Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

15

 

Arranpaz malgor esnatu nintzen. Begiak nekez irekitzean eta Scullyren txanpa xeherik ez entzutean, iragarri nuen adiskideek, ainarek larrazkenetan bezala, lekuak hustu zituztela lotan nengoela.

        Nolwen bere bulegoan zegoen. Norbaiten esku-ukaldia onartuko nuen ohetik altxatzeko. Trinkili-trankala jaiki nintzen eta sukalderatu, batetik ziperraren arintzeko erremedioak irenstearren eta bestetik goizetan premiazkoa nuen kafe beltz-beltzaren berotzearren. Leihotik beha geratu nintzen: nork zafratu ninduen?, zergatik ezkutatzen ziren Darth Vaderren maskaren azpian?, zer zen diru istorio hori? Puska ederra zen gero! Kafe makinaren burrunba hatsankaria hauteman nuen. Kikaretara gotorra bete eta mirailaren parean plantatu nintzen: bandez eta ubelduraz josirik, ez nuen seduzitzaile aire izpirik.

        Zerbitzua eguerditan bukatzen zuela berresten zidan Nolwenen hitza aurkitu nuen mahaian. Oporretan nintzen ni neu. Ohargarria zen astebete jada elkarrekin izanki eta lanarengatik apurka baizik ez ginela juntatzen. Ordutegi zitzikatuak genituen, sendien iraupena bera zalantzan jartzeraino. Lana, familia eta harreman sentimentalak baino garrantzitsuagoa bailitzan. Elediak bukatzean betidanik aditzen nuen:

        — Zertaz kexatzen zira? Ahalkeizungarria! Lanaren edukitzeaz pozik behar zenuke. Gainera argi dago alferrentzat baizik ez dela lanik...

        Irri gordinez lehertzen zitzaidan mintzaidea. Munduko zirtorik erranguratsuena ahoskatu bailuen. Baina egiaz ez zen erraza. Nolwen nahi nuke aldamenean 24/24etan, gauez eta egunez, egunez eta gauez. Bereziki kinka larri honetan etxean gelaz gela herresta nindoanean. Jakizu, irakurle, azkorri berantiarrean ez nituela zapata arrosak oinetan eta Osasunari zortzi ttantto sakatu zizkion Barçaren kapelua buruan, ibaiak gurutzatzen ziren hirian lasterka izerditsurik egiteko gutiziarik. Panpina hautsia nintzen. Eta ez nekien zergatik. Nolwenek agian arrapostua ekarriko zidan, ezen Poliziaren artxiboetan eskualde honetan agitu banku ebaste edo bestelako sos trafikoren herexak bilatuko zituela segurtatu baitzidan. Aski nuen igurikatzea. Prestuki.

        Baina ezinegona nuen. Hamarrak ziren. Zokori telefonatu nion. Berehala etorri zen, makulu urdinak eskuan, bakarrik. Mailetan behera jaisten lauhazkatu ninduen, kopeta zerratzen zion oihala ahurraz atxikiz. Hegi brodatuekiko bela hautatu zuela konturatu nintzen. Zoragarria zen. Deborah zorte onekoa zela neritzon. Sanandresko aparkalekuan zeukan autoa. Matoarekin funtsean aiseago ari nintzen, zahar kurkuildua ematen baldin banuen ere. Ezagun neuzkan lau herritarrek, agurtzean, lelo berdina berritzen zidaten:

        — Zeeer? Senarrak joa ala? Merezi zenukeelako? Gauzak ez dira debalde agitzen. Dena dela, ez zaitu huts egin...

        — Senarrek emazteak derrigor ukabilkatu behar baitituzte? Nondik duzue sineste zakar hori?

        — Gure amen denboran horrela zelako dizut erraten. Emazteak eta haurrak larderia pean atxikitzen ziren.

        — Ez dut senarrik.

        Emazte mozkoteak marrumaz ari ziren. Batek zioen: baluke ba baten beharra! Eta besteak erreferaz: xuxen martxatzeko alaina... Atso laukoteari ez niolako duinki erantzun, Zokoren erasiak erdietsi nituen autoan sartu eta Basusarriko norabidean urtzean. Adinekoenganako errespetuak mugak bazituen edozein kulturatan, nire ustez. San Leongo borobileko suetarik batean geratu ginen. Jean Dauger zelaia neurtu nuen begiz: hondar derbian axolagabea eta inuzentea nintzen. Daniel Elgebeltz hurbiltzera utzi ez banu, libre nintzatekeen arras. Ordez kolpaturik nenbilen: zuela mende laurden pasako Janaren desagertzea misterioa zen, eta iruditzen zitzaidan zango-sagarretarainoko lokatzean nindoala, trunpiloen tipi-tapa kakolatuz. Zokok, DG markako betaurrekoak sudurrean pinpirin, begiratu ninduen amultsuki.

        — Zurekin noa Jimmy Sevranen kofesatzera. Zer gerta ere. Mesfidatzen naiz.

        — Mila esker, Zoko. Zorretan nago zuekin.

        — Ez da zorrik adiskideen artean.

        Ona zen Zoko, Ben Aliren atzamarretik askatu berri zen Tunisiako gozoki sukratua bezain. Barre minberatsuz zirrimarratu nuen matelaldea. Europako buruzagi gehienentzat, zorra hiritar arruntenen gaztigatzeko eta biluzteko aitzakia baldin bazen, Wittig tabernan biltzen ginenontzat, bizitza bastatzen zuen oparia baino ez zen. Minarengatik mututasunez tinkaturik, zorraren estakuruz gaiaren ileetan zorriak nituen bilatzen.

        Jimmy Sevranen gazteluranzko xendrako zuhaitz makurtuen lerro bikoitzaren erdian pentsamendu-tximistak zitzikatu ninduen: Zoko, Benji, Derartu, Cheirch, Ilham, Hicham, Nguyen, Mbonbo edo Shirim ez balira gure artean, hutsa eta pobrea liteke mundua, zaporerik, kolorerik, soinurik eta usainik gabea, segurtasun (in)finitu meta nazkagarria, muturretaraino larrutuko gintuen biolentzia birla, hots. Ez zuten migranteek lurra xurgatzen, desorekatzen, izpirituz hutsalagoa moldatzen, nagusi politikarien zakur fidelek saturatu irrati-uhin zekenetan ardura entzuten zenez. Zokoren esku-azalean musua pausatu nuen.

        — Uste dut heldu garela.

        Baratzeko hesiak aizolbetu zuen Zokoren Clio makatua. Ezkerraldetik ihiztorren zaunka gosetiak hauteman genituen. Pirinioetako alimaleko zakur zuria hurreratu zitzaigun garaila xehean ibiltzen hasi orduko. Makulurik ez nuen higitu. Zoko saihetsean dardarez nabari nezakeen. Ez ginen sobera fida.

        — Vicious! Tegira... agudo! —gizon mehakoilak pozik zirudien—. Vicious? Nire iragan punkia ez ahanzteko. Jimmy naiz. Jimmy Sevran. Musika ekoizlea. Zatozte eta hemen zergatik zaudeten esplikatuko didazue.

        Hollywoodeko zinema alorreko marrazoen maneran karkazail gurintsua bihikatu zuen. Urrezko diskoak zeuden hormetan zintzilikaturik, zilarrezkoak, brontzezkoak, platinozkoak, Mendeleieven taula periodikoaren 118 karratuetan kokatu metal bakoitzeko borobilak. Trenputxartuko nintzela sentitzen nuen. Iraultza Aurreko aulki erosoa proposatu zidan Jimmy Sevranek.

        — Eta?

        — Jana Elgebeltz gaixoaren kotxea skuatatu zenuelako nahi zintugun elerran —zintzurra karrakatu nuen—. Janaren desagertzea ikertzen ari gara.

        — Astakeria franko egin nuen eta genuen gazte denboran, baina ez genuen nehoren bizitzarik kaltetu. Badakizu... Nola deitzen zara?

        — Amaia Ezpeldoi, zure zerbitzuko.

        Gizonak egun latzak pairatuak zituen, alkoholez, drogaz eta borrokaz mozkor. Labankada ugarien orbainek salbaitzen zioten kopetaldea. Zakilots taldearekin mugaren bi aldeetako taberna likitsenak udalandu zituela aitortu zigun harro. Soka hautsiekiko gitarra zaharra lekuko eskumenean:

        — Nahi baldin baduzue gure hit bat joko dizuet...

        — Ez, mila esker, Jimmy. Gosaldu berriak gara.

        — Euskaldunegiak zarete kalitatezko musikaren estimatzeko.

        — Pentsa! Alison Krauss eta Anari dabilzkit buklean auto-irratian —oldartu zitzaion Zoko—. Eta dakusazunez, ez naiz hain euskaldun zintzo, suhar eta planttakoetarik.

        Oilarkeria bulta ahitu zitzaion. Jimmy lasaitu zen. Mintzatzen ahal ginen serioski. Ilaina inarrosi nuen:

        — Janaren Renault 12 berdexka zure habia izan zen bi hilabetez bederen. Zer ikusi zenuen? Segur naiz gauza anitz begimendu zenuela.

        — Maiz mozkor izan arren, ez nintzen itsua. Eskale alfer eta urrintsuez gain, gauez bereziki, jende bitxiak hurbiltzen zitzaizkidan. Atzeko jargietan kuzkurtzen nintzen. Taldean zetozenek nire presentzia sumatzen zuten eta zaplakoz kanporatzen ninduten. Labana erabil zezaketen. Beldur handiko uneak jasan ditut Janaren beribilean. Espero nuen, jabea noizbait sekretuki itzuliko zela. Polizia etorri zen eta preso eraman ninduen nireak ez ziren puskak andeatzeagatik. Hiru hilabete iragan nituen kartzelan. Eta urte erdia baratze zain. Preso lagun ohiekin, dirua zein ospea ekarri zigun Zakilots taldea sortu nuen. Kartzela onuragarria gertatu zen niretzat. Gainera, ama egun oroz zetorkidan bisitan Villa Chagrinera...

        Zoko eta biok jargia nasaietan iltzatuak ginen. Ez zigun bada bere bizitza mindulina osoan kontatuko? Saihets hezurretako mina iratzartu zitzaidan: ai ene! Bekaineko banda aldatzekoa nuen. Epel eta mamitsu isurtzen zihoakidan odola hatzaz balaka nezakeen.

        — Senarrak jo zaitu ala? —Jimmyk.

        — Ez baitezpada. Eskaileretan erori naiz.

        — Hori diote denek.

        — Goazen harira: argazki honetako norbait autoaren inguruan kukuxka zelataturik gogoratzen zara? Garrantzi handiko afera da.

        — Aurpegiak arrotz zaizkit... Baina... zaude... trenbideko pezoiaren gibelean txülüla jotzen ari nintzen gau batez... lau kide maskaratuk nire gordagia aldrebeski miratu zuten. Ttottogien peko eta kofreko tapizak idoki zituzten errautsarekin batera. Zerbait bilatzen zuten... errabiaz.

        — Droga? Armak? Dirua?

        — Nola nekike? Polizia sekretuak ziren. Laurogeiko hamarkadan karrika kantoi guztietan espioiak zutuntzen zirela jakina da, bereziki GAL taldearen hilketa sailetik lekorako hilabeteetan. Non bizi zineten bada zuek?

        — Ni, Porte d'Ivryn eta Zoko Carthagon.

        Erantzunaren estrainioak harritu zuen Jimmy. Ninikak betzuloetarik jazarri zitzaizkion ping-pongeko pilotatxoak bailiran. Ez nuen ulertzen zergatik, ezen Ivryz eta Carthagoz beste leku sordeiagorik baitzen lurraren azalean.

        Ahoa zabaldu zuen kopeta ezkel:

        — Azkorri batez argazkiko bi emazteak aurrandetu nituen Santizpiritu zubitik Renault 12raino. Biratu eta laburki ele elkorrak trukatuz alde egin zuten. Triste eta etsiak ziruditen.

        — Eta gero?

        — Lagungarri zaizukeelakoan: lau maskaratuetarik bat enano zaintsuaz segitua zebilen eta abere erraldoi bodybuildatua zen... begi bakarra zeukan kopetaren erdian... Biharamunean berean jin ziren hedexuriak autoa eta bere jabea lekutzera. Manu militari. Skuatetako espultsioak hala egiten baitziren.

        Bezperako zauriek pairamena biderkatzen zidaten. Artamenduen tenorea nuen. Jimmy agurtu eta kotxean sartu ninduen Zokok. Alison Kraussen blues zohardia belarrian, begiak hertsirik, hasperen eta intziri pilota bat nintzen. Santizpiritu zubian atakatu nindutenen gorputz traken soka xerkatzen nuen memorian. Ez zen aise, Darth Vader zaleek atzetik harrapatu nindutelako.

        Auhenez leher eginik, Jimmyren erranetarik atera nezakeena laburbildu nuen: Janaren ibilgailu alboratuaren tokitik, antza, jende mota ezberdin asko pasatu zen. Garai hartan, irudiz, Janaren familiaz gain neskatxaren destinuaz bereziki interesatuagorik bazen bazterretan.