Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

5

 

Igande azkorrian iratzartzean ez nintzen gutxi harritu ohe aldamenean Nolwen Kergelen nuela erreparatzean. Gaueko autobus zoharrean urtu ginen bakoitza bere egoitzetara itzultzeko. Laurak eta erdietakoa hain zuzen. Nahikoa edanak ginela oroitzen nintzen. Argi-zirrintan, saihetsean neukanari behakoa umatu nion: erdi biluzik zetzan eta orduan ez zuen ematen hedebeltz izugarrien kapitaina zelakorik. Mirailean ikusi nuen neure aurpegi xifritua: «Ohitura nazkagarria! Arropetarik norbaiten jujatzeko jaidura hori. Egiazko euskalduna haiz. Epaitu eta epaitu ari haiz hire harresi propioen indartzeko. Aldatu hadi behintzat».

        Kasko-leizean burumuinaren bi zatiak elkarri kuskaz ari zitzaizkidan. Riesling ardoa gozoa zen aho sabaian, freskoa zintzurrean eta sutsua sabelean. Ezpainak idor nituen eta ez nekien zehatz non nengoen. Sukaldean irratia piztu nuen. Mezaren tenorea zen: barnealdeko elizako apezaren ahotsa sartzen zen, ahuntz dardaratia bailitzan; gizonek galerietarik eta emazteek beheretik intzirikatzen zuten urrikal zakizkigu errepikatuegian. Zerbait zen bestenaz: gure herrian igandea ez zen igandea meza saindurik gabe. Fededunak alta urritzen zihoazen nahiz eta katolikoak, islamisten ildotik, arrakonkista fasearen burbuilan itolarrian zebiltzan. Baionako apezpikuak herritar laxoegiak eginbehar suharretara akuilatzea zuen helburu, behorren krasturuaren hertsatzea eta zakurren lepoko uhalaren laburtzea.

        Leihotik so gelditu nintzen. Niniken panoramikoaren zedarrian sudur zuloak kilikatu zizkidan Daniel Elgebeltzen txostenen paper zokil usainak. Hatz puntaz azalaren azpian gorderiko argazkiak barreiatu nituen. Lehenik Janarena, zuri-beltzean, hogeita lau udaberriko neska agradagarria... hila baldin bazen, zergatik ez zen gorputzik nehon atzeman eta, alderantziz, bizirik bazegoen, zertarako ez zion familiari bederen berri izpirik helarazi? Bigarren potreta bi zatitan banatzen zen: Jimmy Sevran punk abeslaria denboran eta mende laurdena geroago Basusarriko bere etxe neoeuskaldunaren sarreran. Hirugarrena uherragoa zen; urrunetik eta alanbreetarik ebatsia zirudien: Christophe Dupont de la Cuna, hamabost urteko zigorra konpliturik Landetako Txirlinga eroetxean kateztatua.

        Kafe makinaren hotsa hauteman nuen. Esnatua bide zen Nolwen. Sukaldera lehiatu nintzen. MP3 irakurgailuaren entzungailuak belarrian, lau egun zaharreko egunkaria hostokatzen ikusi nuen. Nire agur ozenak ez zuen alabaina durduzatu. Nik behiala abandonatu moldean zegoen ohantzean, arinki beztitua, armairutik kikarak eta anaiak ekoiztu ezti ontzia jalgitzen. Nitaz konturatu zen.

        — Etxean bezala egiten dut.

        — Bai, egizu.

        — Uste nuen joana zinela. Ohe berean lo egin dugu?

        — Naski.

        — Eta zerbait gertatu da?

        — Istripu bat erran nahi duzu?... Ez, ezer ez. Baina zure zalantzen arabera zer edo zer gerta zitekeen. Kasik larru-has miresten zaitudanean, koilaratik eztia sentsualki ezpainetaratzen sarraski erotikora deitzen nauzula dirudit.

        — Doi-doia ezagutzen gara.

        — Nortasun kontrol gihartsua egidazu...

        Kristalezko karkaraz lehertu zen. Eztiz mukuru zeukan ahoaz nirea irentsi zuen aiko-maiko izpirik gabe. Noski, ez genuen pasaporte edo agiri baliodun beharrik muga intimo hauen zeharkatzeko. Argi eta garbi zegoen.

        — Eguerditan hasten zait laneko txanda.

        — Ordutegi bereziak dituzue.

        — Zabor-biltzaileenak bezain bitxiak dira. Bizitza pribatua debekatzen dizutenetarik. Eta zuk, zer xede duzu?

        — Badakizu astia dudanean detektibe rural zereginetan nabilela. Korrika egitera joango naiz Angeluko hondartzetara, gau serenako hordimenaren hatzak ezabatzeko; eta harri batez bi txori, ikerketa manatu didanaren egoitza kukuxkatuko dut.

        — Laguntzen ahal bazaitut, pozik nintzateke.

        — Bilatu iezazkidazu Baionako Poliziaren artxiboetan Jana Elgebeltz anderearen desagertzearen inguruko xehetasunak. Ez daukat konfiantzarik Danielengan.

        — Amaia... ez jujatu!

        — Euskaldunegia naiz.

        — Baiki.

        Firurika jantzi zen Nolwen. Galtzak eta soineko arina. Nola film arrosetan, hala musukatu ninduen apartamentu atarian. Ez zen behereko santsanak begiztatuko eta gero tea-partyko bere adiskideei kontatuko zienaz lotsa. Hoteletik pasatu behar zuen.

        — Deituko dizut. Sarri arte.

        — Amodio tximistariarena jolasten ari zatzaizkit ala?

        — Zergatik ez? Libre nago. Zu ere bai. Zerk trabatzen gaitu?

        Eskaileretan behera punpari jaisten aditu nuen. Right baby: zer edo nork debekatuko zigun bide puska baten elkarrekin aztalkatzeko ahalmena? Anitzetan guhaurk genuen gure burua bahitzen, jendeak salatuko zituen desira eta nahikunderik ez zezan ukan. Gehiago zena, dena debekatua zen munduan jarduten genuen: erretzea, larrua jotzea, loditzea, haserretzea, bozkariatzea, mozkortzea, bakarrik bizitzea, nagusiaren baimenik gabe pixa egitea, gurintsu jatea, pobrea izatea. Kiroleko zapata arrosak oinetan finkoki sokatzean banekien zerrenda etengabe heda nezakeela. Big Brotherren erresuma trinkoan hargatik egunerokotasun sekretu eta mutura zeraman zirrikitua bazen. Jim Morrisonek pertzepzioaren ateak deituko zituen Aldous Huxleyren ipularrari jarraituz. Ondorioz, sarearen ziberrabantailak ukatu eta zuzeneko harreman txepelak hobestekoak ziren. Nolwenek deituko ninduen beraz.

        Itsas Lamien Korrikaren ibilaldian izerdiaren botatzea erabaki nuen. Itsaso aldetik partituz. Jende franko bazen nire antzera izerdiz bellitzen. Dirua zuten aipagai. Zenbat kosta, zenbat balio, zenbat ordaindu, zenbat irabazi: igandeetako terrenta bilakatua zen arditaren gaia. Sosa zuhur zegoelako marka. Urratsez urrats Zaldunak, Dunak, Madraga, Kortsarioak eta Marinella plaiak zangoztatu nituen, airearen gazia larruan akuilari. Haize buhakoak motzak ziren eta lainoak beltz Miarritzeko faroaren alde gainean. Iruditzen zitzaidan abiadura biderkatzen zihoakidala Nolwenen proposamen lizunaz gogoratzean. Eta zer? nioen makadamez estali Hondartzen Etorbidera bihurtzean. Apirila izanagatik haurrek izozki arrosak zeuzkaten ahurretan eta adinekoek txapela kuriosak itzal egile.

        Pinuen gerizpean eta golf zelaiaren kantoian aurkituko nuen Daniel Elgebeltzen villa munttoa. Hogeita hamahirugarren zenbakian. Bizkitartean ziklobidean nenbilen, txirrindularien tutei kasu emanez eta lasterka ni baino agudoago bazebiltzanak aitzinatzen utziz. Moura etxearen parean nengoen. Hatsa hartu eta lasaiago sentitu nintzen. Kopetan behera begi hondoak mikaztuz zetorkidan izerdia lehortu nuen esku gibelaz. Zin negien hurrengo aldian ez nuela Azkaineko Neska-Korrikako oihalaz burua troxatzea ahantziko.

        Arbola gorakoiez setiatua zen Moura. Brikazko horma zakarrak xingolatzen zituzten zuhaitzek. Ongi babestua zen Elgebeltz. Botoi ezberdinak ageri ziren sarrerako estankan, seguritatea biderkatzeko. Ahots goragailua eta giltza magnetikoaren sakatzeko zulotxoa. Daniel Elgebeltz paranoikoetarik zitekeen, Bronx zelakoa ez zen Angelu hiriaren hegian horrela barrikadatzeko. Ez nuen ulertzen. Edo bai, okituak deus gutxirekin izutzen ziren, larru kolore ilunegia edo adin hotzeko gaztearen keinu zehaztugabea, pitt-bull gosetien muturretakoak askatuz gobernuei are polizia eta lege (z)iniko gehiago amoinatzeko prest. Sareko txat guneetan anonimotasunaren bizkar laxatzen ziren: herio zigorra bai ebasleentzat, milizia pribatuak bai auzo dirudunetan, defentsa legitimorako deretxoa bai gatazkak garatzean. Mourako parkeko garailak higitzen zihoazkidan oinpean. Kamera zelatariz inguratua zitekeen. Elgebeltzek mirazkatu nindukeen. Andre batek brauki eta pistola girgilaren mehatxuaz ireki zidan kirilla:

        — Zer nahi duzu?

        — Daniel Elgebeltzekin hitz egin.

        — Mezara joan da. Baionako Katedralera. Ez dakit noiz etorriko den. Zer ari naiz ni arrotz batekin elestan? Alde hemendik eta agudo. Poliziari deituko diot bestela...

        Aski zuen botoi gorria zapatzea. Hedexuriak bost segundo barne hor ziratekeen. Aberatsenek indar-zerbitzuak edonoiz meneko edukitzeko deretxoa lortua zuten, BABko txiroagokoek mendeak igurika zitzaketelarik larritasun bat edo beste agitzean. Iragan udan, adibidez, ZUP Handiko eta ZUP Txikiko gazteak lerroan borrokatu ziren Gaskoien plazaren azpiko belardian. Inor ez zen kantitu. Ez zen xerkatu zergatik garatzen zen pataska misteriotsu hori. Nork piztu zuen ito ezinezko sua. Utzi ziren jendeak beraien kezka, galdera eta ezintasunekin tematzen.

        Zilarrezko pistola eri puntetan oldartu zitzaidan anderea, beraz, Marieta zen. Alatxilintxoia! Kizkurgileak zituen ileetan, oraindik ere ganbara-jantzia zeraman soinean, zakur kanixeak zetozkion atzetik txanpari: kazetariek goretsiko zuten egiazko emazte plaxenta zirudien. Elgebeltzen harripe gotorra erromatar behe-inperioko villa baten ereduan marraztua zen. Lau zutabe doriar zituen bortatxean, marmolezko mailak ataurrean eta xendrari zerraizkion lore peza zainduak. Palmondoaren maldan labea zelatatu nuen. Elgebeltz sendiak errezibitzen zekielako seinale.

        Sirena hotsak entzun nituen Hondartzen Etorbidearen ekialdetik. Zegoeneko lasterrez jarraitzeaz beste aterabiderik ez neukan. Zanpa-zanpa erdutu nintzen. Munizipalak Mouraren parean geratu ziren arrastak zapalduz. Telesail amerikarretako agenteen antzera zebiltzan gero, sorbaldak borobilduz, lepoak tiratuz eta betaurreko beltzak orekatuz. Marietak lasaitu zituen. Ez ninduen salatu. Agian Danielek aipatua zion arrebaren bilatzeko detektibe batengana zuzentzeko xedea. Bikote sendoaren itxura oparitzen zuen Marietak. Asperdura zerbait ere naski.

        Leher eginda iritsi nintzen Barrako autobus tokira. Itsasoa eta lainoak antzekoak ziren: gris baino grisago. Eki leinuru herabea ausartu zen. Daniel Elgebeltzen afera burutik ezabatu nuen, autobusa bideratzean hasi zen euri lodi zaparrada begiztatzean. Salbatua nintzen. Arranguratu egin ninduen Marietaren itxurak: ez, ez nuen sekula barne-emakumea izan nahiko. Menaiaz, sukaldeaz, haurrez, senarraz —hori ez, hori ez...— axolatu beharraz laburbildu bizitza jasangaitza lekidakeela nioelarik, Baionako Herriko Etxeko Libertate plazan nengoen.

        Zortziehun metro gelditzen zitzaizkidan Pannecau karrikaraino. Korrika estali nuen distantzia, zipoak ekidinez. Uhar bortitzari ihes neraman abiaduran Aviron Bayonnaisko edozein jokalariri irabaziko niokeen sprintean: parioak libro...