7
Hiru egun libre banituen. Jaikitzean kiroleko zapatak ezarri eta laster izerditsu gozoa egin nuen ibaiak gurutzatzen ziren hirian. Nehor ez zegoen zubietan. Aturri gainean goiztirietako lainoak altxatzen ziren eta lau ubarroi begimendu nituen barnealdeko harrobietarik itsasorantz hegaldaz.
Pannecau karrikan gelditu nintzen ogia erosteko. Oraindik ostiraleko derbiaz mintzo ziren bezeroak:
— Putzukak ziren zelaian. Ekimenerako joera izpirik gabe. Ez dakit nola sailkatuko garen sasoia bukatzean. Balio du hainbeste diru sartzeak?
— Ateka larria baizik ez da. Akituak dira. Duten presioarekin... Txapelketa ez da erraza gero! Datorren asteburuan Tolosaren aurka beste istorio bat date.
— Zer nahi zenuen? —okina interesatu zitzaidan azkenean.
Izerdia neukan kopetan eta hozten ari nintzen. Normalean euskara murdukatzean negizkien hutsetan zuzentzen ninduen irri larderiatsuaz. Hor ez zuen denborarik eztabaida garatzen zihoan neurrian. Ernatzekoa nintzen Nolwen etxean zegoelako segur aski goseak hila eta, gainera, Elgebeltzen arrebaren desagertzeaz premiazko xehetasunak eskaintzear. Berantetsia nintzela aitor dut. Konkorrak, zaharrak, Sud Ouest besapean eta makila ferratuarekin klunkari ibiltzen zirenak okin plaxentaren kaxaren maldan abandonatu nituen.
Pixa urrinez perdukatua zen karrikan ogiaren kasko beltzarana ahoratu nuen, goizalde bakoitzeko atseginik lizunena bailitzan people find some reasons to believe kanta xuxurlatzen.
Ezagutzen ez nuen musika bat ipinirik, sukaldean zegoen Nolwen, kafe kikara ahurrean. Elgebeltzen paperak mirazkatzen zituen astiro. Samurki besarkatu ginen, musua trukatuz.
— Barkatu. Unatua nintzen barda.
— Denbora gure alde dabil. Lasai.
— Gosaria adelatu dizut.
— Ogi berria dakart.
— Super. Hotelean baino hobe nago hemen, Islandiako printzesa umil haren pare.
— Zein da aditzen dudan abeslari hori?
Xerrak gurineztatu zituen. Begiak begietan nagitu ginen. Isiltasun une sakonetik lekora zintzurrots eztia hauteman nion:
— Louise Ebrel da. Kan ha diskan kantatzeko moldearen berritzailea. Gwadeg izeneko hiru ahizpetako baten alaba. Hirurogeita zazpi urte ditu eta oraino DJ Shamanen teknologia lagun edo Les Ramoneurs de Menhirs hard rock taldeekin jotzen loriatzen da. Kanta eta arrakanta arrakastatsua dugu Bretainian. Agian konturatuko zinen Glenmorek itzul daitezela urrikizko haizeak abestia auhentzen zuen finis terrae muturretik nentorrela?
— Izenagatik. Baina izenak jagoitik ez du izan berezirik. Edonor edonongoa da. Eta erroak aldarrikatzea ez da baitezpada ongi ikusia, non ez diren ustekabean Louise Ebrel eta Maialen Lujanbio uztartzen.
— Esperientzia harrigarria liteke... Bidenabar zerbait ikasi duzu Moura villa panpoxa kukuxkatzean? Kaferik nahi?
— Bai eta ez.
Ihardespenaren uherraz jabetzen nintzen. Marieta elerran nuen. Pitt bull zakurra itzuri nuen. Palmondoa izartu. Etxea setiatzen zuen hesi gorakoia. Nolwen zutitu zen, hatzak sorbaldan balakari nabaritu nituen, potta lepondoan pausatu eta ziuntaz itzuli zen egongelatik karnet txiki batekin.
— Laurogeiko hamarkadako serial killerrarekiko argitasunak dauzkat. BAB alde honetan hiru neska gazte hilik gertatu ziren, bortxatuak izanik. Bat gainera Baionako besten garaian. Kondenatu zuten Dupont de la Cunaren itzalik handiena, naski, serial killerraren xendretan kausitzea izan zen. 1985ean Nicole Sukainaren hilotz hiroa Barran atzeman zuten ibiltariek. Aurkitu zioten DNA delakoa, geroago jakin zenez, ez zen aparentziarik ere Dupont de la Cunarena, baizik eta Amsterdamgo auzitegiak bizitza osorako kartzelara gaztigatu Adam VanVries herio-beilari likitsarena. Berria zabaldu zen, justu Dupont jaunak zigorra arras bete eta Fresnesko presondegitik askatu zutenean. Badakizu, alabaina, presoak ez direla baitezpada gozoak pedofiloekin eta bortxatzaileekin. Gontzak erabat puskatu zitzaizkion. Senda ezinki. Badu hamar bat urte Hego Landetako Txirlinga eroetxean zerratuta dagoela.
—Duponten argazkia eman zidan Elgebeltzek. Txostenean datza.
— Orain... —inkestagile profesionalaren arrazoitzeko dohaina zer zen bestenaz— sakontzekoa dugu, ea Janak nolabait Adam VanVriesen gurutzatzeko ahalmen izpia ukan zuen edo ez.
— Nola bada?
— Elina Saldo eta Natacha Kievoskiren kasuetan holandesarena ez zen DNA bereizi zuten poliziek. Beste harrapari bat bazegoen sasietan gorderik. Ez zen Dupont gizagaixoa. Zorionez, hala baderraket, kostaldeko lauzpabost gizonen bizkar geratu zen susmoa. Lekuko gisa azaldu ziren. Haietarik hiru lurpean daude engoitik... eta bat Alemaniako Wiesbaden hirian bizi da, familiatua. Nehork ez du hartaz gaizkirik erran geroztik.
— Bisitatxo bat egiten ahal genioke.
— Zer diozu...
Louise Ebrelen ahots kraskatu samurra jabaldu zen egongelako bozgorailuetan. Nolwenen begitartea soaz nuen: ninika berdeek Enez Eussa bustitzen zuen Iroise uraldearen lehorrak seinalatzen zizkidaten, eta Louise Ebrel ukigarriaren ordez, zin dagit orduan, hamalau minutuko itsasturien meteo-agiriaren harilkatzea jasateko gai nintzatekeela: marea apalaren tenoreak, haizearen norabidea eta indarra, olatuen goratasuna eta Bizkaiko Golkoaren aipamenaren nagitasun poetikoa. Galerna nigan iratzartzen zihoala, oheraino erdutu nintzen Nolwenen hatzetarik. Amodioaren tsunamiak gure baitako harresiak gatzez zuritu zituen, harpe sekretuetako belar gorriak malgutu eta zazpigarren uhinak intziriz etenik bota gintuen haragiaren asetasunaren hondartzara. Manera batez, Itaka deitzen genion zubirik gabeko sorterrira. Soka uhargiz elkarri estekatu Ulises emeak ginen. Pazientzia eskaseko Penelope zoharrak aldi berean.
Nolwenek arratsaldeko bietan hasten zuen zerbitzua. Alde egin baino lehen bideko orrialdea egitekoz beltzatu genuen. Lehenik behar nuen Moura villara joan eta atea bulkatuz sartzen saiatu, Daniel Elgebeltz poliziategira hurbilarazteko, kereila egitera. Bigarrenik Wiesbadenera joateko treneko billeteak sarean erosiko zituen andraideak —berrogeita hamar bedatsetan ez genuen arauz ohaide kuttuna neska-laguna izendatuko?, ala bai?—. Betekizunen zamak lehertuko gintuela iruditzen zitzaigun bederazka gure zereginetara zinpurtu ginenean: Nolwen bere bulegora eta ni, gaizkile arrunta, borta eta kofre zulatzera.
Kopetako argia ez nuen ahantzi, are gutxiago kisketen askatzeko aitak utziriko burdin barra baliosa. Ez nion konfiantzarik egiten Elgebeltz jaunari. Sinesten nuen Jana gizon boteretsuaren sotoan kuzkurturik eta erdi-gose harrapatuko nuela, Nolwenek ideia hori burutik kendu nezan erregutzen zidan arren. Telefilm amerikar sobera irentsia nintzen. Scully, Lili Rush eta Samantha Spade ziren nire heroinak.
Udaletxera lehiatu nintzen. Autobus linearen 11. zenbakia igurikatu nuen jende presatuen artean. Halimak mugikorra trebeki kilikatzen zuen, Jonas zigarreta bukatzen ari zen begia Errobi ibai azalean galdurik, Martinak paper purtzilikatuan kontuak zegizkien, Margitta bere buruarekin mintzo zen goraki:
— Zer uste du Frantxoa astapito horrek? Hola eta hala kanporatuko nauela? Etxearen jabea ni naizela oroitu dadila. Urde zikina. Sosik gabe bazterretsiko nauela? Bazauzu zuri? Labana alimalea erosiko dut eta bihotzaren hondoraino sakatuko diot. Nahi dudan gizonarekin ibiltzeko eskubidea daukat, ez? Gastonekin ez naiz txarto. Ezagutzen duzue Gaston? Ez tapatu belarriak: Gaston Poitevinekin dagit larrutan, gogotik, gustura, ausarki... Harritzen zara... pertxenta inutila!
Hatz erakusle minez makurtua kendu zidan papo ertzetik. Lotsatu nintzen. Tu birla potoloa botatu zuen Jonasen oinetara autobusera iragaitean. Jonas hats gaiztoan zegoen, Halimak begi-keinuz zainetan jartzeak abantaila handirik ez zekarrela ulertarazi zionean. Gure mundua zen. Batek bestea ez zezakeen soporta eta plaza publikoan barreiatzen ziren zoko pribatuan hazi gorrotoaren landare zizkolatsuak, herrietan egiten ziren behialako berdura ozpintsuen antzera: g minuskula daramaten guztiek haztatu bitzate nire malurrak eta M maiuskularekiko malurrak lehertu bitza guztien bizitza-tirriak betirako guztiek paira dezaten nik gaur sufritzen dudana. Ez bedi barkamendurik izan nehorentzat.
Margitta karrankalaria Itsuaren Zubian jaitsi zen eta nahikoa lasai egin genuen Xibertarainoko bidaldia.
— Mertzi biziki eta laster arte...
Gurasoekin ikasi moldeez gogoratzen nintzen, bost axola zitzaion txofer mozkoteari mertzi biziki ahoskatzean. Hobiaren harainditik amaren eztul idorraren zintzur karraka berrautematen nuela ziruditan. Ustel usaina. Harrak eta zizareak.
— Zozokeria ederra eginen dun etxe horretan baimenik gabe menturatuz. Ez haugu horrela altxatu.
— Baina ama? Egia behar dixit.
— Ikusiko dun noizbait egia ez dela gezurraren alderantzizko elea. Edo ez bakarrik hori.
— Ama, xure filosofia marmarkaria etxit jarraitzen ahal.
— Nahi dunana eginen dunala bazakinat...
Harrak eta zizareak. Hezur klaskak. Eztul idorraren zintzur karraka. Aspaldian mineralizatua izan arren, ama noiztenka zinez agertzen zitzaidan aholkuak emateko eta kontuz ibiltzea otoizteko. Bitxiki, gure ama-alaba harremana bizitza denbora luzean baino garatuagoa zen heriotzaren eternitatean. Hobiaren sakonetik agian askeago maitatu nintzakeen auzoen eta sendien erran-merranetarik libratuz. Hausnar hitsaren maelstromean igeri nenbilen Moura atzealdeko horma gainditzera nindoala. Pitt bulla jazarroi hurbildu zitzaidan eta lo-erremedioz busti txitxi mokorra aurtiki nion. Taloa bailitzan erori zen lurrera. Sartzen ahal nintzen. (Ez dizut salatu, irakurle, Elgebeltz senar-emazteak oski denda aberatsean zeudelakoaz segurtatu nintzela autobusera nindoalarik. Ez nuke buru bero-arin-xoxoetarik naizela pentsa dezazun nahi).
Baionaratzean berean utzia zuten egitura hidraulikoa. Arraposki sugetu nintzen. Kaskoko argia piztu nuen Arditurriko erromatar meategietako zainetan barna lerratzeko bezala. Bihotza pilpiraz nabaritu nezakeen, mende laurdena epaileek pausatu zigiluak ez zirela kantitu ohartzean. Eskuargiaz urratzen nuen bidea. Errota handia bihurdikatuz ireki zitekeen sarreraren parean nintzen. Gidoina itzulikatu eta huts-hutsa zen betoinezko ezkaratz hotzean nengoen:
— Jana?
Erantzunik ez. Errautsarena baizik.
— Jana?
Sotoko borta nagusian Euskal Herria ez da salgai lema idatzi nuen barratxoaren mihiaz. Nitaz harro nintzen. Segurua zen Elgebeltz poliziategira ernatuko zela. Kexu gorrian.