Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

2

 

Gauerditan behialako lantzerra egiazko euri bilakatu zen. Apartamentuan sartu bezain laster leihora hurbildu nintzen, Jean Dauger zelaitik saldoan zetozen sostengatzaileei behatzeko. Mozkor ederrak harrapatuko zituzten eta biharamunak alimaleko buruko minekin bilduko zituen. Ez nintzen horietarik, Matiasek menturaz ongi ikusi zuenez. Eta banintzen aldi berean, errotik baionarra izanik.

        Sakela zola karrakatzean Daniel Elgebeltzen kartatxoa atzeman nuen. Bulegoko argizaiolaren maldan erromatar garaitik zuzen etorri sigillata txikia bailitzan ikertu nuen. Izena ez zitzaidan hain arrotz. Ez nekien ordea nondik. Oroitzapenak inarrosi nituen txori gosetiak karrikako gorotz metak egin litzakeen maneran, nahas-mahas, buru ez buztanik gabe. Berrogeita hamar urteak pasatuxean memoria dantzari bihurtzen zen, bereziki irudiak, sentsazioak edo sentimenduak sailkatzeko astia hartu ez baldin bazen. Ene kasua zen. Disko gogorra desertu zegoen eta USB giltza bihirik ez neukan.

        Carmenekin nintzen denboran lagunak mahai gainean abandonatu ordenagailura lehiatu nintzen. Ez zidan besterik utzi amodioaren mihisea plegatzea erabaki zuenean. Mende oso bateko negarrak isuri eta ondoko egunak puska herrestatsu triste baten antzera eman nituen. Nehork ez ninduen kontsolatzen ahal.

        — Distantzia zaintzen ikasi behar duzu, Amaia —erran zidan—. Ez zara aldi oroz horrela hausten ahal, neska soil batengatik, neska hori ni izan arren.

        — Baina?

        — Bilbora noa. Beharrean han nagoke.

        — Nagoke...

        Euskarazko potentzialezko aditzera zenbateraino gorrotatu nuen gogoratzen nintzen aldikal ordenagailua piztean. Bazauzu ba! Nagoke... Hondarrean ez nuen egundainokoan Carmenen agurtzeko suerterik izan. Bizitza gainera erabat kanbiatu zitzaidan: betidanik amestu lana erdietsi nuen Baionako Hiri Garbitzaileetan. Halatan Baionako besten bigarren goizean, Karimekin eta Dederekin karrika garbitzen ari nintzela, Joana Garalda besarkatzeko bozkario paregabea eduki nuen zakar pulo urrintsu baten maldan. Vall d'Aneuko Isil herriko Milia adinduaren galderaren trenkatzera deitu ninduen lasaiki. Hango nire ikerketen ondotik jakin genuen Miliaren anaia azkenean 1948an erail zutela Francoren soldadu itsuek, nazioarteko gerrillero talde batekin Linea P garratza zeharkatzen saiatu zenean. Auñamenditarron destinoa laburbiltzen zuen inkestatik landa, Margarekin motoz joan nintzen Bartzelonako sems catalans lemarekiko manifestaldi erraldoira. Handios.

        Joana Garalda Baionako ospitalean sartu zen erizainen nagusi gisa. Bidenabar eta xuxurlaz eskatu nion larru has gozatzeko zirrikitu ñimiñorik gelditzen zenez guretzat, baina egoera azaldu zidan, zuhur:

        — Badakizu lau haur gotor baditudala eta Haitz Zumeta aldamenetik desagertu zitzaidala. Ezkondu naiz geroztik eta Haltsun eraiki dugu etxea Hektorrek eta biok. Etorri nahi baduzu, zatoz lasai; piszina eta sauna erosoak baditugu.

        — Ez al didazu besterik eskainiko?

        — Amaia, redios, gure artekoa gaztaroko bekatua baino ez zen.

        — Ahotik ezin utzia, bekatu guztien pare.

        Ondikotz, Joana urrunetik ikusten nuen langileok Santizpirituko lan-burtsatik abiatuz, Baiona Txikia saihestuz eta Paulmy etorbidean behera Suprefeturara helduz manifestatzen genbiltzanean. Batez ere erretreten erreforma salatu genuen urri gorri hartan. Ezker muturrekoak ziren Karim eta Dede, beti prest kamaradak, neoliberalismoa kritikatzen zuten terrentaz eta mundua gatibatzen zuen krisia aberatsenen erruz zetorrela zioten, pobreak are biluziago nahi zituztelako eta egitura ekonomiko garapen zaleak ez baitzezakeen, mailukatzen zigutenez, asistanta sozial jokoa etengabe eraman:

        — Bai, ukaraia luzatzen diezu eta beso osoa irensten dizute.

        — Hau, hau, hau, hau...

        Karim eta Dede zakur zaunkak zinominokatzen irudikatzean Carmenen ordenagailuko sarrera pantailara iritsi nintzen. Boble bilatzailea akuilatu eta tximistaz ireki zitzaidan. Daniel Elgebeltz izena idatzi nuen. Gizonaren ospearen araberako zerrenda mamitsua agertu zen. Aski nuen hautatzea. Aitzina bada, irakurri: «Garazin sortu politikari abertzale sutsua da Daniel Elgebeltz. Teknologia berrietan zohitu enpresaburu ezaguna da. Euskalgintzako mugimendu anitzen partaidea dugu, erakunde publiko eta pribatuetako administrazio batzordeetako kide dela oraindik. Bitan dastatu zuen frantses kartzelen iluntasuna: lehenik Iparretarrak taldekoa izatea leporatu ziotelako eta geroago ETAko bizkar-zakularia zela azaldu zelako».

        Daniel Elgebeltz, honenbestez, korbe anitzetako ardia izana zen. Artikuluak zioenez, historialari gazteek egoeraren arraroa neurtzen zuten mugaz honaindian astoen moduan ahoskatuz zuberoabenafarroalapurdi deitu gunean. Alabaina Herriaren onartu ezinezko banaketa latza azpimarratzen zuen Iparraldea ahoskatze soilak. Oharra irakurtzean irriñoa marraztu nuen. Ulertu nezakeen zergatik gorakoi eta hozki mintzatu zitzaidan Daniel Elgebeltz Baiona-Miarritze errugbi partidatik lekora. Handietarik zen. Boteretsuetarik. Aberatsetarik. Ederretarik. Gizonak gizon ziren jendarteko euskal heroietarik bat. Eta ez nolanahikoa. Segur aski etsai bikoitzen atzamarretarik Euzkal Herria azkatuko zenean —(n)azkatuko baitzen— Garaziko sarreretan harri-tailua altxatuko zioten. Ongi merezitua naski.

        Karkaza gordinez lehertu nintzen. Hori zen, bai, gustatzen zitzaidan biografia suertea, lineala, oparoa, itzalik gabea, euskaltasun zantzuak berme, urratsak argi eta begitartea beti koleran, zimur, kezkatua, euskal arazoarengatik bistakoa zenez. Estimu gutxi neukan aberezale entzutetsu mutur horiekiko: uste zuten uraren bereizteko ezpata asmatu zutela. Hargatik Daniel Elgebeltzek bazuen uki nintzakeen beste arazo bat: arreba Janaren berririk ez zuen mende laurden honetan. Behar zuen zamak astuna eta zakarra izan Amaia Ezpeldoi bezalako bati zuzentzeraino apaltzeko. Bide guztiak agortu zitzaizkiola erran zidan Cordeliers karrikaren izkinan:

        — Ez nuke otoizlariegi agertu nahi, baina lagundu nazazu.

        — Bihar bilduko gara beraz.

        — Robber tabernako eguteran.

        Gizagaixoa... marmaratuz ordenagailuaren tapakia zapaldu nuen TV3.cat telebistako Crackovia emankizun satirikoko Charlie Reixachek eta Johan Cruyffek zegiten molde zainart berdinean. Satisfos. Bulegoko horman zintzilikatu argazkiak miretsi nituen banan-banan: Mariluz, Marga, Lorelei, Luisa, Kornelia, Monika, Hannah, Omaia, Rosa eta Virginia. Maitatu nituen, denak, eta agian bakanetan maitatu nindutenen begi kokinek zoramenera ninderamaten, atseginez hantzera eta bere paristar konkista zerrendaren parean Heinrich Heine bezain harro nengoen. Baina gaur nehor ez zegoen ohea berotzeko. Egiaz, ez zen hotz handirik.

        Gaua biribilka zihoan. Ordulariak goizeko biak markatu zituen. Ostatuak hertsi ziren. Mozkor ahotsez marrakatu agur agur Baionako zuri-urdinak lanzinantea jazartzen zen oraindik Pelletier plazaren erditik. Azken putarrak. Nik ere ez nuen lotarako gogorik burumuinak derbiaren ondoko herotsez eta Daniel Elgebeltz jaunaz ikasiez beterik nituelako. Esku-ukaldia emango nion. Maiana Zartankoren etxeko giltzen bilatzeko egin nuen bezalaxe.

        Istorio bitxiegia zen arras: deitu ninduen lanera giltzak galdu zituela eta detektibe baten premian zegoela otoizteko. Goizeko garbiketa saioa bukatzean ihardestea erabaki nuen. Aldi hartan ezezkoa eman nion Dederen aperitifa elkarrekin hurrupatzeko gonbitari. Maiana Zartanko zaharrak xumeki hartu ninduen ZUPeko egoitza politean. Estalki lilitsuekiko jargietara bultzatu ondoan afera azaldu zidan:

        — Giltzak, bai... ez dakit non ditudan. Baina telefonoz ez nizun erraten ahal. Laster anai-arreben arteko arranjamenduak izenpetuko ditugu eta gurasoek notarioan bermarazi paper horituak desagertu zaizkit. Bidoze hegian, Erriberrin dugun Asunzuloko bordatxoa enetzat finkatzen du txostenak. Norbaitek ebatsi dit. Menturaz Ximona ahizpak. Deabruen figura baita.

        — Segur zara?

        — Ez naiz paranoikoa. Ez pentsa. Ximona gaitzeko krapauta izan da beti. Hosto meta hura atzeman iezadazu, arren, eta ikusten?, hor dagoen bi mila eurorekiko gutun-azal hori zurea date. Zergarik ordaindu beharrik gabe.

        Basque je le vaux bien...

        Santa Gurutze eta Erriberriko sasitzarrak oro arakatu nituen Maianaren gurasoen testamentuaren atzetik. Hiru egunez ez nintzen lanera agertu sukartsu nintzelako aitzakiaz. Nagusia ez zen kantitu. Adiskideetarik neukan: herriko eskolan batera ibili ginen, matematikako ariketak egiten zizkidala eta trukean nik frantseseko idazketa eta konjugatzeak. Seigarrenetik hara bideak bereizi zitzaizkigun, Baionako Hiri Garbitzaileen erakundean nire kandidatura akta kausitu zuen arte. Pertsonarik egokiena sentitzen nintzen alabaina, estetikoki bezain etikoki, besteen zikinkerien xahutzeko, zaborrarekiko apaltasun nahikoa neukan eta ororen gainetik gustatzen zitzaidan, errealki edo metaforikoki kakaren nahastea, komunzki erraten zenez.

        Maianaren kasuan hasieran sinetsia gezurreztatuz ez nuen gorotz askorik tapalakatu. Dokumentuak sukaldeko armairuaren azpian gordeak ziren, berak ezarri lekuan. Ongi gordeak ere, non ez baitzituen aurkitzen. Taulenuitaren gaineko krema koloreko gutun-azala pasatu zidan. Irudiz ikatza uretan irakinaraziz adelatu kafea mahaian abandonatu nion, presatua nintzelako estakurua azpimarratuz. Paperak papoan tinkatzen zituela, zoriontasunez negarrez ari zen Maiana Zartanko.

        — Ez zen Ximona orduan?

        — Norbera bere buruari mesfida bekio.

        — Oi, oi, oi, gaizki erranka higatu naiz...

        — Zalantzarik gabeko egiarik ez.

        Egiarik ez haren oiharraz gatibatu ninduen loak. Argituko zuen, bai, bihar ere. Egun bederari zama berea aski zitzaion. Baliorik ez zuten zuhurtzia eskaseko perpausak herronkatzen nituen. Larunbata zen jadanik, azkorria eta lankideak hiria zeharo garbitzen hauteman nitzakeen. Ez nintzen aspertuko gauza parrasta bat banuelako egiteko gaur.

        Loa loa txuntxurun berde. Lorelei?