetako espaloi, kale-kantoi, kale-zuloetan barrena.

        Musukatu behar nuen. Kito. Musuen bidez azaldu nire barne ekaitza, mina, bakardadea, zorion beharra, babesgabetasuna, irribarre egin arren, berak hilabete eskas zeraman bezala, bazela urtebete arraina uretatik kanpo bizi nintzela ni, dena berri, deserri, ezezagun, etxez etxe, etxez beste, errari neramala urtebete erbesteratuta, aldiro dena hutsetik berreraiki beharrez, aldiro atzera begiratu eta dena suntsituta ikustearen minez, edo okerrago ezjakintasunaren larritasuna, etxekoengandik, adiskideengandik, neska-lagunagandik urrun, haiekin harremanik apenas nuela, astean behin telefono kabina batetik deitzen niela, zenbakia eman eta beraiek deitzen zidatela, merkeago izan zedin, diruz ere larri nenbilelako.

 

 

4

 

Atzo izan genuen ikastaro amaierako jaitxoa.

        Académie Française ondoko tabernara joan gara denok irakaslearekin. Pote bat hartu eta brasildarrek berriro ere St. Michel-eko McDonald's gorrotatura joateko plana egin digute. Karen eta biok nahiago izan dugu beti bezala hara bidean Luxembourg parkean besteengandik bereizi, are gure azken txangoa izango dela jakinda.

        Gaur ere, erretiratuek, turista unatuek eta parkeko lasaitasunean irailerako utzitako ikasgaiak berrikusten ari diren unibertsitarioek betetzen dituzte burdinazko eserleku tolesgarri gehienak. Usoak saldoka hurbiltzen dira maitasunaren parodia etsigarrian purra-purra ogi papurrak eskaintzen dizkieten atso desolatuen baranora, hegaldi labur ausartez elikagaia lapurtzen dieten txori ttipiekin batera. Ekialdeko zuhaitz eder bat dago gure aurrean.

        Giroa sargoritzen hasia zen goizerdiko eguzkiarekin lehian, lorategiko berdeguneak freskatzen zituzten ureztagailuek, beren aldizkako zorrotada fineko tantez betez airea.

        Varsoviara itzuliko da bihar. Nik egonaldia luzatuko dudala esan diot, beste hilabeterako eman dudala izena ikastegian, alfabetatze mailan, ez dudala bizitza osoa frantsesa ikasten pasatu nahi. Eta unibertsitaterako sarrera-frogarako izena ere eman dudala, Zinema ikasketak egiteko. Agurtu bezain azkar txiki-txiki egiteko eskuan gorde dudan Varsoviako helbidea eman didanean, ez dut Madrilgo helbiderik asmatzeko adorea izan, gurasoen Donostiakoa eman diot. Ez dela Madrilgoa nabarmentzera ausartu zait. Gurasoak Donostian bizi direla esan diot. Madrilgo etxea utzia dudala. Inoiz Espainiara badoa gurasoenera egiteko bisita esan bezain pronto egin diot kosk mihiari, nahiz eta segur aski han ere ez naizela egongo, saiatu naiz konpontzen segituan. Idazteko, bestela, hobe, bai, idazteko, gurasoek helaraziko didatela bere gutuna. Eska ziezadakeen Parisko helbidea, prest nuen aitzakia, laster etxez aldatu behar dudala. Ez diot esan Varsoviarako gonbidapena ez dudala inoiz beteko, ez Varsoviara ez inora ezin naizela joan, Frantziaren mugen barruan preso nagoela. Ez dit telefono-zenbakirik eskatu, zorionez. Madrilekin harremanik txikiena ere ez dudala asmatuko zidan.

        Metalezko aulki bana hartu eta iturri batera hurbildu ginen, hankak ertzean bermatu genituen. Besteetan baino lan handiagoak izan nituen zigarreta pizteko gogoari eusteko. Karenek ez du tabakoaren hatsa jasaten.

        Azken uneak ziren. Amaiera. Haurra besoetan zeraman ijito ama gazte bat hurbildu zitzaigun. Kareni etorkizuna igarri nahian tematu zen, trukean haurtxoarentzako esnea erosteko sosak eskatuz. Karenek ez zion eskua eman nahi izan. Txanpon batzuk atera nituen ama gazteari emateko. Eskainitako txanponik hartu gabe irribarre egin zuen ijitoak, eta Kareni begira-begira jarrita «Hilekoa duzu!» esan eta irriz alde egin zuen haurra besoetan estutuz. Gorritu egin zen Karen. Ez berak eta ez nik ez genuen ezer esan.

        Isilune deserosoa hausteko-edo, tolestuta zeraman Libération egunkariko berri bat erakutsi zidan.

        — As-tu vu?

        Ez, berri horri kasu egin gabe gainbegiratua nuen egunkaria.

        Isilik egon zen amorantea hil eta jan zuen ikasle japoniarrari buruzko berria irakurtzen nuen bitartean. Niri begira-begira sumatzen nuen. Berria bukatu eta aurrean genuen urmaelean igeri geldoan zebiltzan arrain handiei begira gelditu nintzaien.

        — Comment est-ce possible de faire ça? —galdetu zidan irribarrerik xaloenarekin.

        Ezin nion erantzun, ez nezakeen irudikatu nola egin zitekeen halakorik. Haurrek aiten laguntzarekin nabigarazten zituzten belaontzi txikien joan-etorrietan galdu nintzen.

        Bat-batean, elkar ezagutzen genuenetik lehen aldiz, Karenen eskua nabaritu nuen nire sorbaldan.

        Begiratu nion. Irribarrez ari zitzaidan, begiekin ahoarekin bere hortz zuri ederrekin, iduneko perla eder horiek niretzat ziren, ezker masaileko sakonunetxoa ere bai, lepoan zain ubel bat taupaka, zuritasun leun horren erdian odol izerditan. Ez nintzen mugitu behar. Ezin nintzen mugitu. Ondo irarri unea garunaren zoko batean. Ez mugitu ez pentsatu usainak ferekatu koloreak arnastu pentsamenduak hozkatu. Ez dakit irribarrez ari ote nintzen ni ere edo harridura baino ez zuten adierazten nire hazpegiek. Japoniar ikaslea bere maitalearen bularra jaten ikusi nuen bat-batean, titiburutik zerion odola edoskiz. Karenek mugimendu atzemanezina egin zuen niganantz, nire sorbaldan ezarri zituen hatzekin presio goxo bat egin zidan, adore emanez bezala, baietz baietz baietz edo labarretik behera erortzear dagoenaren azken ahalegina, baltsaren ertzari azken indar ahulez heltzen dion itsasturi gaixoaren ez ez ez ezpainak dardarka zituen. Zer egitera zihoan. Zer egitera gindoazen. Varsoviarako abioia. Gela ñimiñoa. Errezela. Amildegia. A.ra joan behar nuen Prefekturan paperak berritzera. Ez. Ez. Ez.

        Ezpainei itzuri egin nien zien genien.

        Amestu bezala, mertxikaren gozotasuna zuen haren masaileko azalak, sakonunearen ondo-ondoan pausatu nuen musua, ezkerreko eskua bere bizkarrean jartzera ausartu nintzen; izerdiak bustia zuen alkandora zuria.

        Gure buruak aldendu genituenean irribarrez zerraien Karenek, goxoago, iruditu zitzaidan, hasperen egin zuen. Askatu zidan sorbalda, berreskuratu nuen bere izerditan lurrindutako eskua.

        Jaiki zen, egunkaria niretzat zela esan zidan, japoniar ikasleari buruzko artikulua seinalatuz.

        — Merci —esan zidan, bazihoan, bi urrats egin eta itzulia hartuta—, merci beaucoup.

        Bertan geldituko nintzen. Bertan utzi ninduen. Joaten utzi nuen. Ez nintzen mugituko Saint-Michelera ematen duen atetik desagertu zen arte. Ez genuen gehiago elkar ikusiko.

        Joana zen.

        Hiriko kaleetan galduta ibiltzeko beharra nuen, hiriari nire bakardadea erakusteko, hiria nire bakardadearekin ohitzen has zedin. Izango genuen denbora. Puska baterako erbestea nuen hiria neureganatzeko. Nire atzerrira egokitzeko. Nire atzerri mikatzaren sakoneraino murgiltzeko. Sustraitu gabe errotzeko.

        Ilunabarrean gelara iristean harritu egin nintzen etxe aurreko bankuan eskekoa ez ikusteaz. Arima dontsu batek babes emango ziola bururatu zitzaidan aurrena; segituan, ordea, bankuaren alboan begiztatu nuen orban ilunak susmo beltzagoak ernatu zituen nigan.

        Gelan sartu eta beste ezer egin aurretik mahaia betetzen zuten gosariko baxerak harraskara eraman nituen. Ondoren, Olivettia bere estalkitik atera nuen. Aspaldiko partez orri zuri bat eman nion jatera. Eta azal fereka-minez minbera nituen hatz-mamiekin hainbeste poema artikulu ipuin antzerki idatzi zituen teklatua ferekatu nuen atsegalez, atzerriratuz geroztiko antzutasunari amaiera emanez idazten hasi nintzen: «Azal zurikoa zen gure mendietako betiereko elurraren zuriaren pareko arroz-hautsen beharrik ez zeukan haren bisaiak arrosarantz lerratzen zen zuritasun hartan ezpain haragitsu gorrikarak sortzen ziren eta begietan esmeralda bi zituela pentsatu nuen segituan inori grisez tindatzea otu zitzaion esmeralda parea urre zaharraren koloreko ile adats luzeak mototsa single batez lotzen zituen eserita bizkarra zut ikusi nuen lehen unetik hura izan zen enetzat edertasunari buruz eman zitekeen etsenplurik estonagarri eta era berean lasaigarriena».

        Txapitulako leihotik sartu zen eguneko lehen argitasunak idazten harrapatu ninduen.

        Nire atzerri dultzean. Atzerriko nire aberri txikian.