Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

3

 

Garaiz heldu nintzen Robber ostatura.

        Lanpetuta zegoen zerbitzaria. Bezeroek kafea hapataka irensten zuten lanera jo beharrean. Kontuarrean pausaturiko Sud Ouest egunkariko tituluei begiradak botatzen zizkieten. Argazki bati edo besteari. Lurraren ibilera aldatuko zukeen ezer: DSK New York-etik itzuli zen Nafissatou Dialloren ustezko bortxaketa susmoetarik garbituta —dirua edukitzea zer den, bestenaz...—, libiar asaldatuek beti Gaddafi xerkatzen zuten, eta bezperako derbiaren bilduma gazi-gezia zetorren. Baionarrek ez zuten beraien balizko garaipenean sinetsi eta horregatik egin zituzten huts guztiez baliatu ziren Miarritzeko azeriak. Gure Irratiko uhinek estaltzen zituzten Robber tabernako haroak.

        — Eta orain Benito Lertxundiren kanta Ezterenzubiko Maitexak eskaturik, bere arrasemearen urtebetetzea delako.

        Oi ama Euskal Herri goxoa...

        GAL mertzenario hiltzaile taldearen erasoen denboratik at saihetseko mahaian jartzeko ohitura neukan. Ihes egiteko prest. Ez nintzen ni mehatxatua, baina psikosiak gorputzak beldur meta ibiltari moldatzen zituen. Ez baitzen txantxetakoa. Enpresa handi bateko garbitzaile gisa Parisera joan nintzeneko hilabeteetan egun oroz kasik hilotz bat bazen Baionako karriketan. Zekienak oraindik ere ikus zitzakeen Monbar, Pyrenées, Kaietenea edo Midi kafetegiko hormetan itsatsi odol tatxak. ETAko errefuxiatuen aurkako gerra zikina deitzen zitzaion. Moncloatik kudeatuta zetorrela erraten zen eta, egiaz, hamarkadaren buruan ministro zenbait auzipetuak izan ziren. Nehoiz ez zen ezabatu Baionak jasan masakrearen oroitzapena. Hortaz, Iparraldeko jendaldea gerizarik gabe geratu zen tiroen meneko, nolabait arras berea ez zen gatazka baten izenean.

        Daniel Elgebeltz pareko bortatik sartu zen. Burua alderik alde higitzen zuen ene bila. Berria kazeta zeraman besapean. Geroago aitortuko zidan eran, ez zuen euskaraz irakurtzen, ez bederen euskara mota hori, badakizu, baina egunkaria erosiz militante ekintza zegien. Hatz erakuslea altxatuz zerbitzariari garagardoa erregutu zion eta niregana etorri zen hortzak agerian:

        — Ez nuen uste tenorez zinatekeela.

        — Noiztenka behar da.

        — Gaitezen labur eta on mintza. Ez dut astirik zurekin galtzeko.

        Garagardo basoa ezpainetara aupatu zuen. Haguna lotu zitzaion sudur azpian. Zoriontasunezko hasperena aska zezakeen. Nor ote zen bada gosal orduan garagardoz horditzen zihoana? Heroia zitekeen edo soilik alkoholak erre izate trapusa. Dudaz nenbilen.

        — Barda arratsean jakinarazi dizut arreba desagertu zitzaidala duela mende laurdena. Elkarrekin genbiltzan ikastolen, presoen eta errefuxiatuen aldeko manifestaldietan. 1985eko Baionako bestetarik landa ez nuen gehiago haren berririk jaso. Gau osoa eraman genuen lagunekin mozkortzen eta Reduit plazan agurtu ginen. Arrebak Santizpiritu auzoan zuen autoa.

        — Eta kotxea...?

        — Janak utzi lekuan zegoen. Atzeman genuelarik errautsez eta hosto lehorrez perdukatua zen. Leihoak alta puskatuak zituen, baina Poliziak erran zigunaren arabera gazte mukizuak ziren autoan sartu eta ateraka jostatu. Jimmy izeneko punki eratorlariaren iluneko aterpea ere izan omen zen.

        Laurogeiko hamarkadaren ezinbesteko irudia baitzen kasko gainean batzuk bermarazten zuten kukurusta berdea, edo urdin flaxia, edo gorri argia: no future, no fun. Jimmyz entzutea banuen alabaina. Kostaldea sutan jarri zuen Zakilots musika bandaren liderra zen, taulan uzker, tu, goitikin, poker eta oker zebilela. Bi segundoz nire baitako pentsatzeko makina tzaka-tzakaz erdutu zen:

        — Agian Jimmy horrekin solastatu behar nuke.

        — Basusarrin bizi da. Gizonik plantakoena duzu. Familia eta enpresaburu.

        — Zerbait ikasi badezaket...

        — Zuk ikus.

        Godaleta brauki hustu eta behialako boteretsu keinu berdina eginez bigarren bat manatu zuen deblauki. Ostatutik agudo iragaten zirenak agurtzen zituen eta zenbait kuxeluz mintzo zitzaizkion belarri zulora. Daniel norbait zelako froga. Orbe karrikan zapatak saltzen zituen denda panpoxeko nagusia aditza harilkatzeari eman zitzaion:

        — Une latz haietan gainera bazen hemen gaindi zebilen serial killer bat. Inkesta sumingarriaren ondorioz Poliziak atxilotu zuen gaizkilea. Dupont de la Cuna. Psikotropikoez hantu herresta bat. Hilotzez bukatu bi bortxaketa leporatu zizkioten. Ukatu zituen, baina hala ere hamabost urteko kartzelaldiaz zigortu zuten. Jujea ni izan banintz eta balitz, herio zigorrera kondenatuko nuela jakizu, edo ez zela presondegitik jalgiko sekula.

        — Eta bera ez bazen...

        Irudiz, hobengabetasun iritzia handikientzat baizik ez zen. Herritar soilak, txikiak, apalak, arrotzak, pobreak, Elgebeltz jaunak zioenez herrestak eri ttittila mugitu orduko errudun ziren. Boteretsuaren hitza indargabearenaren trukean. Betiko istorioa. Mendeetako sarraskia.

        — Non aurki dezaket Dupont hura?

        — Landetako eroetxe batean dagoela entzun dut.

        — Ederki. Eta zu? Poliziak ez zaitu galdekatu?

        — Ni? Zergatik?

        — Norbait desagertzean zirkulu hurbilenekoak baitira ardura hobendunak. Bortxaketen alorrean adibidez %90 kasuetan aita, osaba, anaia edo auzo maitagarriak dira egile bezain eragileak. Serial killerrarena estakuru errazegia da.

        Niniketara beha zegokidan Daniel Elgebeltz. Ez zukeen nehoiz horrelako ahalkeizunik jasan. Alta askotan hala zen: polizia eta sokorritzaileak haur edo emazte baten gorputza bilatzeko laguntzailerik sutsuena azken finean erailtzailea bera zen. Telebistan agertzen zen kazetarien galderei ihardesten, lekuak erakusten eta hipotesiak iruten. Ikerketaren buruan hedexuriek atxilotzen zutenean jende plaxentaren murmurra hautematen zen bazterretan:

        — Bizidun normala genuen. Isila. Emazteaz eta umeez lasaiki axolatzen zena. Ez nuen nik horrelakorik sekula irudikatuko alabaina. Bost haurrak eta andrea jada putzu sakon horretan hilotz... bazauzu?

        — Mundu desorekatuan irauteko zorigaitza dugu.

        — Zuk erran!

        Elgebeltzek laugarren garagardo basoa idortu zuen. Arranguratua zen. Aulkian bermatu eta paltoko lepotik hertsatu ninduen:

        — Poliziak egin ez zuena ez didazu eginen arauz! Ez nauzu arrebaren hiltzeaz akusatuko?

        — Non zinen desagertu zen gauean?

        — Taldearekin. Reduit enparantzan. Marietarekin sartu nintzen Angeluko gure apartamentura. Larrua jotzen saiatu ginen, baina sobera edan genuenez zuloak non zeuden ez genezakeen asmatu. Biharamunera atzeratu genuen trahola.

        — Zer bilakatu da Marieta?

        — Ezkondu egin ginen 1988an. Elkarrekin bizi gara. Seme-alaba bana daukagu. Marieta nirekin ari da zapata saltzen. Nahi baldin baduzu solastatzen ahalko duzu.

        — Eiki. Hara bederen kondaira polit bat.

        Bizkar-zakua ireki zuen. Lauzpabost txosten mardul eskaini zizkidan. Dupont de la Cunaren auzikoak gehienak. Poliziaren inkestarekiko xehetasunak nabarmendu nituen lehen soakoan berehala. Interesatzen ninduen aferak. Hainbeste urteren buruan hezur eta larru hiro baizik ez zitekeen Jana. Alderantziz halaber nonbait errotu zen anaiaren bortitzetik gerizatuz ahalik urrunen: argiki Elgebeltz ez zitzaidan agrada. Anitzetan norberaren eta norbera izan zenaren artean mila legoako tartea premiazkoa zen. Soraio keinu trauskilaren ondorioz orrialde zenbait lurrera erori zitzaizkion.

        — Sailkatu itzazu. Denbora baduzu zuk. Nik hamarretan zabaltzen dut zapatategia.

        — Ni ere lanera noa...

        — Larunbatetan?

        — Bai, behar dira zaborrak bildu ezta?

        — Hori ez da, etxit, emazte lana...

        Esku gibelaz ezpainak torratu zituen, izkinetako hagun-mihi malguak kentzeko. Lau garagardo orenean ari zen. Zanpa-zanpaz. Purrusta gordinez lehertu zen emazte lana aipatu zuenean. Banekien bai Daniel Elgebeltzentzat, burkide parrasta batentzat bezala, emazteak ez zirela sukalde, lo, senda eta ikasgela gelberetarik jalgitzeko egokiak. Ordena moralak gaitzesten omen zituen irakasle, suhiltzaile, zabor-biltzaile, autobusetako txofer, tren gidari edo detektibeak ginen jadanik. Egoerak kanbiatzen zihoazen, baina nire maskota zen apoarmatuaren abiaduran.

        — Nekez patitzen nauzun arren, zure arrebaren kasua ikertuko dut. Atzo salatu dizudanez, ez nago maitatua izateko, ordaintzen didazun ber. Bi mila euro gehi gastuak, zuregain.

        — Ez zara kitorik ari?

        — Bukatu da garaia.

        Pannecau karrikan merkatura presatzen ziren jendeetan urtu zen Daniel Elgebeltz. Ulertezina zitzaidan asteburuetako hiritarren harramazka. Helduko ziren bai helduko zirela! Zainetako presio hutsalak akuilatzen zituen, geldirik gabe, bestela aukera galduko zutela sinesteraino. Horrelako tentsio uneak pairatu nituen noski. Zabor-biltzaile hasiz geroztik ordea, barnez lasaiago nenbilen, denboraren leize sakona preziatuz, guztiek apalesten zuten bakartasuna oparitzat hartuz eta noiztenka aldamenean zebilkidan andre xarmanta errotik laztanduz. Begitarte triste, hits eta etsien artetik lerratzean, dirua ausarki edukitzeak zer balio zuen galdezka ari nintzela, garbi nuen inkestak doan negizkien garaia derrigor ahitua zela. Eta ez nuen damurik.

        Etxeratu nintzen. Karim eta Dede aiduru neuzkan bietan. Bosgarren pisurainoko eskailerako mailak lasterka igotzean trenka-hurren sumatu nuen hatsa, Daniel Elgebeltz gizagaixoaren txosten nahasiak egongelako sofan abandonatu nituen. Derbitik lekorako urriki olde berdinak kateztatu ninduen, amodio tsunamiak eraman, laguntzeko tirriak urratu eta ezagutzen ez nuen oneziaren zagitak zitzikatu. En plein dans le mille...

        — Ez da norbaitek estimutan atxikitzen ez zaituelako haren aurka egiterik. Jakin dezagula maitatuak eta ez maitatuak garela aldi berean, hurkoak eta etsaiak, zoriona eta zorigaitza, bizitza eta heriotza, argia eta iluna, gaua eta eguna. Eta ehun mila kontresta gehiago bistan dena.

        Ez nuen damu izpirik, alajainkoa!