Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

10

 

Nolwen Kergelen kapitaina lanera joan zen. Bakarrik aurkitu nintzen Libertate plazaren erdian. Iturriaren hegietako urtxoak haizatzen zituzten ume mukizuek, adineko gizon bat bakean uzteko zintzurrak eman ahala oihuz ari zitzaiela. Ilbarritzen tokitzen zen Marti Izoztarekin hitzordua nuen.

        A2 autobus geltokira bristatzean Daniel Elgebeltzen hira kaskoan neukan, ozen:

        — Bazauzu? Ezezagun inutil batek sotoko atean Euskal Herria ez da salgai lema zizelkatu dit. Laidoa zait. Bizitza osoan herriaren alde tematu naizelako. Madarikatua! Harrapatzen baldin badut, zin dagizut koskoiletarik hertsatuko dudala! Badakizu poliziategian izan naizela kereilaren pausatzeko... Hartu ninduen anderea, bidenabar, izugarri plaxenta zen.

        Zer zegikeen Elgebeltz jaunak graffitien marrazkitzaileak koskoilik ez bazuen? Irri gordina hazi zitzaidan garraio publikora hupatzean. Iphone koloretsua kilikatzen zerraikan neskatxa urduriaren aldamenean jarri nintzen. Angelu zeharkatu genuen, Miarritze bihotzetik trabeskatu eta Muriskot aintziraren saihetsetik Bidartera heldu ginen. Erretegian jaitsi nintzen. Nolwenen xehetasunen arabera —agian eskualdeko stasiarenak ziren— Marti Izoztak itsasertzeko biojanariarekiko ostatu alternatiboa zetxikan, apirilaren 1etik urriaren 31ra arte. Erretegirako xendran behera lerratu nintzen. Martirekin solastatzera baino lehen Ilbarritzeko holtz zoragarriak begiesteko desira handitu zen nigan.

        Marea apala zen. Biluzik zeuden harkaitzak. Maite nuen Miladitik Uhabiarako ibilaldia oinez egitea neguan, bazterrak uretan eta hondartza desertu. Kresalak misterioz troxatzen zituen urruneko bistak. Jaizkibel zehaztu zitekeen, Larrun ezkerrean eta parean itsasoaren zabaltasun ikaragarria. Gustatzen zitzaizkidan Ilbarritzen uhinen atzeratzeak azaleratu harri urdinak, zuriak, laranjak, horiak, beltzak, mineraltasunak ortzadarraren koloreak eskaintzen bailituen nire begien bekaitzen gozamenerako. Erretegitik Uhabiarako pasaia deitzen nuen harkaitzetik itzuli nintzen: banuen beste egitekorik alabaina. Zapatak sablez astun neuzkan. Biloak haizeagatik harro. Ezpainetan aldiz gatzaren zaporea milika nezakeen mihia jalgitzen nuen ber.

        Txirlen Irla zuen izena Marti Izoztaren txosnak. Taberna handiago baten maldan zetzan. Bezero beltzaran batekin eleka nekusan itsasertzetik ateratzean. Surf taula zurbila besapean zeukan mutiko gaztearen ele zoriontsuak hauteman nitzakeen:

        — Oso ona itsasoa gaur! Bikain! Super! Olatuak egokiro borobiltzen dira. Zafla ederra bildu dut, hala ere, zazpigarrenak buruz gora aurtiki nauenean.

        — Bukatu duzu egungo?

        — Ez, oraino ez. Lagun australiarrari Parlamentuko spota dastarazi behar diot. Arrats apalean da hoberena. Seiak irian hots. Norbait daukazu aiduru... txao-txao.

        Marti Izoztak hozki kontsideratu ninduen. Ez nintzen hondartzetan laketzen ziren undina elastiko eta panpoxetarik. Surflariaren lekuan nintzen egurrezko kontuarrean. Jabeak bizkarrez hitz egin zidan:

        — Zer nahi duzu zuzen? Ez nator bat kaka zaharraren nahasteko. Urrin zakarra eduki dezake. Ez zara itolarriaz beldur?

        — Daniel Elgebeltzen gomendioz naiz hemen. Janaren desagertzeaz zerbait aditu dukezu? Adiskideak zineten, ez?

        — Bai, noskiren noskiz. Guztiak Garaziko herrixka bateko haurrak ginen. Denak Euskarari eta Euskal Herriari errotik atxikiak. Kartzelaz ordaindu nuen nik ere amodio handiegi hori. Zer gehiago duzu bilatzen?

        — Erradazu zer pasatu zen 1985eko Baionako Besten azken gauean. Zertara etorri zen Txatxo errefuxiatua Janarengana. Eta Txatxo non aurkitu dezakedan.

        — Garagardo bat?

        — Arratsaldea badugu.

        Bekoz beko eseri ginen. Ogi pikorrekin jostatzen zen Marti, noizbehinka azazkuluaz denborarekin mahaian mardotu gurina ildokatzen zuela. Zintzurra karrakatu zuen:

        — Nondik hasiko naiz? Ba, bon... Baiona Txikiko ostatuetan elkarrekin bizitzen ginen Iparraldeko eta Hegoaldeko anaiak, gutariko zenbait neskak ziren arren. Orain ez bezala, borroka armatuaren egokitasunean sinesten genuen eta urgentzian autoak prestatuz edo guhaurrek eramanez pistolak, metrailetak, gudariak, paper eta diru faltsuak mugaz haraindira iragaten genituen. Komandoei apartamentuak alokatzen genizkien gure izenean. Baduzu entzutea arauz lurralde hau etsaiek erakundearen santuarioa zela ziotela? Hala zen egiazki.

        — GALeko hiltzaileak etorri eta 1987ko urriaren 3ko raflea gertatu artean.

        — Horixe bera. Laurogeietako hamarkadako lehen urteetan Daniel eta biok bestelako zereginetan ari ginela aitor dezadala. Iparraldera zetozen mutilentzat justu ernatzen zihoan abertzale mugimenduaren baitan neskak hautatzen eta gureganatzen genituen. Ederrenak. Abilenak. Sos puska bat ere bazutenak.

        — Horiek erran-merranak dira! Espantukari bat zara, Marti... Ez zaitut horretan jarraitzen.

        — Inozentea zara, Ezpeldoi anderea! Inozentea! Jakizu Julieta edo Jana gudarien andregaiak sareko kide fidagarriak zirela. Hegoaldeko borrokalariak alabaina heroiak ziren guretzat. Ez da harrigarria Julieta Txatxoren begitarteaz gogoratzea Baiona Besten gau minbera hartaz gero: Jana Txatxorekin zebilen noiztenka. Uste dut Txatxok xede handiak zituela Janarentzat...

        — Ezkonduko ziren?

        Karkaza protidiko ozenez zapartatu zen Marti. Garagardo botilaren erdia irentsi zuen bargoak gazura nola.

        — Iparraldeko neska edo mutikoekin ezkondu ziren Hegoaldekoak amodioz eta guk antolatu sareetarik kanpo ezagutu zuten elkar. Ez... Kontestuan planta zaitez: Txatxok misio zehatzak zeuzkan konfiantza osoz Janarentzat. Eman dezagun Hegoaldean bildu iraultza zergaren emaitza Iparralde honetara sano eta salbu ekartzea. Daniel Elgebeltzen soto hidraulikoan sosaren zati bat aurkitu zela badakizu menturaz?

        — Klandestinitatera pasatu zen Jana?

        — Baliteke. Segur aski. Ez nintzen operazio guztien sekretuan. Baina aldizka frontera trabeskatzeko gida gisa izan zen, Hegoaldeko atentatu guneetara materiala autoz pasatzen zuen eta itzultzean kofrea arditez mukurutu maleta zilarrak garraiatzen zituen.

        — 1985eko Baionako Bestetarik landa zen?

        — Ondotik zitekeen, ezen Daniel, Julieta eta talde osoa ez baikinen Janaren desagertzeaz den mendrenik ere kezkatu. Normala zen. Gauetik goizera edonor sasitar bilaka zitekeen. Atxiloketa entzutetsuen karietara berriz plazara zetorren, ukabilak burdinez loturik eta Gora Euskadi garrasituz.

        Parisen nengoela, Martik aipatzen zizkidan irudiak anitzetan begietsi nituen karrika izkinetako dendetako pantailetan. Euskal Herritik ez zen itxura ezberdinik iristen hiri nagusira: Baigorriko Leheneko Ezteiak edo hilotz askorekiko titadinezko leherketak. Aukera hertsia zuen frantses kazetariak. Laurogei haietan galtzen ginen pixka bat: Iparretarrak-en zartagailuak, GALen tiroketa metodikoak, bila eta harrapatu aginduak, ETAren atentatuak, kartzelatzeak. Baiona, Beirut zen telebista presentatzaileen perpausetan. Maitasunak ez zuen lekurik. Emazteen artekoak are gutxiago. Borroka hitza ardatz, azkenean gizarte gizonkoi gogorra indartu zen, horren beharrik ez zuen Lapurdi-Behenafarroa-Zuberoako eremuetan. Arra, familia eta patria. Barnealdeko istripuzko euskaldun exodiatuen meneko uzten zen lana. Gurasoen ontasun oparoaz, langabeziaren manaz edo sala ezinezko finantzatzeen bidez zirautelako hautatuek. Nire aldia zen barrezka jazartzeko.

        Jana maleta pisuekin asmatzen saiatzen nintzen. Self kontrola fronteran. Bi ertzetako polizia armatuak. Orduko Euskal Herriak far-west aire bat zeukala ez nezakeen uka mende laurden geroago. Jolastu ziren zenbait, batzuek bizia eskaini zuten —zergatik eskatu liteke dagoeneko... armak erabat pausatuak direlarik— eta gehiengoak funtsean bakea desiratzen zuen bere aferez axolatzeko, afera horietarik apurrak mugimenduari uztartuak izanagatik. Marti Izoztaren soak urratzen ninduen eta uhinen hagun pindartsuetan bermatzen zen. Hausnarrean nenbilen: sosez emokatu ETAren maletek Afrikako presidente isilduek Frantziako gobernuari helarazten zizkioten billeteez hanpatu djenbeen balioa zuten. Prefosta. Nire ezpainen plegua iragarri zuen Martik.

        — Non da Txatxo orain? Apurren arabera Hego Ameriketan dago.

        — Ez... Aparentziarik ere ez... 1987ko raflean hartu eta Espainiara espultsatu zuten. Zigor garratza eman zioten. Urte oroz, abisatu gabe, kartzelaz kartzela eramaten zuten. Aita hil zitzaion preso zegoelarik eta ez zuen haien ehortzetara joateko baimenik ukan.

        — Libre dago engoitik?

        — Naski baietz. Donostian da, Izarraitz liburu-dendako zuzendari. Pistoletarik olerkietara leize bat badelarik alta!

        — Ez hainbestekoa. Ez zuena Gabriel Zelaiak behin idatzi poesia etorkizunez kargatu pistola bat zela?

        Marti Izoztak kopeta ezkeldu zuen, errealitatearen soiltzeko eta laburbiltzeko nire jaidura estimatuz. Esku gibelaz aho kantoietako garagardo bitsa kenduz ihardetsi zuen ihes joan zitzaidan galderari:

        — Ez dut enbeiarik Txatxoren ikusteko. Minberegia da. Ez gara erabat harro urte latz haietan konplitu genituen fanfarroikeriez. 1993an Schengengo akordioaren ondotik mugak ireki zirenean hasi ginen Daniel eta biok Janaren xerkatzeaz axolatzen. Julieta zainetan zegoen. Melenga airez ari zitzaigun: atzeman ezazue, bizirik ahalaz, segur naiz zerbait badakizuela eta ez didazuela ezer azaldu nahi. Dupont de la Cunaren kondenatzeak nolabait salbatu gintuen. Baina Janaren gorputzik ez zen nehon aurkitu. Klandestinitatean jarduteko estalkirik hoberena zen.

        — Dupont ez zen hobendun.

        — Argiki. Ez dakit zenbat ordaintzen zaituen Daniel Elgebeltzek ikerketaren eramateko, baina prest nago zu diruz laguntzeko. Bi mila? Hiru mila?

        — Euro erran nahi duzu?

        — Zer bestela? Frankorik baduzu oraindik ala?

        — Hiru mila...

        Miarritzeko itsasargiaren gaineko zerua gorrailtzen zihoan. Ilbarritzeko holtzak ukigarriki distirarazten zituen eguzki arrasatzaileak. Ur eremu karmina miresten nuen Marti Izoztaren txosnatik. Moltsa ireki zuen:

        — Argazki zaharkitu honetan denok gaude. Marxismo ikastaldi batean, Behorlegin. Hortxe duzu Txatxo. Potiko ederra. Emakumezko guztien gizona bezain gizonezko guztien emaztea. Zesar zuen gerra-izengoiti intimoa. Nehork ez dezala jakin orain agertu dizudana.

        — Zaude lasai. Satorra bezain mutua naiz.

        — Deituko didazu zerbait dukezunean? Egunerokoa histen didan garaiko buruhauste nazkagarriekiko haria ebakitzekoa dut. Jendeak, lagun proximoak, anaiak eta arrebak tresnatzat geneuzkan. Kausaren zerbitzu itsuan geunden. Ez dut ulertzen Janaren desagertzea. Inguru-minguru nabil malestruk rubikub zakar batekin bezala eta ez dut deus lortzen.

        Zanpa-zanpa igo nintzen autobus geltokira. Martik txabola zerratu zuen. Funtsean istorio tristea zen Janarena. Harrotasunak dolua zekarren eta viceversa.