30
Erran gabe zihoan, behingoz, Pazko astelehen arratsalde hartan lanean nehoiz ez bezala loriatu nintzela. Fredok gidatzen zuen kamioia eta gibelean Dede eta biok karrika izkinetako zaborrak trebeki intsuldatzen genbiltzan. Besagainka zainartaz jaurtitzen genituen poltsa beltzak xehatzen zituen sabel borobilkariaren ahora. Kopeta zolan eta ezkerreko bekainean neuzkan orbainez burlatu zitzaidan Dede:
— Senarrak jo zaitu?
— Ez duzue besterik!
— Ardura horrela baita. Ubeldurak dituen emaztea eskaileretan erori da edo haserre bulta batez lagunak tuinakoz azpildu du. Ez dituzu egunkariak irakurtzen?
— Ez dut denborarik. Eta publizitatez beteak dira... —eta irriz nerraikan—: Soizu hortxeko paper pulo horri. Erreklamak, izparringiak, paper zaharrak.
— Doaikezin.
Barnealdetik aspaldian ohatzera etorria zen Dede, baina herriko mintza molde zenbait atxikiak zituen, hala nola ukatzen ez nuen plazera hazten zidan doaikezin ospetsua. Hogei urtez SAFAM lantegian burdina plegatzen ari izana zen, hormetan behera herdoila baizik ez zerion fabrika hertsi zieten arte. Borroka neketsua eraman eta hondarrean plan sozial duina erdietsi zuten. Dede Baionako garbitzaileen taldean sartu zen, gehienak aitzin-erretretara bidali zituztelarik, adina zeukatelako. Zaborketaritza ez zen egiazko lana Dederentzat:
— Burdina sutan isurtzen zen labearen aurrean infernuaren sarreran nintzela ziruditan. Negar metalikoak hausten zitzaizkigun oinetaraino. Korrika egiten genuen erreduraren mehatxuetarik urruntzeko. Kaskoak, argiak, haga meharrak, esku larru eta zapata bereziak generamatzan. Lanjerosa zen. Izugarri.
— Beraz aldaketa estimatzen duzu?
— Alaina! Pixka bat alfertu naizela iruditzen zait ordea. Hau ez da akigarria, ez da egiazko lana, baina noiztenka pleinitzen entzuten zaitudalarik zure zirikatzeko gogoa dut.
— Ohartua naiz, bai.
Espaloietan zikin zaku urratuak aurkitzen ziren ardura kartoi zutunen maldan. Nonahi botatzen zituzten hiritarrek. Zakurrarekin batera jaistean kantoirik gordeenean pausatzen zituzten, jabeak zakarrontzia eta aberetxoak bere gorotza ketan. Pannecau zubiaren hegietan lauzpabost kaka mordo errekuperatu nituen palarekin.
Dedek murmuzikaz zerraikan:
— Badakizu datorren astean hasiko direla SAFAM lantegiaren desegiten. Gunea kutsadura kimikoaz garbituko dute gero, eta hiriari itzuliko zaio eremua. Kasik hiru hektarea, bazauzu! Ehun eta laurogei urteko historia amilduko da azantz, burdin urrin mikatz eta errauts kaltegarriak hegaldaraziz. Hor gaindi aspaldian hitz ematen diguten suediar altzari supersaltegia irekiko da naski. Politikariek bata bestearen ildotik zortziehun enplegu sortuko dituztela segurtatzen digute.
— Egia?
— Egokiago liteke Aturri ahoa inarrosi duen metalurgiaren ohorezko erakustokia eraikiko balute! Bada mamia! Bokale-Tarnoseko ola ikaragarriak jada non zeuden ez da asmatzen. Aturri bazterreko Baionako egituren aztarnak agudo desagertuko dira. Gure zailtasun, izerdi, pataska, elkartasun eta bizimoduetarik ez da deus geldituko, arraiki esplotatu zuten langileriaren destinoaz ahalke bailiran. Gutaz tabula rasa egingo dute.
— Ez zinena zu CGTko ordezkaria?
— Nola igarri duzu?
Hondakinak lurrean hartu, zakartegi berdeak hustu eta punpa arinez igotzen ginen kamioiaren atzealdeko plataformara. Ez ginen isiltzen. Dedek aitortzen zidanez, hitz egitea zen lanean gehien maite zuena. Eguzkiaz, euriaz, klaseen arteko gatazkaz, CGTren ahuleziaz, botere neoliberalari erreformen aldeko bilakatu zela frogatzeko agian zioenez, goizeko seietan gurutzatzen genituen eskale eta etxegabeez, beltzez, zuriez, gainerakoez, gizonen aiduru zeuden ekialdeko neskatxez, sirenak airean zerabiltzaten polizia kotxeez, geltokiko bidaiari eratorlariez. Milaka ziren gaiak. Ez ginen aspertzen. Nihaurk ere aski nuen zabor poltsa bat ikustea, aurtikitzailearen nortasun agiriaren orraztatzeko. Ez zitzaigun gozo hargatik zikinak karrika hasean abandonatzen zituztenen funts andeatuetan eskua sartzea izen-abizenen bilatzeko.
Hiriko garbitzaileen junta-lekura iritsi ginenean konturatu nintzen ez nuela Jana Elgebeltzen aferaz pentsatu. Sei orduko lanaldia aski zitzaidan guztiaren ahanzteko? Beharbada Dederen kalaka etengabearen konpainia xarmantak muinak jabaldu zizkidan. Baionako zeruan izarrak ageri ziren kliskari. Argiak troxatzen zituen ibaiak, ertzak, teilatuak, hiru hizkuntzetako bide seinale hanpurusak.
Zerbitzua bukatzean Dederen bostekoa inarrosi nuen, gizonki. Jario ustel eta zizkolatsuz hezetu arropak bizkar zakuan zerratu nituen berehala xahatzeko.
— Bihar tenore berean?
— Bai.
— Aviron Bayonnais larunbatean Parisen kontra ari da. Jinen zara? Txartela hartuko dizut?
— Mila esker. Baina datorren asteburuan lagunarekin herrira noa.
— Zanpatzen zaituenarekin?
Karkazail ozenek urratu zuten hiria. Oinez gindoazen gure habietara, auto zarata eta keen erditik. Errobiren isuriaren xuxurla belarrian kilikari zebilkidan ibilaldian zehar. Egitekoak zerrendatu nituen ahots apalez:
— Dutxatu eta Wittig Bar-en diren adiskideengana lehiatu. Bihar goizean Daniel Elgebeltzen dendatik pasatu irabazi dudan diru parrastaren eskuratzeko. Merezi dut, ez?
— Bistan dena merezi duzula —ihardetsi zidan karrikan lo egiteko ohitura zeukan emazte higatuak.
Kargatua zen. Karriot batean zeramatzan jantziak, egunkariak, janariak eta kozinatzeko tresnak. Begiztatua nuen frankotan zakarrontziak mirazkatzen, epea doi-doia iraungita zuten elikagaiak harrotzen, bilatzen eta azkenean harrapatzen. Monoprixen harmailetan ahurra estiratzen zuen larunbatetan, hezur eta larru baino ez zen Mehetegikoa zitekeen zakurrotsoaren aldamenean. Hiriko poliziek aldi oroz haizatzen zuten Santizpiritu zubiaren bestaldera.
Santizpiritu auzoaren famak indarrean segitzen zuen: Baiona oparoak bere altzoan desiratzen ez zituenak aterpetzen zituen. Erdi Aro bukaeran Portugaldik eta Espainiatik haizatu judutarrekin hasi zen, geroago Landetarik eta Euskal Herri barnealdeetarik hurbildu proletarioak aterpetu zituen, eta persona non grata graduaz bataiaturiko mundu osoko migranteak bezain zurubi sozialean behera lerratu herrestak goza zitzakeen, nahiz eta bertako hiritar plazentek petizioak plazaratzen zituzten eskaleak delinkuenteak zirela salatzeko.
— Euro bat bazenuke?
A2 autobusak Clemenceau plazan botatu ninduen. Birikak harrotu zizkidan Miarritzeko aire gaziak. Gauerdi iria zen Oteizaren burdinazko tailuaren itzaletik sugetu nintzenean Wittig Bar helburu. Hatsanka iritsi nintzen tabernara. Sarrerako eskaiez beztitu butx gotorrak pedigria aztertu zidan:
— Ez da orainokoan hertsiko. Lasai!
— Badakit. Lagunak aiduru dauzkat.
— Ez duzu zure buruaren zuritzearen beharrik. Zoaz. Hantxe dira alegrantziarik handienean.
Eroak bezala dantzan ari ziren bikote gazteen artetik xendra urratu nuen. Billard-aren ipularretan serioski multzotu adin ertaineko andereak begietsi nituen. Bizkarra kontuarrean berme zeukaten neska bakartiek, aldiz, alkohol azkarrak zurrupatzen zituzten Wittig zerratuko zenean, atzamar zorrotzekiko harraparien gisa, aterako ziren gaixo eperren soinetara gosaioki jauzi egiteko. Pantailan Battant taldearen bideoa zebilen. Talderatzean Prezios pulposaren larru beltzaren distirak harritu ninduen, Zokoren urrez brodatu buru-zapi eta djellaba berriak, Deborah gero eta biluziago zelarik Scully besarka zetxikala, Ilse barre uhargi baizik ez zen. Eta Nolwen... Nolwenez zer?... Ba maite nuen emaztea zela, oinarrizko andraidea eta Frantzia neoliberal kontserbadoreak noizbait sexu bereko kide biren ezkontza zilegituko zuenean, mintzo zen ber beti kexu zirudien Baionako auzapezaren aitzinean esposatuko nuena baitzen. Bezperaren biharamuna ez zen haatik. Alderantziz: politikariek eta apezpikuek generoen teoria faltsua gaitzesten zuten arraiki, familia saindua gizon eta emazte batek moldatzen zutela mailukatuz.
Nolwenen magalean kabitzera ernatu nintzen. Ezpainak ezpainei ausikari eta sorbaldan Scullyren atzamar meharrak haztari nabaritzen nituen. Andraidearen gorputzaren ikara sutsuak sentitzen nituen, maite nuena sumendia bailitzan.
Preziosek unearen mistikotasun urria hautsi zuen:
— Hemen gara gu ere... Riesling menturaz? Eta arradaz?
— Baiki. Plazer dut zuekin izatea. Arrats apala zaborrekin teman eraman dut.
— Jana Elgebeltzen desagertzea ez ote zen zinezko zaborra?
— Bistan dena, Nolwen. Pozik nago Daniel Elgebeltzi misterioa argitu diogulakoan. Baina ez naiz segur Madeleine Proust hain kontentu zegoenik. Beldurrez dihardu.
— Satorrak bezain mutu geratuko gara.
— Hala espero dut, Zoko.
— Nire txartela eskaini diozu?
— Ilse... besteek ez ikusteko moduan egin nuen lehen gauza izan zen.
Riesling distiratsuz ito basoak koskatu genituen: txin-txin. Melissa Etheridgeren boz azukretuak horditzen gintuen. Horman zintzilikatu zuri-beltzezko Wittigen potreta ohoratu genuen. Haren irria gurea zen, gure irria haren ondarea.
Jean Lavignek Wiesbadenera oporretara gonbidatzen gintuela jakinarazi nien:
— Seiok?
— Bai, seiak. Ez zaitezela arranguratu, Deborah; badu lekua eta dirua guztiontzat.
— Eta Wiesbadenen musulman belodunak hemen baino errazago onartzen dituzte?
— Baliteke.
Hirurak jo zituen zilarrez azpildu ostatuko barraren gibeleko ordulariak. Txiste, arraileria, musu, balaka, zirto eta noizbehinka pentsu seriosagoak artekatuz jardun genuen. Daniel Elgebeltzen zerbitzuko eraman inkestak uhertu ninduela azpimarratu nuen. Izpiritua zirrimarratu zidan. Erakunde armatuaren presentziak belaunaldi osoak markatu zituen Iparraldean. Metraileta gordagiz gordagi azpaturiko historia zaharra zen jadanik. Herdoilarena. Eta munduan barna ehun milaka ziren nehork bilatzen ez zituen bizidunak: ogia erosi aitzakiaz atera eta hatzik gabe natura terriblearen erraietan urtzen zihoazen. Hargatik gu, Jana Elgebeltzen pare osagarrian geunden, nortasun finkatuegia ez ukan arren, zaborraren erdian atzeman zitekeen perlak gintezkeen edo argia irensten zuten laba-harri beltzaranak. Lurraren sabelean, gutariko bakoitzarenean nola, zeuden harkaitz metamorfikoetarik ginela nioen segundoan, taberna sarrerako butx saldoa haserre altxatu zitzaigun:
— Ez zarete tenoreaz ohartzen ala? Garbitzen hasiak dira... Kanpora... Bihar ere zabalik dateke.
— Botila hustu dezagun.
— Hondar malkoa partekatu eta mugituko gara.
— Bai horixe.
Wiesbadengo Villa Clementine
egoitzan idatzi nobela honen burutzeko
Akitania eta Hesse eskualde birazkatuek
opari utzi gelaz, denboraz eta diruaz
baliatu nintzen bi hilabetez.
Eskerrak han eta hemen ezagutu
Corinne, Olivier, Hartmut, Stefanie,
Michael, Martin, Katerina, Tina,
Elena eta Chantal adiskideei.