Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

22

 

Herri txikia zen Zernaitz. Plazaren inguruan lau etxe zeuden, hilerria eta erortzear zegoen pilota lekua. Baseliza deitzen zion Etxepare apezak gotorra bezain apala zen Jainkoaren egoitzari. Belar puloak hazten ziren bidearen erdian eta urarekin batera lohia isurtzen zen arroiletara. Aspaldi hertsi ziren eskolak eta ostatuak.

        Jauzi batez kalostrapean aurkitu nintzen Etxeparerekin bekoz beko. Hozki agurtu ninduen. Ez zen alabaina arraileriarako ordua.

        — Ongi etorri Zernaitzera —murmuratu zidan bozkariorik erakutsi gabe.

        Une horretan nahiago nuen milatan, gozoagoa izan zelakoan, Lasturrera iritsi nintzen Mendekoste eguerdi ondoaz oroitu. Bixente tabernaren jabeak kafea apailatu zidan, eta Miliaren urratsetan eraman ninduen errotaren eta tokiko harri moten bere bildumaren mirestera. Egiaz, Lasturrera ez neraman Zernaitzera nekarren bezalako zama dorperik kasko gibelean. Etxepare aiduru zen. Puntua bota nion:

        — Ezagutu zenuen Jana Elgebeltz?

        — Bai eta nola. Horrelako pertsona bat ez da erraz ahanzten. Nondik dabil? Aspaldian ez dut haren berririk.

        — Txatxo errefuxiatuaz gogoratzen zara?

        Begiak zuritik beltzera pasatu zitzaizkion. Umore aldaketaz konturatu nintzen. Bazekien zehatz zertara nentorren, ez segurik Pazkoko mezako, kofesatzeko premia eduki arren. Nire bekatu bakarra bazterrak eta gorotza arraiki nahastea zen. Naturaren kontrako harreman sexual baten eramatea ere bai, agian. Daniel eta Martik kontatua kordelatu zidan: marxismo klaseak, armak erabiltzeko ikastaroak, sasitarren laguntzeko ekintzak, gutun-kaxa sareak osatzea, bizkar-zakuak eramatea, apartamentuak alokatzea eta zuloak noski zulatzea erakundearen artilleriaren gordetzeko.

        — Hori guztia egiten nuen egunez, herriko apez soila izanez. Fededunek ez zuten sekula ezer jakin. Halaber, ezker abertzalearen aldizkarietan idazten nuen eta dut oraino. Funtsezko artikuluak, badakizu...

        — Baia?

        — Nazio eta klase borrokaz adibidez, edo borroka batean irabaziko dutenen aldea hartzearen abantailez, edo literaturak nola zerbitza dezakeen gatazka bat. Gai zorrotzak dira. Euskaldun suhar anitzek egiten dituzten galderak. Irudiz ez zara haietarik. Ez dezakezu ulertu.

        — Zu entzun ondoan ez nuke nahi ere...

        Gogor ihardetsi niola ziruditan eta berehala damutu nintzen. Etxepare ez zen kantitu. Ohitura zeukan, zioenez bere moduan pentsatzen ez zuten jendeen komentarioak belarri batetik sartzen eta bestetik ateratzen zitzaizkion. Hersturetan trinko ihardukitzen jakitea komeni zela uste zuen aiatolak. Erasoak eraso truke. Hormaturik klikatzen zen talo kausera baitzen mendekua. Haren ezpain plegu handiosak Historiaren zatarretarik bizirik ilkitzearen ohorea seinalatzen zidan. Haizeak inarrosten zituen baselizako teilak, dar-dar. Aire karroindua zebilen gauak zitzikatu aterpean barrena.

        — Jainkoari gezurra abestu diezaiokezu, baina lagun proximoari, ezezaguna denean bereziki, egia zor diozu.

        — Baina? Nola mintzo zatzaizkit, andere Ezpeldoi? Blasfematzen ari zara. Dena dela, ez dakit Jana non dagoen...

        — Jana hil eta Zernaitzen nonbait lurperatu zenutela salatu zidan Txatxok. Ez bere kabuz, noski. Baina, soizu, pistola xume honen muturrak konfiantzaren hedatzea erraz dezake...

        Urrats bat saihets zegien banpez. Jainkoaren mutilak ez zuen armarik nehoiz ukitu, belaunaldiak borrokara akuilatzea zelako bere lana, Txatxorena ordreak ematean zetzan eran. Etxepare hargatik hor zegoen meza sekretuak murmurikatu behar zirenean. Farisauen lerroan sartuko nuen Jondoni Pedro banintz, eta hipokriten infernuko hamazazpigarren zirkuluan Dantek, noizbait nire esku ukaldia premiazkoa balu.

        Ahurrak altxatu zituen:

        — Merezi zuen gisara ehortzi genuen. Santxo Etxeberri agertu zitzaidan ilunabarrez. Arazo bat zuela orroaz. Kitzikatu eta azkenean jakin nuen zer zen: zer gertatu zaio?, istripu bat ukan du? Mutu geratu zen. Lubarri alderako borda txispil batean utzi omen zuen hilotza otsoen hazkurri.

        — Zer egin zenuten?

        — Agudo deliberatzekoa nuen. Santxo hautsia zen, pentsatzeko batere ez gai. Apezetxean hilkutxa zahar bat banuen. Nire landroverraren kofrean kargatu eta Lubarrira zuzendu ginen. Eskerrak ez zela hortik nehor iragan. Borda aski urrun dago bidetik, zorionez.

        Etxepareren arabera, Santxo gazteak nahi izan zuen, Janaren gorputza armiarma sarez josi hilkutxa hartan berak bakarrik pausatu. Lekukorik gabe. Intimitate osoan. Oihal zuri baten distira sumatu zuen apezak eta hilotzaren pisuak egur idorren kontra zegien klaska elkorra hauteman. Otoitz eta otoitz ari omen zen zainetan zebilen Santxo, harri borobilarekin kutxaren gaina iltzatzen zuela sakre, irain eta biraoka. Zuloa berak egina zuen jadanik izerdi patsaren kostuz.

        — Negarra, buztina eta lokatza zerion aurpegian behera, niregana lehiatu zenean. Besarkatuko nuen abere salbaiaren moduan, harrapatu ezina ez bailitzan. Lubarriko txabolatik hamar urratsetara dago Janaren hobia. Metro bat lurraren azpian. Milurteko haritzaren erroen gerizan.

        — Eta orduan, Daniel Elgebeltz zure lagun minari ez diozu nehoiz hemen gertatua kontatu?

        — Dakigunak bezainbat isiltzen dugunak gaitu salbatzen.

        Apez zuhurraren gerriko gurin birletan nire pistolaren husteko gutizia menperatu nuen. Ez zen kargatua alabaina. Hori Etxeparek ez zekien. Keinu bortitzagoa egin nuen. Zilborraren hondoraino sakatu nion arma. Haize eroak hegatseko teila bat mugitu zuenean izutu egin zen gizona:

        — Poliziaren informatzailea zelako zurrumurrua barreiatu zen gure taldeetan. Ez genuen guhaurren seguritatea zalantzan jartzeko eskubiderik. Bazen hainbeste gauza jokoan: armak, diruak, sareak, jendeak.

        — Eiki...

        — Erakundearen funtzionamenduaz sobera bazekien. Iraultza-zergaren sosez bete maletak garraiatzen zituen Hegoaldetik Iparraldera. Bat atxiki zuen behin beretzat. Dirutza horrekin erosi omen zuten Danielen zapata-denda. Extremadurako kartzela batean minbiziak eroan Kixu gizagaixoari eman zitzaion Janaren zelatatzeko betekizuna.

        — Txatxok?

        — Denbora haietan Txatxok zituen erabakiak hartzen eta manuak banatzen.

        — Jana ehortzi eta zuk segitu duzu zure bizia deus agitu ez bailitzan! Eta informatzailea ez baldin bazen, zer?

        — Erakunde klandestinoaren antolakuntzan justifika ez dezakezun apurraren erruduna zara. Heriotzaz gaztigatu zaitzaketela jakin badakizu sartzen zarenean. Batera doaz sekretua eta zehargitasuna.

        Huts neukan urdaila botatzear nengoen. Behazun kirats oldeak nabaritu nituen zintzurrean gora aho sabairaino uhin igotzen. Ez nion Etxepareri damutzea galdatzen, borrokalari sutsu moduko erantzunik ez niri egitea baizik, jendetasun eta malgutasun gehiagoren erakustea, hots. Totalitarismoa, beltza edo zuria, azpatzen zuten diskurtsoez asea nintzen. Bat nentorren alabaina Hannah Arendtekin: hizkuntzak ez zuen hobenik, baina bego aitorra niretzat, ideologiaz kutsatu, tatxatu eta zikindu mintzaira honek gogaitzen ninduen. Perpausak egundainokoan adjektiborik gabe formateatzen zituen euskaldun arruntak, sentimenduen eta ikuspuntuen alorrean bederen, izakiak hizkuntzatik kanpo geratu behar bailuen. Euskararen tragedia zen oro har: mintza bedi, ofizialtasuna lortu beza redios, bai horixe, baina ez dezala sekula deus erran, deus erran bereziki haragiaren ikaraz, politika mailako dudaz edo erakunde zein elkarte sakrosainduetako zorri-zakuez. Espektroa genuen harilkatzen.

        Zainetan nintzen. Pistolaren mihia zanpatu nuen. Tiroa partitu zen. Merde, bala bat bazen! Transporterrean aizolbetzen ziren adiskideak ernatu ziren tarrapataz, itsuskeria bat suertatu zela beldurrez.

        Emakume izutuak sosegatu ziren bizirik nintzela frogatzean. Borobil trinkoa marraztu genuen Etxepare apezaren inguruan. Deborah-ren kamioneta seinalatu genion:

        — Lubarrira gida gaitzazu. Janaren gorputza atzemanen dugu eta afera horretan busti direnak banan-banan auzipetuak dirateke.

        — Hogeita bost urte! Pentsa! Preskripzioa bada...

        — Zaude isilik!

        Nolwen Kergelen kapitainak sudurpean landatu zion komisario karta. Apeza deabruaren aurrean bezala urdindu eta mututu zen. Ez zuen ulertzen nondik eta zergatik zetorren baratzegintzako tresnez eta neskatila apetizantez mukurutu beribila Zernaitzera. Hala ere entzuna zuen Daniel Elgebeltz bere arrebaren atzetik zebilela. Ondoriorik gabe oraindinokoan. Irudiz, detektibe bat kontratatua zuen eta egia lehertuko zen uholdeetan baradera ahulak erroizten ziren moldean, hegiak behin betiko itoz. Pistolaren muturra hezurretan, Etxepare dardaraz zebilela ohartu nintzen:

        — Lubarrin gaude. Zein haritzen azpian lurperatu zenuten?

        — Ez dakit gehiago... Ez naiz oroitzen.

        — Neskak! Jaitsi ezazue materiala! Euritakoak ere bai. Honek ez du gelditzerik!

        Argizaiolekiko espeleologo burukoak jarri genituen. Marra fluoreszenteekiko aterkiak. Galtza eta bota gorakoiak. Bakoitzak aitzurra eta pala eraman zituen. Salbaiki bulkatzen nuen Etxepare, aita zenaren burdin barra neramala ezkerretik. Lubarriko bordaren aldameneko pentzean hamar bat milurteko zuhaitz bazen. Baten parean geratzen ginen, Etxepareri galdatzen genion eta gehienetan kopetaz ezezkoa zinominokatzen zigun. Kaskoetako argi zirristak haritzen larru-azaletan itsasten zitzaizkigun. Azkenaren parean zutundu zen apeza:

        — Hau da.

        — Segur zara?

        — Bai. So egizue: gurutzea dakar. Santxok labanaz urratu zuen. Amaia Ezpeldoi, apaldu ezazu otoi pistola hori. Izutu egiten nauzu. Ez zaituztet engainatuko.

        — Hobe zuretzat.

        Gurutze doia ageri zen. Haritzaren erroen artean belarrak zoharragoa zirudien kriseiluen distiretan. Laster lurpetik idokiko genuen zoritxarreko Janaren kutxa, bai eta denboraren buruan zurbildutako hezurrak. Etxepare negarrez urtu zen. Akitua eta etsitua zen.

        — Alea jacta est.

        — Ez da latinaren baliatzeko tenorea. Hemen zen edo ez?

        — Hemen zen.

        — Zula dezagun bada. Zotükatü gitean...

        Ordreak aldion nik nituen ematen, zuberotarrez audela. Arrantzale sokaz haritzaren abarrik apalenean lotu nuen Etxepare. Suge harroa bailitzan oldartu zitzaidan:

        — Ez dut ihes egiteko ohiturarik.

        — Horrela ez duzu aukerarik ukanen.

        — Sakrilegoak zarete. Vade retro Satana.