Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Mont-Blanc asana

 

 

5, OSTIRALA

 

Liburu asko dudala nire gauzen artean esanez etorri zait irakurtzekoa eskatu nion alfer-zaina. Irakurtzen ari naizenaren izenburua, Urainen Ez dago etxean, papertxo batean idatzita eman nion arren ez duela aurkitu eta Toti Martinez de Lezearen Otalorea, azkenean irakurri beharko dut, Bulgakoven Endiablade, aproposa République-aren ganbara honetarako eta yoga egiteko liburua ekarri dizkit, denbora duenean egingo duela beste miaketa-saio bat nire «liburutegian».

        Urainen liburuaren izenburua berriro eman aurretik egin du alde.

        Ziega honetako hormak harrigarriki zuri daude, ez laguntza-eske etsitu ez irain ez marrazki gordin ez arabierazko errezo idazkun bakar bat ere gabe.

        Besaburuetako beltzuneak duela hiru egun baino beldurgarriago daude. Mengeleak aztertu ninduenez geroztik beste batzuk agertu zaizkit beso-zangoetan.

        Arratsetan yoga egiten hastea erabaki dugu.

        Eztabaidan egon gara afalaurrean edo ostean egin, liburuak dio yoga jarrerak egiteko hobe dela urdaila hutsik edukitzea: aurretik, hiruretatik lauretara ordu ona izan zitekeen, arratsaldeko bostetan ekartzen digute afaria; baina baita ondoren ere, jaki epelak irentsi osteko irakur denbora astuna arintzeko.

        Tenperaturak ebatzi du auzia: bero handiegia egiten du arratsalde hasieran, zazpietan egitea erabaki dugu.

        Asana o postura de la pinza. Lurrean eseri, hankak elkartu eta luzatu. Nola esan euskaraz? Asana, postura edo jarrera. Pintzaren jarrera? Ez dut uste. Pintza; ez. Pinza: hagin, karramarroarena. Karramarro-haginaren jarrera; ez. Pinza: gantxo, kisket, arropa eskegitzekoa. Gantxoaren postura, edo Kisketaren postura edo jarrera; agian. Kisket gustatzen zait. Kisketaren asana edo jarrera edo postura. Egongo da inon itzulpena eginda. Nori eskatu euskarazko yoga libururik ba ote dagoen. Jarrera poliki-poliki egin eta desegin behar da, mugimendu bortxatu, azkar edota zakarrik gabe. Ahal dela, yogan aritzeko lekuak lasaia eta isila behar du; alde horretatik gainalde hau baino aproposagorik ez dugu erraz aurkituko. Arropa arin eta erosoak jantzi behar dira; galtzontzilotan hoberena. Zoruak ez gogorregia eta ez bigunegia, esterilla bat, tolestutako tapaki bat, hori erabiliko dut, moketa, alfonbra edo antzekoa erabili; tapaki hauek auskalo zenbatek erabiliak, zenbat tu eta malko hobe ez pentsatu, zorua zikina dago, ez pentsatu hormako orban hori zerk egindakoa ote den. Gutxi gorabeherako denbora mugatua dauka asana bakoitzak, baina ezin bada lortu mantentzea, jarrera edo postura desegin eta erlaxatu, orain arte ikusi gabeko zigarrokin bat izkina hartan, kontu egin tapakia biltzean, barrualdera tolestu zoruarekin kontaktuan egon den aldea bihar ere alde hori bera jartzeko zoru gainean, beste egun bat ziega garbitu gabe, garbitzekoak beranduago ekarri behar omen zizkidan zaindariak, bihar berriro eskatu, Sarako erretorearen koadrilakoak dira hemengo denak. Jarrera honekin gorputzaren atzealdeko gihar guztien luzatze bizkor eta bizia lortzen da, giharrak bizkortuz, malgutuz eta biziberrituz. Jarrera edo postura hau minutu batez mantendu. Nola zenbatu denbora?, bat bi hiru, azkarregi?, eta lau bizpahirutan bost errepikatu, mantsoegi? Trebatu ahala iraupena hiruzpalau minutura luza daiteke hamasei ez utzi gogoa erromesaldian hogeita hiru luzatzea orpoetatik lepalderainokoa da berrogeita zortzi giharrei tonu bikaina ematen die berrogeita hamaika giharrak askatuz eta berorien odol garaztatze edo irrigatzearen bidez berrogeita hemeretzi.

 

 

6, LARUNBATA

 

Goseak gaude.

        Gaurko ikustaldietan senideek arropen artean sartutako jakiekin berdinduko dugu pixka bat sabeleko zuloa.

        Beste zigortu isolatuengana bezala ikustaldien ondoren senideak agertuko zaizkigu kartzela aurrera, gure irrintziei adore oihuz erantzutera etorriko direla autobusak irabaziko dugula ez etsitzeko.

        Ez da makala izango, jakinaren gainean egon arren, betoi eta burdinazko kutxa honetatik irtendakoan hartuko dudan ustekabeko atsekabea; beti gertatzen zait. Hona sartu aurretik gure burua azken aldiz ikusi genueneko oroitzapena gorde dugu; dutxan ere ez dago ispilurik. Nire bizarraren zuriarekin harrituko naiz, barrearen oroimena ahaztutako hazpegiak gotortuta, betzulo sakonen gainean distira galdutako begirada, argal maskal zimel, egunean hogeita hiru orduz porlana haragiz bazkatzen eman ostean zaharrago.

        Zaindariak Urainen liburua ekarri dit!

        Azalean aulki hautsi bat agertzen zela esan niola oroitu du. «Euskaltzain» goitizena jarri diot. Itoleku hauetan ditugun marrazoak ikusita guardako aingerua dugu zaindari hau. Tamalez guretzat bakantzetara doala esan dit, ezagutzen dituela ordezko ekipoko collègueak, azkar konpontzen ez badugu hemengo auzia ez dela gozoa izango egonaldia, ez duela uste haiekin beste libururik lortuko dudanik eta atea ixtean «Courage!» esanez zur eta lur utzi nau.

        Poliki-poliki bat enborra aurrerantz makurtu hanketara ahalik eta gehien hurbilduz bost eskuak oinetaraino eramatearekin batera hamaika. Ahal deneraino burutu jarrera norberaren gorpuzkera eta sasoiaren arabera hogeita hamahiru. Moduluan denok hurrenez hurren jarriko gaituztela hitzeman arte ez gara aterako hemen ere ez da hain gaizki egoten, musikarik ez dagoela, bestela nik Baleen kantua edo La Mejor Música de Relajación del Mundo edo Anari hogeita hamazazpi Beñatupanquik Laboa hangoak meditazio CDa hogeita hemezortzi bertsotan doi-doi entzuten dugu elkar gainera etorri txikia ekarri dugu zigortutako txirritok berrogei apustua eginda dago, ez zela altzatarra, Bodegon Alejandron afaria kalera igo beharko digute propio prozesu dramatikoak daraman abiadan ez badugu lehenago hegan egiten txoriak bezala berrogeita sei kantari ibili naiz ziega barruko txangoan ia ordu erdiz leihotik karrajura sei urrats hamabi joan-etorrian hamar segundotan jarri dut marka berrogeita hamahiru. Kontzentratu hadi egiten ari haizen horretan ez utzi pentsamenduak pinpilinpauxekin. Kisketaren jarrera edo asana ziatika, lunbagoa, idorreria, odol-uzkiak, lordosia zer ote da hau, eskoliosia, jan-ondo gaiztoa, dispepsia, arraioa!, aerofagia, hau puzker kontua izango da ziur, gastritisa, gibel eta barearen dilatazioari aurre egiteko onuragarria da eta baita diabetearentzat ere, demontre! Kaiolan ordubeteko promenadan geldi egoten gara, elkar ongi samar entzuteko aukera bakarra da sarez eta txarrantxez goibeldutako zerura begira hitzak burbuila argudioak estrategiak pertikaz katapultaz norbera bere teman kutxan berrogeita hamabost gainerakoan hormak bezain mutu ematen dugu eguna berrogeita hamazazpi hitz egiten dute hormek kartzelan. Nerbio sistema autonomoa orekatu eta arteria tentsioa doitzen du, hau guztia Elhuyarreko norbaitek zuzendu behar luke urdaila gibela ez duk lehia ezta hire buruarekikoa ere patioan korrika egiten duanean bezala ez bortxatu ez duk presarik nora joan nahi duk. Bizkar-muineko odol-zirkulazioa laguntzen du jarrera honek, eta gorputz osoaren iraupen, ekite eta eraginkortasun gaitasuna handitzen du hirurogei.

 

 

7, IGANDEA

 

Leihotik leihora aritzeko xake-joko bana egitea adostu dugu Beñatvinykek eta biok.

        Bazkan emandako mertxika hezurra higatzen hasi naiz promenadako zementuzko hormaren kontra igurtziz «E» hizkia irarri dut errege edo erregina beltza zizelkatzeko higatze-lanetan.

        Ea hezurdun fruitu gehiago ematen diguten. Bitaminak ere ez zaizkigu gaizki etorriko.

        Ezkutuko borroka garaietako zerbait kontatzeko eskatu dit Beñardok.

        Aipatzeak ondoriorik ekartzen ez duten protagonisten izengoiti eta izenik gabeko gertaerez aritu natzaio.

        Hainbeste isiltasun orduren ostean eta elkar apenas entzuten dugulako oso nekeza den arren on egiten digu hizketaldiak.

        Gustura entzun ditu. Egia ere bada errepikatzearen errepikatzeaz gero eta trebezia handiagoa dudala pasadizo horiek kontatzeko orduan.

        — Zergatik ez duk horrelako kontuei buruz idazten —proposatu dit.

        Ez da eskaera egiten didan lehena.

        Gaur umore onez nago; goxoan erantzun diot:

        — Ezin delako, Mosen Bernard.

        — Pena duk bada, jendeak ezagutu behar litizkek. Borrokaz dagoen irudipena zinez okerra duk. Jendeak ez dik ezagutzen zer bizi duen militanteak sasian, borrokan.

        Arrazoia eman diot konbikzio handirik gabe, nekatuta nagoela gaizki entzuten diodala aitzakia eten dut elkarrizketa, agur esan diot.

        Gozakaiztu nau ez da bere kulpa honek zer nahi du orain Euskal Nazio Askapenerako Errealismo Sozialista Iraultzailea idazten has nadin? Zola? Gorki? Ez nion utzi behar Grossmanen liburua. Galdetuko nioke gustura ea non ikusten duen berak gure Stalingrad.

        Aurpegia, bularra eta urdaila ahalik eta gehien hurbildu hanketara bederatzi. Nola poztu zen aita kartzelan ikasi zuen berak ere yoga egin nahi nuela esan nionean hamasei hurrengo ikustaldirako ekarri zizkigun liburuak hogeita lau ahal den punturaino iristerakoan mantendu jarrera hogeita zortzi ahal delarik gogoaren erromesaldiak ekidin, txikitan aitak kartzelan larruz babestu hari zuri gorri berdez jositako yogiaren irudiz apaindutako yoga-liburua etxeko apalategitik hartzen nuen miresmenez azal goxoa ferekatzeko inoiz ireki ez hogeita hamaika nolako egonarria, zenbat ordutako lana, astia sobera izango zuten, ez irrati, ez Gara eta Berriarik, ez telebista, ez ordenagailu, zigor-ziegan bezala, burkidearen iradokizunak nigan ustez betirako itzalita zegoen sugarra berpiztu du, eskuz ere idatz nezake, hamasei urte nituenean bezala berrogeita zazpi nola utzi nion literatura idazteari ihes egin al nion oraindik ere ihes egiten al diot zergatik ezin dut bukatu Pellot piratari buruzko eleberria duela hogeita bost urte sortu zitzaidan lehen aldiz berari buruzko nobela idazteko asmoa eta orain ilobak piratei buruzko ipuin bat idazteko eskatu zidalako idazten hasi eta ipuina izan behar zuena aurrena luzatu eta gero hondartu egin zait karenatzen daukadala esaten diot nire buruari itsas hiztegia alkaternatzen nabilela aitzakia nekaldi kronikoa, estresa eta antsietatea eta bizi larriminari aurre egiten laguntzen du Mexikora alde egin izan banu idazten jarraituko hukeen, Miguel Parecido? jarri gogoa jarreran nola duan ez konkortu bizkarrezurra oinak lurrarekin perpendikular eskuak oin-azpiak helduz. Jarrera edo postura honek gorputza desblokeatu eta erlaxazio sakonagoa errazten du burkide bat atzerriko hiri handi batean bakarrik, Polizia atzetik duela ohartuta ihesean. Ez dakigu zertan ari den, zer egin duen. Nolakoa den konturatuko gara bere ekiteko moduagatik. Burkidearen barne-hausnarketak txertatu edo hoztasun horretan uztea hobe? Hausnarketarik gabe militante zorrotzaren irudiak hobeto ematen du, zehatza, zalantzarako tarterik ez duena, irakurlearentzat bihozgabea-edo, bakartia, sendirik ez duena, amarik ez duena, neskalaguna bertan behera utzi duena bere bidea urra dezan aske berak herriaren alde bizitza eman behar duelako, sinesgarritasuna izango du. Nola azaldu Daviden barne-bizitza, kontraesanak, gatazka, kontzientzia txarraren harrak jandako arima oinazetuaren irudikeria faltsu batean erori gabe berrogeita hemezortzi baldintza hau zorrotz bete behar dute aski trebatuta ez dauden pertsonek, hobe da aurpegiarekin hankak ez ukitzea, gehiago jaitsi nahian jarrera oker egin eta enborra makotzea baino, horrela ez baita kisketarena egitea lortzen arnasa nabari dut belaunetan yoga saio batek hamabost minutu eta ordu eta erdiren artean iraun dezake. Bizkarrezurra malgutzen laguntzen du asana edo jarrera honek, gaztetasuna eta harmonia ematearekin batera berrogeita hemeretzi hemendik irten beharko nuke idazteko hirurogei.

 

 

8, ASTELEHENA

 

Kartzela osoko ikusmirarik onena dugu hemen: egunsentia, arratsean han urrunean mendiak eta batez ere hormaz bestalde kalea bertatik bertara ihesaldi antsia apalduen ardagai nola, proiektu zaharrei hautsa kenduz nortzuk, amets ihartuak ureztatuz noiz.

        Beñatek gaiari heltzen dion bakoitzean uzteko utopiak ihardesten diot. Errealitateari aurre egin behar diogula. Gaztea dela oraindik, ikasiko duela esaten harrapatzen dut neure burua, zenbat zahartu naizen!

        Besoak gorputzaren alboetan kokatu, hanken alde banatara, ukondoak zorutik ahalik eta gehien hurbilduz zazpi trebatu ahala iraupena hiruzpalau minututara luza daiteke. Betokerra pasatu dela iruditu zait. Zenbat denboraz eduki ote dut behatxulotik ezkelka zelatan. Nahi dutenean badakite bai katamotzaren sei hanketan etorri eta azeriaren egonarriz ehizakiok barrandatzen. Aldiz, goizaldean kasinoko erruletari bezala eragingo dio sasikumeak behatxuloaren estalkiari. Gogoa atezuan izan behar da. Gorputzaren atal zehatz batean jar daiteke arreta, jarrerak gehien eragiten dion horrexetan, adibidez, edo baita jarreran edo posturan bertan, edo sortzen diren sentsazioetan; baina ahal delarik gogoaren erromesaldiak ekidin behar dira hemeretzi zaintza-txanda amaitzean zaintza-kaierean zer idatziko ote du nitaz? Jakingo ote du yoga egiten ari naizela edo il fait des exercices physiques arreta galtzen den bakoitzean berriro ere burutzen ari garen jarrerara edo posturara erakarri behar da gogoa edo musulmanen errezoan harrapatu nauela jarriko du garun-huts horrek deskuidatuz gero eta hortik aurrera Al-Qaedarekin harremanen bat ote dugun ikertzen hasiko dira talde berezietakoak, gure gutunen itzulpenetan gorde uste diren mezu ezkutuen bila denbora alferrik galtzen baina horretarako ordaintzen diete hogeita sei atergabe erne egon jarrerak irauten duen bitartean. Denon kaierean gauza bera jarri beharko du, ils font des exercices physiques, tous au même temps, hori da kideenganako uste osoa izatea, ziega barruan norberak nahi duena egin baitezake, leihotik esan dezake baietz, hogeita hamahiru yoga egingo duela, eta gero potrojorran egon. Zaindariak, etsaiak, soilik jakin dezake benetan gertatzen dena, ils font tous des exercises physiques sauf... Ez da horrelakorik pentsatu behar, taldean denok bat garela irmoki sinetsi behar da, aurrez adostutako hitzordu batera joaterakoan bezala, aurreiritzirik gabe joan behar da, errealitatea eta gure ametsak bat diren ziurtasunak ematen duen indarrez, David Marc-engana joango denean bezala; beraz, ez al da bere bizitzako bi unetan guda-izena aldatutako pertsona bera?, bi militante al dira izaeraz eta borrokarekiko jarreraz guztiz desberdin?, horrek ez al du militante eredugarria eta ganorabakoaren arteko epaiketa baten antza hartuko? hogeita hamalau hogeita hamabost hogeita hamasei David ez da inoiz, badaezpada ere hartuta dagoen bermatzera, hitzordua baino bost minutu lehenago enkontruaren lekura azaltzen zeren besteak, Marcek oraingoan, gauza bera egingo balu, biek egingo lukete topo bost minutu lehenago, eta Davidek eta Marcek elkar ezagutzen ez dutenez batak bestea poliziatzat har lezake eta hitzordua txakurtuta hogeita hamazazpi hogeita hemezortzi hogeita hemeretzi dagoela ondorioztatuz gero dena pikutara joango litzateke. Sabel barrunbeko organo eta erraien (gibel, bare, pankrea, urdail, eta heste luze eta lodi) hertsatze onuragarria eragiten du. Beraz, David eta Marc ez dira pertsona bera hori argi berrogeita zazpi berdin du, izanda ere idazteari ekin dionetik hainbeste aldatu da Marcen jarrera David zen horren antzik txikiena ere desagertu dela eta baita giltzurrunen eta giltzurrun guruinen goititze ezin hobea berrogeita zortzi idazten duena sinatzerakoan bukatuko da itxuraldaketa berriro ere noizbait izan zen hura izango da berriro jaioko da eta akabo hobe izango da borroka garaiei buruzko ezer ez idaztea emakumeen umetokian eta obulutegietan masaje ongarria ematen du. Gogoaren erromesaldiak ekiditeko zenbat denbora daramak jarrera honetan luze doa minutua hartu arnasa lasai jarri gogoa bizkarrezurraren forman ez bortxatu ez da lehia hire buruari ematen dioan masaje bat bezalakoa duk goza ezak plazera izan behar dik idaztea bezala ez betebeharra, irakurtzea bezala egunero ordu-laurden egitea oso onuragarria da berrogeita hamabost berrogeita hamasei berrogeita hamazazpi mugimendu peristaltikoentzat ona da, eta baita epigastrioko hodientzat, maskuri eta gerrialdeko nerbioentzat bezala. Urdaileko urinak estimulatzen ditu. Jarrera desegitean berrogei segundo inguruz erlaxatu giharrak, ondoren berriro ere osatu jarrera eta ikusiko duk nola lehen baino malguago egiten duan berrogeita hamazortzi berrogeita hemeretzi bigarren saioan hobeto erreusituko duk jarrera literatura hirurogei.

        Yoga-saioa bukatuta, irakurtzeko asmoz Urainen liburua hartu dudanean, zigarretak egiteko paper fin bat hegaldatu da orrien artetik.

        Hasieran, harrigarria iruditu zaidan arren, ez diot garrantzirik eman, «Geroago bilduko dut» pentsatuz.

        Orrialdea markatzeko izkina tolesteko ohitura dudanez eta jasoz geroztik liburua inori utzi ez diodanez, harridura berdintzeko jakinguraz betaurrekoak jantzi ditudanean zoruan zetzan tximeleta ustez zurbilak hegalen apaingarri boligrafo gorriz idazkera sarriz osatutako zerrendekin mezu bat zekarrela ohartu naiz senez ate aldera ikaraz begiratzearekin batera, Betokerra zelatan ote nuen.

        Estalkia jarrita zegoela baietsi arren, ez dut berehalakoan saretu mezularia.

        Ohean etzan naiz, ohi ez bezala ateari begira. Irakurtzen ari denarena egin dut, ezarian besoa lurrerantz luzatuz. Zoruko hautsean haztamuka ibili naiz nire hatz mamiek Urrobiko harri azpietan gordetako amuarraina ukitu duten arte. Zakatzetarako hatzekin bildu dut leunki.

        Liburuaren atzean kukututa arnasa etenda hasi naiz irakurtzen dardarka sinesgogor mezua.

        Sinadura begiratu beharrik gabe, lehen hitzetik jakin dut nork idatzia den.

        Zer sentitu dut?

        Sakon-sakon egin dut hasperen, Beñati deitzeko asmoa irentsiz. Hobe behar baino lehen inor jakinaren gainean ez jartzea. Zer esango lidake orain? Adarra jotzen ari natzaiola usteko luke. Hobe esperantza faltsuak ez haizatzea. Hobe gure arteko liskarra sor dezakeen deus ez jakinaraztea inori. Hobe halaber zaindariak ez daitezen ohartu gure umore aldaketa txikienaz, denak berdin jarraitzen duela pentsatu behar dute, susmo txikienik gabe, ganoragabeko miaketa eta zaintze-txanden ohikerian lokartuta. Brechten urruntasunaren antzerkian trebea naiz. Ni izango naiz remake honetako antzezle bakarra. Deus gertatu behar ez balitz bezala. Arrakasta izan edo porrot egin nire bizkar hartuko dut. Berriro.

        Ez dut jakin nahi nola egin duten ohartxoa niganaino helarazteko. Bost axola. Haienganako erabateko ustea dut.

        Galtzetako azpilduran gorde dut.

        Eskerrak ez nuen Berriako artikuludun orrialdea bota.

        Artikulua gabe ezingo nituzke ulertu ohartxoko mezu kodetuak.

        Hori ere hobeto gorde beharko dut, badaezpada ere.

        Ezkutaleku hoberenean: Poek gutuna ezkutatu zuen leku berdinean.

        Ahantzia nuen zirrara sabelean. Inor ez ohartzeko ahalegin erraldoia. Berriro ere!

 

 

9, ASTEARTEA

 

Zigor-ziegen azpiko estaian isolamendu modulua dago.

        Nire azpikoari deitu diot. Luze aritu naiz berarekin hizketan. Harrituko zitzaidan Beñat, ez da ergela eskuarki ez bainaiz oso hizlaria, ez dit ezer esan ez da mentsa.

        Sei hilabete daramatza putzuan eta ondo ezagutzen dituen barruko zein kanpoko ohituren berri xehea eman dit nik eskatu ahala.

        Tarteka gotorlekua inguratuz poliki-poliki pasatzen diren Jendarmeriaren patruilak orain arte baino arreta handiagoz zelatatzen hasi naiz.

        Beti dago preso talaiari bat erne izkinatik agertzen diren bezain pronto fils de pute ozen batekin laido-aldarrikapen kontzertu franko-arabiar euskaldunari hasiera emateko: la chatte de ta mère non à la dispersion on va vous faire la peau les prisonniers basques au Pays Basque!

        Ez diet bestetan bezain gogotsu oihu egin; erretzeko papereko ohartxoa tolesturetan dudanez gero amorrua botatzeko behar gutxiago dut.

        Eskuak oinazpietan kokatu, edo ezin baduzu, orkatilak edo berna-hezurrak heldu hiru oinazpietara iristen naiz baina erosoago nago berna-hezurra helduz. Nahi eta ahal duenak oinetako behatz lodia hel dezake edo bi eskuekin oinazpiak oratu. Hau ez dut ondo ulertu: oinazpietan kokatu edo oinazpiak oratu. Michellek ez du hamaika Davidekin hitz egin nahi hamabi maitaleak izan zirelako agian eta gaizki bukatu zutelako edo ekintza-talde batean elkarrekin ibilitakoak direlako eta ez zirelako ongi moldatzen. Jarrera edo postura egiterakoan, hoberena sudurretik arnasa egitea da, hartu eta bota. Orduan David militante matxistaren prototipora hurbiltzen zait eta Marc eta bera pertsona bera direnik sinestea zailagoa da, alda ote daiteke norbait hainbesteraino borrokaren eraginez? Orno lunbarren atzealdearen irekidura laguntzen du jarrera edo postura honek eta ornoen atzealdeko lotailua luzatzen du. Edonola ere, argi egon behar du beraien artean ezinikusia dagoela, Michelle eta Daviden artean, hogei ez David eta Marcen artean, horrek ere sinesgarritasuna emango dio dena ez dela arrosa kolorekoa kide izateak ez duela esan nahi lagun-min izatea pertsona normalak direla militante iraultzaileak baina zertan dira iraultzaile militanteak beren bizitza pertsonalean zertan datza beren engaiamendua ez utzi gogoa alderrai horixe! zenbatean nindoan berrogeita lau berrogeita lau sudurra belaunetik urrun samar dut berrogeita bost berdin dio ez da lehia arnasa berrogeita sei hartu berrogeita zazpi bota, sudurretik ezin, itoko ez banaiz ahotik beharko presarik gabe uxatu tximeleta hegal zuri zerrenda gorridunak gogotik bota lasai bizkarra okertu gabe makotu gabe! gontz bat aldaketan hurbildu enborra hanketara sudurra belaunetara eroso giharrak tenk min goxoa behar du kontuz berrogeita... mantendu jarrera edo postura minutu batez, beti ere arnasa lasai hartuz. Gero, desegin jarrera eta erlaxatu giharrak ez pentsatu ezertan hustu burua kontzentratu egiten ari haizen horretan ez utzi gogoa noragabe berrogeita... bederatzi bizkarrezurra irudikatzen saiatu hankak zuzen al dituk non nabari duk tenkadura zortzietan jarri dugu amaitu osteko hitzordua ez dugu hitz egiterik izango leihotik leihora neketsua da zarata handiegia dago berrogeita hamahiru maskuriari hertsatze mesedegarria eragiten dio eta gizonengan prostatarentzat berrogeita hemeretzi mesedegarria da ere.

        Arratsaldeko zaintze-txanda igaro eta ordu laurden bat pasatzen utzi dut.

        Nirea da azken ziega eta zaindariak alde egin eta korridorea erabat isilik dagoela ziurtatu dudanean berreskuratu ditut egunkari orrialdea eta ohartxoa.

        Laster jakin beharreko guztiak buruz ikastean desegin ahal izango ditut biak.

        Inorengan susmorik sortu gabe kideei egitasmoaren berri nola eman asmatu beharko dut. Eta nortzuk hartuko dugun parte nola erabaki ere bai.

        Gauerdi inguruan iratzarri egin naute oihuek.

        Jendarmeak igarotzean baino zalaparta handiagoa egiten ari zirela ohartuta egunen kalkulua egitean tronpatu ote naizen izu-laborriak hartu nau.

        Jaiki eta leihora hurbildu naiz arrapaladan.

        Kartzela aurreko errepide erdian, kale-argiaren azpi-azpian, auto bat motorra martxan argiak piztuta geldi.

        Burdin barrei inoiz ez bezalako indarrez heldu diet.

        Bi neska atera dira barrutik.

        Konplimenduzko oihuak eta loreak bota dizkiete presoek, zein baino zein gordinagoak.

        Bakoitzak alde banatik inguratu dute autoa aurrealdeko argien parean elkartuz.

        Zigor-ziegetako batek bularrak erakusteko eskatu die.

        Elastikoa altxatu du nesketariko batek.

        Nolako lasaitua.

        Ez darama bularretakorik. Giza piztia zalaparta garrasi eromena zigor-zooko kaioletan.

        Mugikorra ezkutuan sartzea lortu duen isolamenduko batek telefono zenbakia emateko, deituko diela.

        Zigor-modulutik gonak altxatzeko eskaera.

        Lotsatiarena egiten ari dira beren artean mintzo ikusleak kolokan mantentzeko, argi dago ordea eskaera beteko dutela. Azkenean, barretxo artean, «Minututxo bat soilik e?», gogo-kontra ari bailiran, bat, bi eta hiru, altxatu dituzte gonak eta elastikoak.

        Ez dute kulerorik, bularrak dilindan.

        Dantza pauso batzuk egin dituzte atzealdea erakutsiz zigor-ziegetakooi isolamendukoei kartzelako horma tzarrari kartzelako isolamendu eta zigor moduluak kalera begira diseinatu zituzten arkitektoei kartzela hau industria-eremuan eraikitzeko baimena eman zuten alkate eta kontseilariei Jendarmeriari moral puritanoari botereari.

        Denak popatik hartzera!

        Abere irenduen basetxean matxinada.

        Amaitu da ikuskizuna, elastikoa eta gona txukunduz presaka sartu dira autora, bozina joz badoaz, txalo eta eskerroneko oihuen atzetik jendarmeak berandu iritsiko dira.

        Leihoz leiho dabil ikuskizunaren iruzkina. Ziegapare seko harrituta dago, ikusi duena ez sinestekoa dela dio.

        Isolamendukoak nesken edertasunari buruz eztabaidan ari dira. Batek dio berdin zaiola neskaren edertasuna, zaindari eme batekin ere joko lukeela.

        Beste batek ikusitakoarekin gaueko bakar saiorako irudi-bazka baduela.

        Izan dugun elkarrizketa laburrean haserrea nabaritu dit Beñatek. Ez dakit sinetsi didan nekearena aipatu diodanean, iratzarri nautela eta lo-haserrea nuela. Moral estukoa naizela pentsatuko du segur aski.

        Kezkaz oheratu naiz. Eguna gaur izan balitz horrelako ustekabeko txoro batek dena pikutara bidalia zukeen.

        Eta gutxi falta da.

 

 

10, ASTEAZKENA

 

Jarraitzen dut ziega garbitzekoak eskatzen, kexu, normaltasun itxura emateko.

        Beñatzweig ere kexu da, xakean egin nahi du, berak aspaldi bukatu zuen bere jokoa, orrialde zuri bateko zatitxoetan marraztu ditu berak piezak, ea noizko lehen partida.

        — Bidaiak dik garrantzia, Beñat, ez Itakara iristeak! —jo diot adarra.

        Ni geroko gerotan artelan bat egiten ari naiz: kafe zorrotxo zatiekin pioi beltzak, esne-hauts zorrotxo zatiekin zuriak, datil-hezurrekin alfilak. Camel paketeko dromedarioekin zaldi zuriak. Dorreak zerekin egin asmatu beharko dut, baita zaldi beltzak ere.

        Edo ez dut asmatu beharrik izango, dena ondo badoa.

        Eta dena okertuz gero ere ez: sakabanatuko gaituzte Luxenburgoko mugaraino eta bakartuko naute berriro ere.

        Utz dezadan. Ongi aterako da!

        Bart gauekoaz aipamenik ez dit egin Beñatek. Aldiz, ihesaldi ospetsuaren kontua ekarri dit berriro mintzagai, nola izan zen kontatzeko eskatu dit hamaikagarrenez. Besteetan baino zakarrago, duela ia hiru hamarkadako kontu horretaz aritze hutsak kartzelaren sentsore eta alarmak aktibatuko dituen beldur banintz bezala alboratu dut gaia, hamaikatxotan esana diodala horri buruz ez diodala inoiz inori hitz bakar bat ere esango.

        Elkarrizketa elikatu gabe, hiltzera utzi dut, laster yoga egiteko ordua dela-eta prestaketa lanak hasi behar ditudan aitzakian.

        Ondo ezagutzen dut, muturra okertuko zuen, zapuztuko zitzaidan.

        Berandu gabe ulertuko du nire zabarkeria.

        Kisketaren jarrera edo postura edo asana guztiz burutzea lortzen da, aurpegia, bularraldea eta urdaila hanken gainean hamaika bermatzerakoan. Tokitan gaude! Davidek hitzordua Michellerekin izatea nahi luke, sinesteko moduko istorioa izan behar da benetan gertatzen direnak kontatuz gero ordea asmatutako ipuina dela esango lukete sinesgarritasuna egia mozorrotuz lortzen al da?, gainera politikoki zuzena izan behar da hamazazpi hamazortzi morboari erantzun behar dio baita ere baina era berean burkideak gutxietsi gabe. Jarrera burutzerakoan eta berau mantentzerakoan gehiegizko ahalegina egitea kontraindikatuta dago. Kontraindikatuta! Hori hitz itsusia. Jarrera edo postura burutzerakoan eta berau mantentzerakoan ez da gehiegizko ahaleginik egin behar. Hobe, tximeletak literaturaren zeregina errealitatea huts-hutsean islatzea baino norberaren usteak inarrosi, pinpilinpauxak irakurleagan zalantza sortu, galdea, ez soilik plazerezko une bat pasarazi baina hori ere bai noski oinarrian irakurtzearen plazera hizkuntza idatziaren bidez begietatik gorputzera sartzen zaigun zorion dosirik gabe, pinpirin txikiena bada ere ez dago literaturarik idazleak irakurleari ere plazera eman behar dio idazten duenarekin ez du berak soilik plazera sentitu behar beste kontu bat da zein irakurleri zer plazer eta abar hogeita hemeretzi irakurleak plazeraren ertz batetik bada ere bere buruari galde diezaiola nik zer egingo nukeen halako egoera baten aurrean huts-hutsean pertsonaiaren jokabidea epaitu ordez berrogei nola lortu irakurlearen betaurreko zorrotzak bere baitarako ispilu bihurtzea berrogeita bat nor gara David militante pertsona zorrotza kontraesanen esan-gabekoen eta gezurren, txikiak izanik ere, mozorropean eta gainean aurrera egiten duena berrogeita bi, edota ganoragabea dirudien bestea, Marc, bere buruaren gainetik inor ez duelako zereginak albo batera utzi eta literaturaren sirena-kantuei oharkabean bezala erantzunez burkideak eta borroka-asmoak arriskuan jarriz maitasunaren altzoan berrogeita hiru berrogeita lau lokartu eta Poliziarenean esnatzen dena berrogeita bost kontua ez da militanteen morala edo etika. Mitxirriken gogoa bizkarrezurrean jarri. Pertsona guztiek dute bizitzan antzeko hautuei erantzun beharra, berdin du irakaslea edo etxekoandrea, langilea edo enpresaburua, denek dute bizitzan jokabide bat, eta jokabide hori zertan oinarritu, ispiluan beren burua begiratzen dutenean, ikusten dutena, munstroa bada ere, onartu edo arbuiatzera eramaten dituena. Arrazoizko ahalegina, zer ote arrazoizkoa?, egin behar da beti, mailakatua eta ongi neurtua. Bederatzi egun jada. Polizia-etxeetako torturetan flexioak egitera behartzen dituztela esaten dutenean beti ote dira flexio mota berak? Juanmigelek jasandako torturak deskribatu? Zenbat denbora iraun daiteke jarrera deseroso batean giharrak tenk ikertua ote dute nolako kaltea egiten duen sabel barrunbeetako organo eta erraietan? Nahasmen organikorik dutenek, yoga egiten hasi aurretik espezialistari galdetu behar diote, erantzuna jasotzerako herdoildu zaizkigu giltzadurak, eta berreziketa-ariketa soil gisa egin jarrera honek gihar bikiak, ipurmasailekoak eta bizkarrekoak indartzen ditu berrogeita hamazazpi. Juanmigelen galerak berrogeita hemezortzi besteei eragiten dien samina erakutsi? berrogeita hemeretzi. Bi egun besterik ez hirurogei.

 

 

11, OSTEGUNA

 

Egoera konpontzen ez bada gose greba egiteko proposamena egin du Beñatek. Isildu egin naiz, eztabaida gero eta sutsuagoan parte hartu gabe. Bozketa egitea proposatu dutenean hitz egin dut, horrelako ekimen bat bozketaz ezin dela erabaki nabarmenduz eta nola hala auzia berriro bihar edo etzi eztabaidatzeko konbentzitu ditut, agintariak biharko barne-epaiketaren ostean proposamenen batekin etorriko zaizkigulakoan.

        Etzi. Badakit etzi ez dugula halako eztabaidarik egingo. Etzi beste aldi bat hasiko baita gure bizitzan. Lortu edo ez.

        Saiatze hutsa garaipena izango da.

        Barru-barruan sentitzen dut lortuko dugula; duela ia hiru hamarkadako zainetako zirrara berdina nabari dut.

        Batzuetan, ezinezkoen diruditen gauzak modurik sinesgaitz eta errazenean lortzen dira.

        Eta oraingoan ere berdin izango da. Nori bururatu behar zitzaion zulo honetatik irteteko modu hain erraz eta garbia nahiz eta ez arrisku gabea zegoenik?

        Kisketaren jarrera edo postura hau egiterakoan, okertu gabe jaitsi behar da bizkarra, zuzen, bularraldea eta aurpegia hanken gainean bermatzeko, enborra okertu, ez, okertu ez, zortzi enborra konkortu edo makotu, hobe, gabe buruarekin soin-adarrak ukitzeraino literaturarekiko berraurkitzea nola bizi duen era aski indartsuan erakutsi, literatura askatasunaren arintasunaren sinonimo, hamalau loturak korapiloak kezkak aienatzen betebeharra bazter uzten ezarian baina ez al da konturatzen benetan? bere barne hausnarketen bidez erakutsi ez dela axolagabea pertsonaia zuritu bere hauturik gabeko hautuak sortzen digun erakarmena justifikatuz eta une berean eginbeharra albo batera uzteak sortzen digun deserosotasuna harekiko urruntasuna desagerrarazi betebeharra eta plazera hogeita sei Euskal Herriak behar hau, literaturak behar al hau?; gainera idaztekotan zerbait ona egin behar duk hire herriarekiko konpromisoa bertan behera uztekotan hobe duk Nobel saria ez baina bederen barregarri ez geratzeko moduko zerbait izatea esango dio bere buruari baina droga bat bezalakoa da maitasun istorio bat sexua tarteko balego errazago ulertuko lukete idazlearen jarrera txarresteko joera luketenek barkaberago ulerkorrago lamia baten besoetan erortzeagatik huts egin duela iradokiz gero eta ez lau poema kaxkar edo eleberri zamatsu bat idazten saiatzeagatik gizakia haragizkoa da ez paperezkoa jan larrutan egin lo zer behar du besterik gizonak barkatu gizakiak pertsonak idatzi idatzi idatzi hogeita hamalau hogeita hamabost hogeita hamasei nola lortu irakurleak horrelako egoera baten aurrean berak zer egingo lukeen hausnar dezan, zalantza egin dezan, jadanik bere bizitzan izan dituen bidegurutzeetan hartu dituen erabaki erdiragarrien oihartzuna piztu amodioa lana dirua laguntasuna traizioa gezurra kontzientea arduragabea oharkabea berrogeita bederatzi uxatu pentsamenduak bi pinpilinpauxa hegan, ez makotu bizkarrezurra, ahalegin zakarrik ez, bihotzarentzat ona da eta zirkulazio-sistema hobetu eta pelbis-aldea suspertzen du. Libratze-lanak errazten ditu eta hesteetako alferkeriari aurre egiten dio, hori besterik ez nuen behar! hirurogei.

 

 

12, OSTIRALA

 

Azken eguna. Gutako birentzat.

        Gaur ez dugu yogarik egingo.

        Lortu dut Beñati leihotik leihora haizea lagun hari bati lotutako kometa mezutxo bat helaraztea.

        Horretan eman dugu eguna mezua beste muturrean daukaten azken kideaganaino iritsi arte.

        Orduan hasi da txalaparta.

        Ohartxoan proposatu diedan kode konplexuaren arabera horma-kolpez eman ditugu iritziak jaso erantzunak.

        Ukabilek irribarre oihu algara egin dezaketela ikasi dugu gaur.

        Ukabilak borrokarako ez ezik samurtasunerako ere eginda daudela.

        Pozez negar egiten dutela, besarkatzen, adore ematen.

        Hunkitzen direla azken agurrean.

        Ez zaie erraza izan denok ezingo dugula ihes egin barneratzea, birentzako txartela besterik ez dagoela bidaia honetan, baina bozketa eztabaida gabe hartu dugu erabakia: Beñatek eta biok egingo dugu saioa.

        Parlamentuko adin-mahaia, pentsatu dut, nire buruarekin txantxetan.

        Erabakiaren berri izatean ez dut jakin zer esan nola eskertu.

        Beñat ere isilik egon da.

        Alea jacta est. Gure Rubicon ibaia burdina eta zementuzko magma zurrundua da ordea. Askatasuna gure Erroma.

        Orduaren zain etzan naiz.

        Denok egongo gara etzanda.

        Atezuan.

        Arnasa sudurretik hartzen dut ondo aterako da barneko ekaitza baretu nahian ondo aterako da. Gogoa erromesaldian burdin barretatik at igorri dut aitzindari bidea garbitzeko libre.

        Betiko orduan entzun dugu jendarmeen patruilari eskainitako irain abesbatza, oraingoan euskaldunon ekarpenik gabe. Denok gaude aiduru, operazioaren hasiera noiz iritsiko.

        Prestatu naiz. Horman jo dut.

        Erantzuna; prest dago Beñat ere.

        Prest gaude denok.

        Kanpoan ere hala egongo ahal dira!

        Ordularia begiratu dut leihora hurbildu aurretik.

        Hor daude. Esandako lekuan dago autoa. Argiak piztu itzali piztu ditu.

        Beñatek eta biok alderantziz egin dugu ziegako argiarekin: itzali piztu itzali.

        Ilunpean nago. Baina ez da ilunpe aizarotsua, bizitza berri baten iragarpen babesgarria baizik. Tunelaren amaiera egunsentia guretzat ere iritsiko dela dioskun gau beltza.

        Operazioa hasteko seinalea ahul baino argi entzun da.

        Sakon hartu dut giltzapean azken aldiz dena behar bezala badoa arnasa.

        Ez dut zalantzarik hala izango dela. Oraingoan ni aterako naute kanpora.

        Bagoaz!